GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak 2006-03-16
Aimar OLAIZOLA eta Oier ZEARRA
«Ogeta frontoi ona da erasorako, defentsan izaten dira komeriak»
·Elkarrizketa

Binakako Txapelketa irabazteko hautagai nagusiak direla esan genuen orain bi hilabete eta erdi, eta, finalaren atarian, esandakoari eusteko arrazoiak baditugu. Ligaxkako lehen norgehiagoka Irujo eta Eulateren aurka galdu zutenetik, ez dakite 22ra ez iristea zer den, eta bide onetik jarraitu nahi dute helburu bakarrarekin: bi aldiz zulo berean ez erori.

Gizon lasaia da Aimar Olaizola eta hiru txapel jarraian irabazteko aukera pare-parean izateak ez du bere patxada apurtu. Buruz Burukoa irabazi zuen lehenik, Lau eta Erdikoa ondoren, eta orain, urrats bat baino ez zaio falta Binakakoa buruan janzteko.

­Finalerako dena prest al daukazue, Aimar?

Azken saioak egin ditugu eta baietz esan beharko. Egun hauetan entrenatu baino gehiago, deskantsatu egin behar izaten da, eta finalera ahalik eta ongien iritsi. Horretan saiatu gara, Ogetan pare bat entrenamendu lasai egin ditugu eta denok igandean pentsatzen hasita, bai.

­Ogetari neurria hartzea. Hori izan al da helburu nagusia?

Bai, urtean ez dugulako gehiegitan jokatzen han, Andra Mari Zuriaren Torneoan ez bada behintzat. Baina final guztien aurretik egiten dugu hori, ez Gasteizen bakarrik. Ogeta erasoan jokatzeko frontoi oso egokia da, defentsako lanean etortzen dira komeriak. Nik nahiko oroitzapen onak ditut han jokatutako partidetan.

­Beste guztiei urduri jartzen hasi ote diren galdetu diet. Baina zu finalak jokatzen nahiko ohituta zaude azkenaldian.

Nik alde horretatik ez dut inoiz arazo handirik eduki. Beti izan naiz pilotari nahiko lasaia eta hau ez da lehenengo finala. Oraingoz lasai nago, baina argi dago partida eta final denak ezberdinak izaten direla eta ezinegon pixka bat ere beharrezkoa dela, batez ere finaleko egunean bertan.

­Txapelketan galdu duzuen neurketa bakarra Irujo eta Eulateren aurka galdu zenuten.

Nik beti esaten dut norgehiagoka guztiak ezberdinak izaten direla, ez hura galdu genuelako, bestela ere berdina esango nuke. Guk gaizki jokatu genuen egun hartan, zalantzarik gabe Irujo eta Eulate oso maila onean daude eta zerbaitegatik iritsi dira finalera. Baina gurea emanez gero, aukera asko ditugu irabazteko.

­Pilota aukeraketan zerbait berezia espero behar al da?

Hori beraiei galdetu beharko diezu. Guk orain artean ez dugu inolako arazorik izan, beraiek izan dira pilotekin gora eta behera ibili direnak. Espero dut arazorik ez egotea.

­Goizuetatik hurbilduko al da jenderik Gasteizera?

Bai, zalantzarik gabe. Lau pilotariok izango ditugu laguntzaileak ikusleen artean, normala den bezala. Aurten sarrerekin izan dira arazo asko, jendea konturatzerako sarrerarik gabe geratu delako. Girorik ez da faltako Ogetan eta niri behintzat horrelako egunak gustatzen zaizkit pilotan jokatzeko.

­Berriz ere izango dira garestiak finaleko sarrerak horren azkar saltzen badira.

Hala da. Beti komentatzen dugu sarrerak oso garestiak direla, baino garestiago jarrita ere nik uste saldu egingo liratekeela. Azkenean egun berezia da eta jendeak gustura ordaintzen du eskatutako guztia.



«Bizkaia Arenan jokatzen hasi beharko dugu agian»
Oier Zearrak bere lehen final handia jokatuko du igandean Ogeta pilotalekuan. Bizkaitarrak, ordea, urte dezente daramatza esku pilotaren goreneko mailan, eta finalak ez dio burua galarazi. Komunikabideen hatzaparretatik ihesi egin nahian ibili den arren, azkenean lortu dugu galdakoztarrarekin hitz egitea. Hauexek bere hitzak.

­Finala badator Oier. Zer moduz zaudete hiruzpalau egun baino falta ez diren honetan?

Ongi, ongi. Aurreko ostegunean eta astelehen honetan ibili gara Ogetan entrenatzen eta sentsazio oso onak ditugu. Aimar eta biok fisikoki oso ongi iritsiko gara finalera, eta ez daukagu arazorik alde horretatik. Material hautaketa egin eta igandea iristeko irrikitan.

­Ogeta pilotaleku nahiko berezia dela diozue. Pilota mota bereziren bat eskatuko zenuke ala orain artekoarekin konforme?

Ez. Txapelketa osoan ez dugu arazorik jarri materialarekin eta ez gara orain hasiko horretan. Konfiantza badut hautatzaileengan eta Ogetarako material egokia jartzen asmatuko dute. Nik, behintzat, ez dut arazorik espero pilotekin.

­Eta zer esan dezakezu Gasteizko pilotalekuaz, dioten bezain arriskutsua al da?

Frontoi zorrotza da oso, baina egia da, beharbada, pilotalekuaren ezaugarriak gehiegi ari garela komentatzen. Defentsan jokatzea zaila egiten da, baina laurontzako pilotaleku bera izango da eta ez dut uste frontoiak finala horrenbeste baldintzatuko duenik.

­Ligaxkan galdu egin zenuten Irujo eta Eulateren aurka 22 eta 17. Erreferentzia horrek balio al du finalaren irakurketa egiteko?

Dagoen erreferentzia bakarra da. Txapelketa honetan beraien aurka partida hori baino ez dugu jokatu eta orduan gehiago izan ziren. Hala ere, ordutik ­urtarrilaren 6an jokatu zuten­ gauzak asko aldatu dira. Uste dut bai eurek eta bai guk gorantz egin dugula lehiaketa aurrera joan ahala, baina edozein modutan saiatuko gara egindako akatsak ez errepikatzen.

­Finalerdietan lana beltz egitea egokitu zitzaizun Asier eta Iñakiren kontra. Irujo eta Eulate ez dira, bereziki, lehia luzatzera joango diren bi pilotari.

Hori ezin da sekula jakin, eta are gutxiago final batean. Nik uste dut bi aurrelariak errematatzaileak direla, eta, normalean, tantoa azkar bukatzea gustatzen zaiela. Baina Irujo kolpe handiarekin dagoela ikusi dugu eta, hala nahi izanez gero behintzat, lehia asko gogortzeko ahalmena badu. Beraz, mentalizatuta joan beharko dugu partida gogorra ateratzen bada sufritzeko eta defentsan lan egin behar bada, ongi erantzuteko.

­Pertsonalki pozik egoteko motiboak badituzu. Uda gogoangarria egin zenuen eta Binakakoan ikusi da gora iritsi bakarrik ez, hor eutsi diozula.

Bai, egia da. Azken urte hau niretzat oso positiboa izaten ari da emaitzei dagokienez. Enpresak ere konfiantza handia eman dit eta niri gustatuko litzaidake bolada on hau txapel batekin borobiltzea igande honetan. Eta, batez ere, hau ez izatea final handi bat jokatzen dudan azken aldia.

­Bukatzeko. Bizkaiko kolorea nabarituko al da Ogetako harmailetan?

Bai, bai. Jende mordoa joango da Bizkaia aldetik. Pena izan da sarrerak horren gutxi eta horren garestiak izatea, ezin izan dugu konpromiso guztiekin bete, baina etortzen direnek seguru asko animatuko dute, eta ea txapela irabazten laguntzen diguten.

­Hurrengo finala Bizkaia Arenan jokatu beharko duzue.

Gainera modan dagoela ematen du, bertsolari finala ere BECen, Barakaldon egin zuten. Batek daki hemendik urte bat edo bira guk ere berdin egin beharko dugun. Baina ez ezazu zalantzarik izan positiboa izango litzatekeela finala urtetik urtera herrialdez aldatzen joatea.

 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
«Un pueblo en pie sabe lo que debe hacer»
Ekonomia
Irizar alcanzó en 2005 las mejores cifras de su historia y aumentó su beneficio un 50%
Mundua
Indignación y huelga general palestina contra el asalto militar israelí de Jericó
Kultura
Orfebres y plateros, un oficio en extinción
Kirolak
Evita el tropiezo y despeja el camino
Kirolak
«Ogeta frontoi ona da erasorako, defentsan izaten dira komeriak»
Euskal Herria
Juan Mari Olano es encarcelado tras comparecer ante el juez Grande-Marlaska
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea