GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-09-14
«Mentxakaren aitorpena», militante baten testigantza
Jose Ramon Goikoetxea «Ardotxi»ren liburu postumoaren aurkezpena zela-eta, lagun eta senidez bete zen atzo Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoa. Agurtzane Juanena alarguna, Rafa Egiguren edizioaren paratzailea eta Petxo Idoiaga liburuaren hitzaurregilea aritu ziren hizketan, eta memoria historikoa izan zen hirurek, modu batean edo bestean, aipatu zuten kontzeptua. Izan ere, «Mentxakaren aitorpena»k, norbanako baten bizikizunetatik abiatuta, garai jakin bateko argazki ederra eskaintzen du.

DONOSTIA

Ardotxi (Andoain, 1948-Donostia, 2005) gazterik hasi zen borroka politikoan. 1971n, sasian zebilela, Bilbon atxilotu zuten, eta, hamabost egunez polizia-etxean Poliziaren esku egon ondoren, kartzelan sartu. Franco hil ondoren, “Egin”en lan egin zuen, eta bere bizitzako azken urteetan, berriz, LABen. Baina “Egin”en eta LABen ezagutu zuten guztiek bazekiten Ardotxik urte horietan guztietan proiektu «pertsonalago» bat zerabilela eskuartean: liburu bat, Poliziaren esku egondako egunen inguruan taxutua. Proiektuak zuzenketa eta gorabehera handiak ezagutu zituen, eta behin betiko bide onetik zihoala ematen zuenean, berriz, ezustean hil zen Ardotxi, lana biribildu gabe. Orain, alabaina, lagunei esker, “Mentxakaren ai- torpena” plazaratu du Elkarrek.

Liburua bi planotan egituratuta dago. Lehenengoan daude Poliziaren esku hamabost egun ematen dituen protagonistaren testigantzak. Ziega barruan, etengabe ari da esan behar dituen gezurrak eta gorde behar dituen egiak aztertzen. Bigarren planoan, berriz, atxilotu baino lehen egindakoak daude, eta hor itzal handiko pertsonak agertzen dira, hala nola, Txikia, Txomin Iturbe edota Argala. «Honela, jasan zuen torturaren berri ez ezik, garai hartako giroaren argazki paregabea ere ematen du Ardotxik, ondo jantzitako militante baten ikuspuntutik, gainera», nabarmendu zuen Egigurenek.

Idoiagaren iritziz, Ardotxirena «oso kontakizun sendoa da, bai forma, bai egituraren aldetik; polizia nobela baten erritmoa eta jakin-mina ere lortzen ditu. Ez da, ordea, nobela, ez da fikzioa. Liburua benetakoa da goitik behera. Jose Ramon Goikoetxea Mentxaka-k polizia-etxean eman zituen hamabost egunetan oinazea menderatzeko eta, aldi berean, burua argi mantentzeko eta poliziak engainatzeko egin behar izan zuen saio itzelaren historia da. Izan ere, asko zegoen jokoan: alde batetik, bere kondena eta, bestetik, ingurukoen segurtasuna».

ETAren historiaren zati bat ere badela esan zuen Idoiagak, geroago ETA VI.aren garaia deitu zaiona. «Ardotxik nahiko erretratu zuzena utzi digu. Berea ez da historialari akademiko baten begirada, baina historia hura ‘bizitzeko’ aukera ona da, eta inongo obra akademikok jaso ezin dituen gertaerak eta sentipenak ulertzeko modua eskaintzen du».

Historiak gaurkotasunik ia galdu ez duela gehitu zuen Egigurenek: «Garaileak bedeinkatzen du historia Gasteizen, Madrilen, Washingtonen edo, neu- rri apalagoan bada ere, hegemonia nahikoa gorde ahal izan dutenetan. Urte haietan, ezker abertzalearen mugak erabakitzen ari ziren, gaur egun bezala, beharbada, eta Ardotxik bai orduan bai hil hurren, bazeukan horren berri».

Agurtzane Juanenak, berriz, unea tristea eta aldi berean pozgarria zela esan zuen. «Tristea, Ardotxiren absentzia oso nabarmena egiten zaigulako hemen; pozgarria, berak hainbat urtez egindako lanak eta denbora luzean gordetako ilusioak fruitua eman dutelako».



Bloga eta mahai-ingurua
«Historia banakoek egiten dute, baina taldean elkarturik, eta elkarrekin oroitzen dugu», esan zuen atzo Juanenak. «Elkarrekin oroitzeko», Ardotxiren lagunek bloga (www. goiena.net/blogak/ardotxi) eta solasaldia antolatu dituzte. Hori Andoaingo Urigainen izango da, urriaren 5ean, 19.30ean. Idoiaga, Arantxa Arruti eta Lopez Adan Beltza mintzatuko dira. -



«Memoria historikoa etxean ere eraiki»
Agurtzane JUANENA

Nik ere memoria historikoaz jardungo dut, baina, familiarteko naizenez, familiaren esparruan kokatuko dut esateko dudana.

Horretarako, Ardotxiren haurtzaroko pasadizo baten berri emango dizuet. Liburuan ez da agertzen, baina berak idatzia da. Bere etxean, Andoainen, etxearen aurrealdeko paretan, baziren zulo batzuk gerra zibilaren garaiko tiroketek egindakoak, bala-zuloak. Eta, hamar urteko mutikoa zela, aitari galdetu zion behin zulo haiei buruz. Aita nafarra zuen, gerra zibilean ibilitakoa, eta labur eta ohi ez bezalako zakarkeriaz erantzun omen zion: «Horiek gerra madarikatuaren aztarnak dituk». Besterik ez. Ardotxiren hitzetan, bazirudien gerrari zegokionez isilik egoteko hitzarmena zegoela etxekoen artean; urte batzuk geroago, aita hil ondoren eta amak kontatuta, jakin zuen aita gerrara joatera behartu zutela.

Ardotxiren aitak, bere garaiko beste askok bezala, gerra bizi eta sufritu izan zuten beste hainbatek bezala, ez zuen hartaz hitz egin nahi izaten. Gure alaben kasuan, oso diferentea da aitarengandik jaso duten bizipena. Alde batetik, Ardotxi ez zen behartua izan, berak aukeratu zuen konpromisoa, pozik eta harro zegoen horretaz. Beste aldetik, hitz egiteko gertu zegoen, gogoz, ez zuen inoiz onartuko isiltasunerako hitzarmenik. Orain, liburu honi esker, gure alabek izango dute, haien aitak ez bezala, aitarengandik zuzenean jasota gertatutakoaren kronika. Erraz ulertuko duzuenez, hau guztia, arlo intimorako oso inportantea izanda ere, ez da intimitatearen arloan soilik kokatzen dudan gaia.

Izan ere, uste dut belaunaldien arteko komunikazioa iraganean bezala nahiko eskasa dela gaur egun ere. Iruditzen zait 36ko gerran ibilitakoek gauza handirik kontatu ez ziguten bezala, ondorengook ere, 60-70eko hamarkadetan gazte ginenok ere, ez dugula asko hitz egiten gure seme-alabekin. Zentzu honetan esango nuke azken aldian hainbeste aipatzen ari den memoria historikoa ez dela bakarrik esparru publikoan sustatzen, alegia, legebiltzarretan edo komunikabideetan, esango nuke memoria historikoa etxean ere eraikitzen dela, etxean eta auzoan, jendearengandik gertu dauden esparruetan.

Agian liburu honek lagundu dezake familia giroan, lagun artean, tratatzen orain ez aspaldi (duela 30 urte inguru) gertatukoa. Ea horrela den, zeren nik ere pentsatzen dut iragana gogoratzea, iraganaz mintzatzea, erraza ez bada ere, onuragarria dela denontzat, bai orduko protagonistentzat, baita belaunaldi berrientzat ere, gure seme-alabentzat ere. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Iñaki de Juanaren aldeko urgentziazko mozioa Gasteizen
Euskal Herria
Díez: «Se acaba el tiempo de los talantes y las palabras huecas»
Mundua
El proyecto de declaración critica, una a una, las políticas unilaterales de EEUU
Kultura
«Mentxakaren aitorpena», militante baten testigantza
Jendartea
«Demokrazia eza» AHTren eztabaida publikoan
Mundua
El PKK niega cualquier relación con el atentado en Diyarbakir
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss