GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-04-20
Artzain munduaren muina ordizian
Artzainak euren artaldeak alboan dituztela, mimoz egindako gazta gozoak, artilezko galtzerdiak... Artzain munduaren muinaz gozatu nahi zuenak aukera ederra izan zuen atzo Ordiziako «Artzain Egunean». Nola ez, Idiazabalgo gaztak bere lekua izan zuen; gaztaren denboraldi berriari irekiera ofiziala egin zioten, eta, beste behin ere, kalitate onekoa izango dela aurreratu zuten.

Artzain mundua estimatzen dutenek majo gozatzeko aukera izan zuten atzo Ordizian. Arkume, ahari eta ardiak, gaztagileak eta artilea lantzen duten eskulangileak; artzaintza osotasunean ezagutzeko parada izan zen «Artzain Egunean».

Hamaikak alderako zegoen iragarrita herriko alde zaharretik barrena artaldeen igarotzea, eta ordurako lepo beteta zeuden kaleak. Gaztetxoenek egin zieten artaldeei harrerarik beroena, irria ahoan eta begiak zabal-zabalik. Orotara, mila buru inguru igaro ziren. Guztien artean zintzarridunak edota beltzaranak izan ziren gaztetxoenei atentziorik handiena deitu zietenak, baina tartean bazen ikusleen gozaturako, aztoratuta igaro zen ardi saltolaririk ere.

Ardiaren igarotzearekin luzerik gabe Euskal Herriko mendietara, neguaren hotzak etxe ondoan igarota, hasiko duten bidea irudikatu nahi izan zuten. Ardien zaintzak berak artzainei denbora asko ematen badie ere, zalantzarik ez da; artzainek saio ederrak egin behar izaten dituzte gaztagintzan. Horrexek, gaztak hartu zuen beste behin protagonismoa Artzain Egunean. Hain justu, Idiazabal gaztaren denboraldi berriari eman zioten hasiera, eta zer hobe horretarako gazta eder bat ebakitzea baino. Aurtengoan Elena Arzak sukaldariari egokitu zitzaion «ohore» hori. Lan horretan aldamenean izan zituen lanbideko lagun ugari, Argińano, Subijana, Castillo, Aduriz, eta, nola ez, maisu izan eta egun lankide duen bere aita.

Ordiziako Batzar Aretoan egin zuten ekitaldian omen egin nahi izan zioten Idiazabalgo gazta dastatzeaz arduratzen den lan taldeari ere. Modu horretan, beren lana eskertu nahi izan zioten «usadio zaharrak eta zientziak eskaintzen dituen baliabideak uztartzen» jakin dutelako. Dastatzaile lan taldearen izenean hitza hartu zuen Jesus Oleagak. Hark artzainei eskerrak eman zizkien, «gaztaren egile handiei», eurekin elkarlanean aritzea onartu eta kalitatezko gaztaren bidea hartu izanagatik. Hain justu, eta aurtengo denboraldiaren irekieran, Idiazabalgo Gaztaren Jatorri Izen Elkarteko presidenteak, Jose Mari Ustarrozek, aurtengo gaztaren kalitateari eta produkzioari erreparatu zion; «markak hautsiko» dituela azaldu zuen. Gaztagintza osasuntsu dagoela gogorarazi zuen, eta etorkizun oparoa aurreratu zion «kalitatearen bidetik» jarraitzen bada. Ekitaldi berean iazko denboraldian erregulartasun bikaina erakutsitako hiru gaztandegi saritu zituzten: Udabeko Dorrea, Abadińoko Atxarte eta Araiako Aixtra.

Udaletxeko Batzar Aretotik kanpora ikusmira ederra zegoen kaleetan. Garagartza plazan, esaterako, jende ugari batu zen ardiei ilea nola mozten zieten ikusteko. Abilezia ederra erakutsi zuten lan hori egitera etorritakoek. Minutu pare bat nahikoak zituzten ardiak hartu eta neguko hotzaz babestu dituzten «berokiak» ebakitzeko. Jendeak tentu handiz jarraitu zuen euren lana, «dotore egin dik», zioen gizon batek telebista programaren batean «jesukriston triskantza» egin zutela lagunei gogorarazten zien bitartean. Behin ilea moztuta, artilea zakuetan sartu zuten; izan ere, lehengai preziatua da hainbat jantzi egiteko. Ordiziara bertaratutako artisauen artean bazen, hain justu, artilezko galtzerdi, txapel eta kaiku dotoreak hartuta etorri zenik.

Garagartza plazan, gaztagintzan ikasi edota iaiotu nahi zutenek aurkitu zuten euren txokoa. Gaztetxoak han ere ausartenak, hainbatek jardun zuten gaztagile lanetan. Bestelakoan, leku berean batu ziren lehiaketara etorritako ahari, ardi eta arkumeak ere, guztiak epaimahaiaren begirada zorrozpean.

Plazan bueltatxo bat ematea nahikoa zen urdaileko harra zirika hasteko. Makina bat gazta postu zeuden, baina Garagartza plaza batez ere arkume erre usainak hartua zuen. Goizean goizetik jarri zituzten arkumeak sutan, eta eguerdi parterako itxura ezin hobea hartua zuten. Pintxotan banatu zituzten, eta gutxi batzuek soilik eutsi ahal izan zioten mokadu eder hori ahoratzeko tentazioari. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
La «herriko taberna» de Zamudio, precintada
Iritzia
Estatuen aldetik bake giro txikia
Euskal Herria
Txapartegi: «Me llevaron a un cuarto, me desnudaron entre cuatro y me violaron»
Jendartea
Artzain munduaren muina ordizian
Ekonomia
El comité de VW hará frente a las «políticas de acoso y desprestigio»
Euskal Herria
Batasuna insta a verificar que se acatará la decisión de la ciudadanía
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea