GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-08-06
Agur beroa Iñaki Rike «gudari kuttunari»
Lezamako plaza txiki geratu zen atzo arratsean Iñaki Rike Galarza«Turron» iheslari politikoari azken agurra emateko. Errepresaliatuak Euskal Herriaren aldeko defentsan egindako ibilbidea gogorarazi,eta haren konpromisoa askorentzat eredu dela nabarmenduzuten ekitaldian. Haren emazte, alaba zein gainerako senideak etalagunak ere omendu zituzten bertaratutako ehunka lagunek. Eta, halabeharrez, errepresaliatu ororen aldeko mezurik ere izan zen.

Aspaldian bere sorterrian egoteko betarik ez zuen izan Iñaki Rike Galarzak, baina lezamarrek txiki utzi zuten atzo herriko plaza haren omenez deitutako hitzorduan.

Uztailaren 27an Baionako ospitalean gaitz larri batek jota bizitza galdu zuen Turron iheslari politikoak. 18 urte luze kartzela espainoletan giltzapean eman zituen aurretik; orain sei urte eta erdi inguru askatasuna lortu zuen lezamarrak. Hala ere, atzo gogorarazi zuten bezalaxe, azken urte eta erdian ere «errepresiotik ihesi» ibili behar izan zuen Lapurdin.

Rikek «Euskal Herriaren askatasunaren aldeko apustuan» egindako ibilbideak haren senide eta lagunengan ezezik, euskal herritar ugariren bihotzean ere irabazi du tarterik. Atzoko hitzordua izan zen horren adierazle, haren sorterri Lezamara «gudariari» azken agurra ematera ehunka lagun bertaratu baitziren arratsalde partean.

«Dana emon biar yako matte dan askatasunari» zioen pankarta luze batek atontzen zuen udaletxeko eraikina; ikurrina haga erdira jaitsi zuten dolu modura eta oholtzan zein plaza inguruetan ere haren argazki ugari, amnistiaren ikurrak, euskal preso eta iheslari politikoak etxeratzearen aldeko banderak zein «agur eta ohore» zioten pankarta ugari ageri ziren.

Musika, loreak eta idatziak

«Agur, Iñaki laguna, gora gudari kuttuna, gora Euskadi sozialista, librea eta euskalduna». Txalapartaren ostean, bertsolari baten hitz horiek ekitaldiari txalo zaparradaz ekitea ahalbidetu zuten; eta «Herriak ez du barkatuko» zioten oihuen ar- tean Iñaki Rikeren senideek hartu zuten gero oholtzan protagonismoa. Krabelin gorri bana iheslariaren erretratuaren eta haren errautsak gordeta zituen egurrezko kaxa baten aldamenean utzi zituzten segidan. Aurreskua dantzatu zen ostean, ohorezkoa batik bat, haren alaba Larraitz ere aritu baitzen trikitilariaren erritmora.

Ekitaldiak aurrera jarraitzen zuen bitartean, burua estalita zeramaten bi lagunek ETA euskal erakundearen anagrama zeraman pankarta bat eskegi zuten oholtzaren alboan, eta beste bigarren bat ere hantxe utzi zuten, egurrean landutakoa.

Osterantzean, asko izan ziren omenaldian parte hartu nahi izan zutenak. Lezamako ezker abertzaleko kide gazte batek, esaterako, bizilagun zuten errepresaliatu politikoaren ibilbidea goratu eta herriko ekimen anitzetan erakutsitako konpromisoa aipatu zuen, baita gazteekiko beti izan zuen feeling hori gogorarazi ere.

Joseba Sarrionandiaren olerkirik ere izan zen lezamarraren oroimenez, baita Txomin Aizpurua preso ohiak Ipar Euskal Herritik igorri eskutitzik ere.

Gainera, megafoniaz Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak ere parte hartu nahi izan zuen, eta Euskal Herria askatasunera hurbiltzeko Rike bezalako herritarrek egindako ibilbide eta etsenplua goratu zuen. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren ikurra izan zen gero oholtzan, hainbat preso ohi bezala. Giltzapean dituzten Josu Gineak eta Arkaitz Ormaetxek ere eskutitz bana helarazi zuten.

Horren ondoren abesbatzaren txanda izan zen. Eta unerik hunkigarrienetako bat Rike Galarzaren alaba Larraitzek hitza hartu zuenean jazo zen. Aitari zuzendutako eskutitz bat irakurri zuen, eta egunotan jasotako elkartasun keinuak eskertu aurretik, zera helarazi zion hari: «Zalantzarik ez izan, hiruren artean hasitako proiektuak guk bukatuko ditugu». Haren nortasunari buruzko erreferentzia ere egiten zuten alabaren hitzek, eta bertaratutakoek txalo indartsuekin egin zieten ohore batik bat bai Larraitzi eta bai Mari Carmen emazteari ere.

Ekitaldiaren amaieran, bestetik, Askatasuneko Julen Larrinagak hartu zuen hitza. Rikeren zein Euskal Herriaren askatasunaren alde urteetan aritu izan diren eta horretan dabiltzan borrokalarien konpromiso- rik gabe «herri bezala Euskal Herria aspaldidanik proiektu galdua izango genukeela» nabarmendu zuen. Nolanahi ere, gogor salatu zuen abagune politiko berri honetan bi estatuen «inposizio politikoak» bere horretan jarraitzen duela, horretarako beharrezko diren bitarteko errepresiboek bezalaxe.

«Funtsa ez da euskal herritarron hitza eta erabakia legalitatearen barruan sartzea, baizik eta hitza eta erabakia esparru demokratiko baten barruan ematea», esan zuen, eta borrokarako eta lan egiteko deia ere egin zuen.

«Eusko Gudariak» kantatu, eta manifestazioa egin zuten. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Agur beroa Iñaki Rike «gudari kuttunari»
Mundua
Israel castiga a Líbano con los mayores bombardeos desde que inició la agresión
Euskal Herria
Batasuna llama a manifestarse en Donostia para «impulsar y fortalecer» el proceso
Ekonomia
«Si el Euribor sigue subiendo tendré que vender mi casa e ir a vivir a un camping»
Mundua
Grupos políticos de ocho naciones exigen a París la autodeterminación
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss