GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-08-21
Justizia Administrazioan euskaldunen nahiari jaramonik ez
Arlo guztietan euskara gehiago erabiltzen den arren, Justizia Administrazioan atzera egin du erabilerak Euskal Herrian. Herritarren borondate eza ote? Justizian Euska- raz elkarteak eta EHEk Justizia sistemari berari egozten diote ardura. «Lege batek ez du ezertarako balio praktikan euskaraz hitz egiteko eskubidea ez bada bermatzen», azaldu zioten GARAri, eta herritarren lana ezinbestekotzat jo zuten.

Azken bost urteetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako epaitegietan euskararen erabilerak atzera egin duela diote argitaratutako datuek. Hala nola, 2000 urtean euskaraz 2.943 dokumentu bideratu zituzten; eta iaz, aldiz, kopuru hori 1.252ra jaitsi zela adierazten dute datuek. Itzultzaileen parte-hartzeak ere nabarmen egin du atzera: duela sei urte 323 epaiketatan izan ziren; 2005ean, ordea, 118tan besterik ez ziren egon. Bestalde, euskaraz egindako adierazpenen kopurua ere jaitsi da; 465etik 104ra, hain zuzen.

Datu horiek eskuan hartuta, ez da oso argi geratzen zergatik gertatu den beherakada hori edo norena den atzerapauso horren ardura. Gainerako arloetan euskararen erabilerak gora egiten duen bitartean, Justizia Administrazioan herritarrek ez dutela euskaraz egiteko borondaterik pentsa daiteke datu horien arabera. Sinplekeriak alde batera utzita, baina, datu horiek era sakonagoan aztertu nahi izan ditu GARAk, eta Justizian Euskaraz eta EHE elkarteetara jo du.

Hasteko, eremu publikoetako hizkuntza egoera ez dela orekatua eta hori herritarren hizkuntza erabilera aztertzerakoan kontuan hartu behar dela ohartarazi zuen EHEko kide Fontso Canterak. «Herritarrok badakigu administrazio publikoan euskara erabili nahi izateak ondorio kaltegarriak sortzen ahal dizkigula:ilara batean denbora handia itxaron behar izatea, funtzionarioarekin eztabaidan hastea, jipoi bat jasotzea, atxilotzea, iraintzea...», azaldu zuen.

ondorio kaltegarriak

Texto

Justizia Administrazioan euskara hautatzeak, aurrekoaz gain, beste ondorio «propio batzuk» ekar ditzakeela gogorarazi zuen Esteban Umerez Justizian Euskaraz elkarteko presidenteak. «Gutxienez, prozesu judiziala atzeratu egingo du horrek, itzulpenak direla-eta. Frogak egiteko modua eta epailearen iritzia ere baldintza ditzake eta, batez ere, epailearen eta herritarren arteko komunikazio zuzen hori erabat oztopatuko du epailea elebakarra izango baita», nabarmendu zuen.

Hor, itzultzailearen zerbitzua ere sartzen du Fontso Canterak. «Itzultzaileen bitartez ez dizkigute hizkuntza eskubideak bermatzen, eta, askotan, zerbitzu hori ez jasotzeagatik erdaraz deklaratzearen hautua egiten dugu euskaldunok», azaldu zuen EHEko kideak.

Iritzi bera agertu zuen Esteban Umerezek, eta honakoa erantsi zion: «Justiziara jo behar duen herritar euskaldunak jadanik badu arazo bat, eta horri gaineratu behar dio euskaraz aritzearena. Eskaera eskasa dela esaten dute, ez dagoela euskararen aldeko eskaerarik. Baina dagoen eskaintza eskasak eta lotsagarraiak baldintzatzen du eskaera», gaineratu zuen.

Justizia Administrazioa, oro har, administrazio publikoa euskalduntzeko urratsik murritzenak egin dituen arloa dela oso argi daukate aditu biek, eta horrela gertatu izana ez da kasualitatea EHEko kide Fontso Canteraren ustez. «Ezaguna da, historikoki, hezkuntza eta justizia sistemak direla estatu indartsuek erabili izan dituzten tresna nagusiak hizkuntza gutxituak alboratzen saiatzeko», adierazi zuen.

Justizia arloan euskararen kontra dagoen jarreraren adibide dugu Iruñeko Auzitegia, esate baterako. Ekainean hainbat euskaltzale epaitu behar zituzten bertan, euskaltegietako diru laguntzak murriztu zituztela salatzeko ekintza batean parte hartzeagatik. Hala ere, epaiketa atzeratu behar izan zuten arauak ez baitzituzten bete, eta zitazioa gaztelania hutsean bidali baitzuten.

Zoritxarrez, hori bezalako egoera ugari gertatzen da egunero Euskal Herrian. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2005eko urteari dagokion txostenaren emaitza aurkezteko honakoa agertu zuen:«Euskara erabili nahi izatea garestia da;hizkuntza eskubideak urratzea, merkea».

Egoera hori konpondu beharra nabarmendu zuten aditu biek. Estatu espainolean justizia administrazio bakarra izateak ez du laguntzen. «Erabakiak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian hartzen dituzte, eta hor Konstituzioarekin egiten dugu topo», deitoratu zuen Esteban Umerezek. Izan ere, Carta Magnaren 117. artikuluak dio jurisdikziozko batasuna urratzen ez den artean, Euskal Herrian epaileei ezingo zaiela exijitu euskaraz jakitea.

Horiek hala, benetako ofizialtasuna aitortzean konponduko dela arazoa azaldu zuen Fontso Canterak. «Ez du ezertarako balioko lege batean euskaraz hitz egiteko aukera dugula jasotzeak, praktikan eskubide hori bermatzen ez bada. Euskal Herri osoko epaitegietako langileak euskaldunak izatea da, itzultzaileen formula albo batera utzita, euskaldunon hizkuntza eskubideen berme bakarra», ziurtatu zuen.

Alde horretatik, hizkuntzaren araberako eskumen sistema ezartzea proposatu zuen Esteban Umerezek, Suitza edota Quebec herrietako formulei jarraituz. «Konpetentziak eta prozedurak bananduz, barruti judizial batzuetan epaitegi erabat euskaldunak osatu beharko lituzkete euskaraz aritzeko eskatzen duenak aukera izan dezan», proposatu zuen.

Bestetik, azken denboraldian hizkuntza eskubideen aldeko ekintzaileen aurka egiten ari den «jauzi errepresiboa» salatu zuten. Lekuko gisa euskaraz deklaratu nahi izateagatik Bilboko epaitegian Gabi Basañez EHEko kidearen kontra ezarritako espetxe zigorra edota demoei Lapurdiko epaitegian hizkuntza eskubideen aldeko ekintzan gasa jaurti zietela aipatu zituzten, adibide modura. «Aldarrikapena handitzen denean eta eskaera soziala geldiezina denean, Justizia sistemak bitarteko guztiak baliatzen ditu eskaera soziala gelditzeko asmoz», ohartu zuen Fontso Canterak.

Hala ere, lanean jarraitzeko premia nabarmendu zuten aditu biek, eta aldaketa bultzatzeko herritarren lana ezinbestekotzat jo zuten. «Oztopo guztien gainetik saia gaitezen ahalik eta gehiena erabiltzen euskara Justizia Administrazioan. Horrek haien aitzakiak apurtuko ditu eta euskaldun bakoitza epaiegiak euskalduntzearen aldeko eragile aktibo bilakatuko du; aldaketa geldiezina lortuko dugu». -

BILBO



polizia etxea eta euskara aukeran
Abuztuaren 1ean I.E.B. eta I.S.M. atxilotu zituen Ertzaintzak Bilbon, eraikin bat okupatu izana leporatuta. GARAri azaldu ziotenez, gaua Deustuko polizia etxean eman zuten eta, horri buruz galdetu zietenean, euskaraz deklaratu nahi zutela adierazi zuten biek. Epaitegira eguerdi aldera heldu ziren, eta ordurako euren eskaera bideratuta zegoela jakinarazi zien abokatuak.

Hala eta guztiz ere, gazteak 20.00ak arte izan zituzten ziegetan, eta, epailearengana eramateko euren bila joan zirenean, Bilboko epaitegian itzultzailerik ez zeukatela esan zieten. «Horiek hala, bi aukera eman zizkiguten: gaztelaniaz deklaratu edo, bestela, polizia etxean beste gau bat pasatu behar genuen hurrengo egunean euskaraz deklaratu ahal izateko», jakinarazi zuten.

«Euskara koofiziala bada ere, gure hizkuntza eskubideak ez daude bermatuta. Euskal Herrian gaude. Zergatik eman behar dugu gau bat polizia etxean euskaraz egiteko?», salatu zuten.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kirolak
Orio hace valer su renta y vence en la Ikurriña de Zarautz
Mundua
«El 95% de los iraquíes que interrogué en la prisión de Abu Ghraib eran inocentes»
Euskal Herria
Justizia Administrazioan euskaldunen nahiari jaramonik ez
Jendartea
Retenidos en el Congo al no portar toda la documentación para las adopciones
Jendartea
Gargantúa arriba al Olimpo festivo de Marijaia
Mundua
Beirut advierte a Hizbula para que no caiga en provocaciones
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss