GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-06-14
Naturaren bidetik barrena jarraitzen du Javier Valverdek
Ez da Javier Valverde erakusketa asko egiten dituen artista. Horregatik ­edo, hobeto esan, horregatik ere­ egiten dituen bakanak ez dira normalean oharkabean pasatzen. Bat ireki berri du Donostian, azken lau urteotan margotutako lanak bilduta. Naturak jarraitzen du Valverderen «leit motiv»a izaten. Bere paisaietan ez da giza irudirik agertzen. Hala ere, paisaia «humanizatuak» dira, margolariaren beraren begirada bereziaren ondorio direlako. Poesia kutsu nabarmena darie.

DONOSTIA

2002. urteaz geroztik ez zuen Javier Valverdek (Donostia, 1956) erakusketarik egiten. Egunotan, berriz, bat ireki du Dieciseis galerian. Guztira, azken lau urteotan egin dituen hamazazpi margolan bildu ditu, beti olioa mihise gainean.

Naturak jarraitzen du bere lanaren leit motiv-a izaten. «Oiartzunen bizi naiz, Aiako harria aurre-aurrean dudala. Naturaren ikuskizunak beti erakarri nau, eta horren isla da nire lana», esan dio GARAri.

Margolanetan, zuhaitzak, mendiak, errekak eta beste dira protagonista. Giza irudirik, berriz, ez da inondik inora ageri. «Noizean behin sartu izan dut giza irudirik, baina, oro har, ez; ez dakit oso ongi zergatik», azaldu du.

Paisaia humanizatuak

Arkitektura zantzurik ere nekez aurki daiteke. Egunotan ikusgai jarri dituen guztietatik bakar batean agertzen da pilotaleku zati bat. Salbuespena da.

Baina giza irudirik (edo giza aztarna arkitektonikorik) gabe ere, Valverderen paisaiak oso «humanizatuta» daude. Paisaia «naturalak» bere begiradaren bahetik pasatuta margotzen ditu artistak, jakina, eta Valverderen begirada berezia oso «humanizatuta» dago.

Bolumenak eta perspektiba asko interesatzen zaizkio. Mendi tontorretan leihoak irekitzen ditu; eta maldetan, berriz, behatokiak sortzen. Edo lurra ebakitzen du, sarri txiklea bezain malguak diren bere zuhaitzen sustraiak bistan uzteko. Horrela, paisaia fantastikoak margotzen ditu, poesia kutsu handia dutenak. Paisaian sartu eta bere kabuz ibiltzen asmatu beharko du ikusleak, guztiz libre. Izan ere, makulu gisa erabil zezakeen titulurik ere ez du aurkituko, Valverdek margolanei ez baitie izenbururik ipintzen.

Gertuen duen paisaia du inspirazio iturri nagusi, baina Gaztela edo Bardea ere gustuko ditu, eta hori hainbat margolanen kolore eta formetan islatzen da. «Ateratzea beti gauza handia da; biziberritu egiten zaitu», esan du.

Valverderen orain arteko azken erakusketa 2002koa zen. Haren eta ireki berri duenaren arteko alderik ote dagoen galdetu eta baietz erantzun du, duda handirik egin gabe erantzun ere. Alde hori zehatz-mehatz zertan den adierazten ez du bat-batean asmatu, ordea. «Kolore aldetik, teknika aldetik, eboluzio bat dagoela uste dut, nahiz eta nik bide beretik jarraitzen dudan», esan du. Izan ere, Valverdek aspaldi aukeratu zuen bide hori, «naturaren bidea» deitzen duena. «Bide horretan etengabe eboluzionatu dut, eta gorabeherak ere izan ditut, baina inoiz ez dut bidea aldatzeko beharra sentitu», argitu du.

Javierren biografietan-eta, margogintzan Antonio Valverde “Ayalde” aita zenarekin trebatzen hasi zela esan ohi da, baina hori ez omen da guztiz egia. «Etxean giro aproposa zegoen, baina aita hamalau urte nituela hil zen, eta lehenengo margolanak hemeretzi urterekin-edo egin nituen». Arreba ere, Rosa, margolaria da, eta horren bidez 70eko hamarkadan Jose Llanos, Vicente Amestoy, Juan Luis Goenaga, Ramon Zuriarrain, Andres Nagel eta beste hainbat artistarekin harremanetan sartzeko aukera izan zuen Javierrek. «Horiek ezagutzea laguntza handia izan zen niretzat», aitortu du. Gero bere bidea aurkitu zuen eta geroztik beti fidel izan zaio.

Erabiltzen dituen teknikak ere ­olioa mihise gainean­ ohikoak dira, nahiz eta orain dela urtebete-edo argazki kamera, tarteka behintzat, oroimenaren lagungarria izan daitekeela deskubritu duen. «Begiratu zuhaitz hauek ­eta Dieciseisko margolanetako batean ageri diren pinu batzuk seinalatu ditu­. Jaizkibelen aurkitu nituen. Kamera digital txiki horietako batekin argazki bat atera eta gero horrek asko laguntzen du».

Javier Valverderen erakusketa uztailaren 8a arte egongo da ikusgai Dieciseis galerian (Artzain Ona, 16).


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
El juez no ve delito y sí falta en el atropello de los niños de Basurto
Euskal Herria
Lakua considera una vergüenza jurídica y una irresponsabilidad la actuación del TSJPV
Euskal Herria
McGuinness saluda los «indicadores alentadores» sobre el proceso político
Euskal Herria
Reclaman al Consistorio la reposición de la estela en honor a Germán Rodríguez
Ekonomia
Los carburantes empujan la inflación hasta el 4% interanual
Ekonomia
Laborantza Ganbera organizará una feria de agricultura en Baiona
Mundua
Israel mata a 11 palestinos y se autoexculpa de la masacre anterior
Kultura
Tolosan egingo dute irailean Euskal Herriko Grafiti Lehiaketa
Kirolak
La versión más gris de la canarinha
Jendartea
Kontseilua aboga por una reforma en profundidad del sistema educativo vasco
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss