GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-15
Apaizac obeto espedizioa
Azkenean iritsi gara Ternuara, eta Ternua ederra da
Red Baytik, espedizioaren helmugatik, hiru bat miliatara dagoen Antton Portuan lur hartu eta txalaparta eta trikiti doinu ezagunek hartu dituzte espediziokideak. Doinuak ez ezik, han bildutako lagunak ere majo ezagutzen dituzte; azken egunerako prestatutako euskal jaialdirako Euskal Herritik etorritako lagunak dira. Bukatzen ari da bidaiaren historia.

Ternua ederra da. Kopletako Ternua zaharra, lur agor eta idorra, portu hotza, eremu triste eta arrotza, zaila da gure begiez ikustea. Gure begiak ez dira duela 500 urteko arrantzaleenak, baleontzi haietan Euskal Herritik honaino etorri behar zirenenak. Gure begiak ez dira etxetik kanpo hilabete luzeetan egon beharra zuen arrantzalearenak, balearen ehizan, neguaren beldur, gaixotasunen beldur. Gure begiak Ternua begi ederrez ikusi nahi dituenarenak dira.

Irrikan ginen Ternuara iristeko, eta iritsi gara, azkenean, iritsi gara Ternuara. Eta Ternua ederra da. Hemen dena da handia, itsasotik ikusia Ternua kare-haitzeko labar handi bat da. Zelai berde zabala, baso amaigabea, sakonera gutxiko itsaso gardena, jende irribarretsua, hori da Ternua gure begiez ikusita. Codroy herrian zapaldu dugu uhartea eta nongoak ginen galdetuta, euskaldunak erantzun eta berehala esan digu arrantzaleak Ternuako zakurrak euskaldunek ekarriak direla itsas txorien ehizarako, hori da berak zekiena eta hemen ohartu gara denek dakitela zerbait gutaz, kontu txikiak edo kontu handiak izan, eguneroko bizitzarenak zein historiarenak.

Codroytik Opor Portuko penintsularantz joan gara eta bere gaur egungo izena, «Port Au Port» euskaldunek jarritako izen hartatik eratorria da. Detxeberriren mapa dugu eskuetan eta Ternuako ipar mendebaldeko kostalde guztia dago euskal izenez bataiatua. Lehenengoa, Port aux Basques, Opor Portu, Baye Ederra ( Bonne Baye) , Aingura Txar ( Ingunachoix), Amuitz ( Hondarrabikoa bezala), Amuitzko punta, Irlatxoak, Portutxoa (Port aux choix, I 50º 42´ 26,6¨ - M 57º 21´ 34,6¨), Ferrol zaharra...Lehengo euskaldun haiek bezalaxe deskubritzea ere guk Ternua, pentsatzea guk ere haiek ikusi zuten kokagune beretik ikusten dugula, itsasotik.

Badakite nor garen

Berehala konturatzen zara zergatik dituzten euskal izen horiek. Adibidez, Opor Portu, leku babesa da, lasaia, atsedenerako egokia. Aingura Txar ez da leku egokia ontziak sartzeko. Baye Ederra ederra da benetan, eta ederra bere adiera guztietan, edertasunarengatik zein handitasunagatik. Amuitz urrutitik ikusi dugu eta gure artean hondarrabiarrik ez badago ere Amuitz batetik, itsasotik begira, sarritan pasatu direnak badira Beothuken eta ez dut uste azalpen handirik behar duenik izen honen zergatiak.

Portutxoan hartu dugu ostatu eta hartu dugu, berriz ere, eskuzabal eman digutelako. Jende talde bat genuen zain portuan gaueko hamarrak pasata iritsi garenean, ikurrinak eta Ternuako banderak eskuetan. Portutxoan badakite beren herriaren izenaren jatorria euskalduna dela eta herriko museo txikian Euskal Herriari eta euskaldunei buruzko informazio nahiko osatua dute ikusgai. Herriaren kanpoaldean dagoen Parks Canadako interpretazio zentroan ere behin baino gehiagotan aipatuak gara eta, gainera, geure herrian bertan askok egiten ez duten bezala. Etorri ziren lehenengo europarrei buruzko informazioan honela dago idatzia: «Arrantzara etorri ziren lehenengoak euskaldunak, frantsesak, portugaldarrak, ingelesak eta espainiarrak izan ziren». Hemen badakite zein den zein eta zer den zer.

Museoan agintariek eta bertako kultur taldetakoek harrera egin digute, beraien arropa tradizionalak jantzita kantatu digute, beraien istorioak kontatzen dituzten kantak. Labradorreko Inuit neska gazte batek perkusio instrumentu batekin erakustaldi bat egin du eta guk bidaian zehar egindako geldialdi eta otorduetan ondo entrenatuak, Boga-Boga kantatu diegu. Inork ez du barrerik egin, gure aurrean, bederen.

Hurrengo egunean Portutxoa Zaharra ikustera eraman gaituzte, badia txikia da eta erdian haitzezko uharte txiki bat du. Bertan aurkitu zituzten haitzaren bueltan euskaldunek egurrez eraikitako egiturak, bertan ontziak lotzeko.

Euskaldunak irudikatzen dituzu badiatxo horretan, galeoiak ur azalean eta txalupak haitz handiaren bueltan. Arkeologia gune batera eraman gaituzte eta Siberiatik duela hamar mila urte Ternuara nomada bezala etorri ziren paleo-inuit bizilekuak erakutsi eta azalpenak eman dizkigute. Arkeologo batek eman dizkigu azalpenak eta konturatzen zara 10.000 urtetan ez dugula hain aurrera egin, beharbada atzera ere egingo genuen.

Jende horrek, haiek ere jendea batziren, bazekien nola aurre egin neguari, hotzari, bizi beharrari. Jakindurian atzera egingo genuen. 100 metro koadroko bizilekuak dira itsasoaren aurreko lautada eder batean. Bizilekuaren erdi-erdian metro karratu inguruko zuloa dute lurrean, etxe barrura sartzen zitzaien hotzari egindako tranpa zuloa. Hotza behin etxe barrura sartua bera ohartu gabe zuloan sartzen da, hotzak beti beheranzko joera du, eta animalia bezala zuloan geratzen da, harrapatua, ehizatua.

Tenperaturarik onena, aldiz, lurretik 25 zentimetro ingurura dago, lo egiteko altueran. Etxearen garaiera gorantz altxatzeko balearen saihets hezurrak erabiltzen zituzten eta horrela haien kondairek esaten dute nola balearen sabelean bizi ziren, babestuta eta beraien sabelean berriz, eskuz ehizatutako itsas txakurrak. Ezagutuko ote dugu guk horrelako babes gozorik? Beharbada ezagutu genuen amaren sabelean, beharbada balea zen herri horren ama.

Eguzkia jainkotzat

Aurrerago, Opor Portutik pasatuta, jada lurrazaletik kolonoek desagerrarazitako beothuktarren lurren paretik igaro da Beothuk. Haiek ere 10.000 urte aurrerago iritsi ziren Ternuara. Kare-haitzezko itsaslabar lerro amaigabearen ondotik erliebeak beherantz egiten du eta zelaigune zabalak ikusi ditugu.

Beothuk-ak udaberritik udazkenera itsasertz honetara iristen ziren. Kostalde horren parean Red Island izeneko uhartea dago, buztin itxurazko 40-50 metro inguruko labarra du buelta osoan eta gainean, soilik gainean, belardi berde-berdea. Beothukek hango lokatzarekin margotzen zuten gorputz osoa, gizonezkoetan ia bi metroko gorputzak.

Beothukek eguzkia zuten jainkotzat eta esango genuke geuk ere uler dezakegula zergatik eguzkia ikusten duzunean gu bezala itsasoan estalkirik gabe zoazela, behin eta berriz, eguzkia jainkotzat hartzen duzun. Euritarako ekarritako aternarruak lehortu egiten dira eta aternarruen azpiko gure larruazalaren azpiko hezurrak ere bai, lehortu egiten dira, zirraratxo bero eta gozoetan. Eguzkia jainkoa da eta gainera ikus daiteke, beraz, sinesten dugu.

Ilunabarra gure bela gainera amiltzen ari da, eguzki jainkoa uretara doa, beherantz, poliki, eta bere azken ahaleginetan kare-haitz zuriko itsaslabar erraldoiak pizten ditu, orain, eguna itzaltzera doanean.

Lagunarteko festa

Eguraldi txarrak iragarri dizkigute, ipar-mendebaldeko haize bufada indartsuak eta itsaso zakarrak eta, beraz, Ternuatik Labradorrerako jauzia aurreratu egin behar izan dugu. Uste baino lehen hurbildu gara helburura, Red Bayra. Ternua ederra atzean utzi dugu eta hamabi orduko nabigazioaren ondoren Labradorreko lurra ikusi dugu.

Baina itsasoak azken ustekabe bat zuen gordea guretzat, ezin zen bestela izan, eta 500 metro urazala baino hartzen ez duen korronte bitxi batek harrapatu gaitu. Belak jaitsi eta arraunean gogor ekin diogu Red Baytik hiru miliatara dagoen Antton Portura (I 51º 40´ 46¨ - M 56º 50´ 38,8¨) iristeko. Naturak berak egindako badiatxo bat da, sarrera txiki bat, eta zelai berdez inguratutako hondartzatxoa.

Bertan bada beste kondaira bat, balea batengatik euskaldunen arteko liskar bat. Badiatxo horretan hiru galeoi sartu zirela irudikatzea kosta egiten da, baina egia da. Hunkituta gaude, Red Bay gure begiez ikus dezakegu hemendik, bidaia luze eta zoragarria egin dutenen begiez. Eta badia ilunpean dagoela bi ontzi txiki ikusi ditugu hurbiltzen.

Beothuk amarratzen ari ginela sartu dira eta berehala trikiti eta txalaparta hotsak gero eta ozenago zabaldu dira Antton Portun, Red Bayko euskal eta indigena jaira, gurekin egotera etorri diren gure lagunak dira, Albaolako lagunak, etxekoak, Karidadeko Bentakoak, Maialen Lujanbio, Ugarte Anaiak txalapartariak... Garai batean euskaldunen arteko liskarra izan zen lekuan lagun arteko festa da orain. Gure bidaiaren historia bukatzen ari da, baina gure historiaren bidaiak aurrera jarraitzen du.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Hiriente ONU
Euskal Herria
Garzón decreta libertad bajo fianza para Pablo Muñoz, al que imputa «colaboración»
Euskal Herria
La injusticia llega a los tribunales ocho años después del cierre de «Egin»
Jendartea
Azkenean iritsi gara Ternuara, eta Ternua ederra da
Ekonomia
Un trabajador navarro muere aplastado en Ziordia
Kultura
El abrazo del verano
Kirolak
Juventus, Fiorentina y Lazio descienden a la Serie B por fraude deportivo
Mundua
Israel bombardea de nuevo Beirut y la ONU no respalda a Líbano
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss