GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa 2006-04-16
Julen Zabalo - Soziologoa
Nazio Eguna

Euskal Nazioaren Eguna ez dute ospatzen Euskal Herrian bizi diren biztanle guztiek. Batzuek, halako ospakizunak ez dituztelako maite; eta besteek, euren nazioa ez delako Euskal Herrikoa, eta, bai, aldiz, Frantziakoa edo Espainiakoa. Era berean, estatu horietako Nazioaren Egunak direnean (uztailaren 14an eta urriaren 12an) bada Euskal Herrian jende bat ospatzen ez duena. Gauzak horrela esanda, pentsa liteke bakoitzak bere Nazio Eguna ospatzen duela eta gainerako ondoriorik ez duela, baina agerikoa da oso modu desberdinean ulertzen direla egun horiek Euskal Herrian eta Espainian eta Frantzian, eta horrela izateko gakoetako bat estatu bat izatean edo estaturik gabeko nazioa izatean datza.

Nazio sentimendua; nazio politikoa

Nazioak badu dimentsio subjektiboa: nazio bateko kide sentitzea; eta arlo politikora lerrotutako dimentsio objektiboa: defendatzen den nazioa nazioen komunitateak onartua izatea, gehienetan estatu bat osatzearekin betetzen dena. Dimentsio biak ondo uztartuta egotea da edozein nazionalismoren ametsa, baina hori ez da askotan ger- tatzen. Hala ere, posible da nazioez hitz egitea dimentsio biotatik bakarra landu bada ere. Hau da, edozein pertsonak esan eta aitor dezake delako nazio bateko kide sentitzen dela, nahiz eta horrek ez dakarkion automatikoki eskubide politikorik; eta, aldiz, estatu diren batzuek ez dute bere- ziki lantzen nazio sentimendua, eta estatu dira haatik.

Baina egoera desberdina da estatua izanda edo izan gabe. Espainiak eta Frantziak badakite euren herritar asko ez direla espainiar edo frantziar sentitzen, eta badakite arazo bat dutela hor, baina horregatik inork ez du espainiar edo frantziar nazioa eztabaidan ipintzen. Estatu bat osatzen dute, nazioartean ezagututa dagoena, eta horrek nazio mailako legitimazioa dakarkie. Euskal Herrian ere pertsona asko ez da euskal herritar sentitzen, eta hori arazo handia da euskal nazioarentzat, baina, gainera, estaturik osatzen ez duenez, pertsona askok zalantzan ipintzen du euskal nazioa existitzen denik ere, Espainia eta Frantziarekin gertatzen ez dena. Estatua izatea edo ez da diferentzia.

Nazioaren Eguna; Estatuaren Eguna

Aberri Egunean, euskal nazioan sinesten dutenek euren sentimendua aldarrikatzen dute, eta, gainera, nazio horrentzako egitura politiko bat errebindikatzen dute. Uztailaren 14an edo urriaren 12an ez bezala, ordea, batzuek herritarrak banatzen dituen egun bat bezala jotzen dute, euskal nazioa aldarrikatzen dutenek ez omen dituztelako kontuan hartzen espainiar edo frantziar sentitzen direnen eskubideak. Badirudi nahastu egiten direla nazioaren dimentsio subjektiboa eta objektiboa, eta nahastearen arrazoia zera izan liteke: Frantzian eta Espainian nazioa eta estatua bat dira, eta, ondorioz, batera ospatzen dira Nazioaren Eguna eta Estatuaren Eguna. Identifikazio hori dela eta, Euskal Herriak Estatuaren Eguna ezin duenez ospatu, Nazio sentimenduaren Eguna ere ezin dela ospatu uste dute batzuek, Espainian eta Frantzian den nazio bakarraren barruan zatiketa eragin dezake eta.

Baina nazioaren arlo subjektiboa ezin da izan eztabaidagarri, jendearen sentimenduari dagokio eta. Euskal Herrian denok onartu beharko genuke jendea euskal herritar, frantziar, espainiar, errumaniar, boliviar eta abar sentitzea. Konplikatuagoa da, ordea, nazioaren arlo objektiboa. Propo- samen bat baino gehiago dago, baina nazioa estatuari lotzen diona da arrakasta gehien lortzen duena, eta horrek estaliezineko arazoak sortzen ditu.

Hau da, estatu batek bermatu beharko luke bere herritarren nazio sentimendua jazarria ez izatea, sentimendu hori estatuaren gustukoa izan ez arren. Gutxieneko arau demokratikotzat jo beharko litzateke horrela egitea. Baina bermerik ez dago nazioaren arlo objektiboari dagokionez. Formulazio berriak atera litezke, baina orain arteko irizpide klasikoan, nazioa subiranoa da estatu batean; beregan dago estatuaren subiranotasuna eta, hortaz, ezin dira nazio bat baino gehiago egon batera. Orain arteko interpretazioaren arabera, nazio sentimendu bat baino gehiago ageri daiteke lurralde batean; baina ez nazio subirano bat baino gehiago lurralde berean: jendea euskal herritar gehi espainiar edo frantziar senti daiteke, inkestetan ageri den bezala; baina ofizialki, jendea ez da euskal herritarra gehi espainiarra edo frantziarra. Hor dago arazoa.

Herriak erabakitzea: tresna, ez helburu

Eta arazo hori konpontzea zaila eta korapilatsua denez, ez dago bermerik pertsona guztien nahiak asetzeko. Hala ere, aurrekoan bezala, gutxieneko arau demokratikoak gordetzea eskatu beharko litzateke, eta hori da gaur egun eztabaidan dena, estatu guztiek joera baitute eskubide demokratiko horri uko egiteko. Argudio sorta bat prestatu da herriari erabakitzeko ahalmena mugatzeko eta autodeterminazio eskubidea ukatzeko.

Autonomia estatutuak, estatuaren federalizazioa, Europako Erregioak edo Estatu independentea proiektu politikoak dira, aukera politikoek euren helburuak betetzeko bilatu dituzten egituraketa formak, alegia. Erabakitzeko eskubidea, aldiz, horiek baino lehenagokoa da. Erabakitzeko eskubidea ezin da izan proiektu politiko bat, eta inork ezin du hartu abertzaleen programaren puntu gisa.

Euskal Herriko nazio arazoa konponbide zailekoa izanik, bide demokratikoetatik abiatzea aurrerapauso handia izango litzateke, eta horretarako denok, abertzaleek eta ez-abertzaleek, onar- tu beharreko oinarri bi agertzen dira, nire ustez: euskal herritar guztiek dute nahi duten nazio sentimendua adierazteko eta defendatzeko eskubidea; eta euskal herritar guztiek dute Euskal Herrirako nahi duten egitura politikoa erabakitzeko eskubidea. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
La despedida que se quedo en el aire
Mundua
Sinn Féin saluda la implicación de Dublín en los actos pero le recuerda los principios
Mundua
«Una terrible belleza ha nacido»
Kirolak
La salvación se acerca con un gran gol de Mark González
Kirolak
Confía todas sus opciones a la firmeza de su trinchera
Euskal Herria
Los firmantes del Acuerdo de Base reclaman que se cree «ya» la Mesa para la Resolución
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea