GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-09-22
SAIL OFIZIALA: «Ghosts», Nick Broomfield-ek zuzendua
Egungo esklabotzari buruzko filma, errealitatea eta fikzioa bat eginda

DONOSTIA

Mendebaldarrei «ghosts» (mamuak) esaten omen diete etorkin txinatarrek. Eta horixe da ­“Ghosts”, alegia­ Nick Broomfield-ek atzo Zinemaldia ireki zuen filmari ipini dion izenburua. Izan ere, filma goitik behera etorkin txinatarrek protagonizatuta dagoen arren, haiei buruz bezainbeste hitz egiten du mendebaldarrei buruz. «Egungo esklabotzari buruzko filma da ‘Ghosts’», nabarmendu zuen zuzendariak berak atzo, ekipoko beste hainbat kiderekin batean, Kursaalen egin zuen prentsaurrekoan.

Benetako gertaeretan oinarritutako salaketa-film gogorra da “Ghosts”. 2004an, Morecambe Bayn, itsaskietan ari ziren 23 etorkin txinatar urak itota hil ziren. Egoera horixe da Broomfielden «dokumental faltsua»ren abiapuntu eta, aldi berean, helmuga. Bien bitartean, Ai Qin Linen eta bera bezala Txinatik Britainia Handira joan diren hainbat etorkinen peripeziaren berri ematen digu.

Ai Qin Lin ere Kursaalen egon zen atzo. Txinan etorkizunik ez zuela ikusirik, Ai Qinek, aita gabeko haur baten ama gazteak, haurra amarekin utzi eta Britainia Handira alde egin zuen. Ez zen erraza izan. Izan ere, Asian eta Europa zeharkatu ahal izateko zorrak egin zituen mafiarekin. Britainia Handian lana eginez zorrak erraz kenduko zituela eta, diru pixka bat eginda, lehenbailehen ama eta semeagana itzuliko zela uste zuen. Usteak erdia ustel, ordea. Urrutiko intxaurrak hamalau, baina Britainia Handian ez zuen inondik inora espero zuena aurkitu.

Aipatu behar da “Ghosts”en protagonista nagusia Ai Qin bera dela, eta beste parte-hartzaile asko ere sasian ibilitako etorkin txinatarrak direla. Filma- ren abiapuntua izan ziren hainbat artikuluren egilea ere, Hsiao-hung Pai emakume kazetaria, Ingalaterran ezkutuan ibili da urteetan.

Nick Broomfieldek atzo adierazi zuen: «Jez Lewis ekoizlea eta biok egungo esklabotzari buruzko lan bat egin nahian genbiltzala, Hsiao-hung Pairen artikuluekin egin genuen topo. Batez ere supermerkatu kate handiei buruzkoak interesatu zitzaizkigun. Izan ere, etorkin txinatarrek gehienbat horrelakoetan egiten dute lan. Hsiao-hung Pairekin harremanetan hasi eta gero bere ezagutza ‘Ghosts’ egiteko ezinbesteko bihurtu zitzaigun».

Orain arte dokumental alorrean nabarmendu da Nick Broomfield. “Ghosts”ekin, alabaina, fikzioranzko urratsa egin nahi izan du. Alde batetik, ez zuen zinema egiteko modu jakin batean «herdoilduta» geratu nahi. Beste aldetik, berriz, eta kontraesankorra badirudi ere, fizioranzko urrats hori errealitatea «ahalik eta modurik errealistenean» islatu nahian egin du. «Orain arte dokumentalen egin dudan lanaren esentzia hartu eta errealitatea eta fikzioa nolabait urtu nahi izan ditut», adierazi zuen.

Helburu hori casting-etik beretik hasi zen mamitzen. «Casting-a amesgaizto bat izan zen, baina, azkenean, Londresko eliza txinatarraren bidez, Ai Qin aurkitu genuen», gogorarazi zuen. Horri esker, filmean islatzen diren emozioak benetako emozioak dira. Are gehiago, Ai Qin Txinara itzultzen deneko irudiak, amarekin eta semearekin berriz biltzen direnekoak, benetakoak dira. «Familiaren hobebeharrez joan nintzen Britainia Handira. Han, ordea, etengabe negarrez ari nintzen. Semeak ere ez zuen nirekin telefonoz hitz egin nahi. Beraz, filmean islatzen diren emozioak bene-benetako emozioak dira, ez dut emozioak antzezten ibili behar izan», esan zuen atzo Ai Qin Linek.

Gainerako «aktoreak» ere ­Zhe Wei eta Zhan Yu, adibi-dez­ antzeko esperientziak izan dituzten etorkinak dira. Errealismoa helburu, askatasun handia eman die Broomfieldek antzezteko orduan. «Izan ere, nik zuzendu beharrean, haiek zuzendu nautela esango nuke».

Filmatze lanak iraun zuen bitartean, hamabost pertsona etxe berean elkarrekin bizi izan ziren, eta bost laguneko ekipo minimo batek edozein mementotan grabatu zituen irudiak, «egiatasuna»ren bila. «‘Big Brother’en aldaera txinatarra zirudien hark», esan zuen zuzendariak txantxetan.

Egungo esklaboen egoera salatzen du filmak, baina ez du egoera horri aurre egiteko errezetarik ematen. Atzoko prentsaurrekoan, Lewis ekoizleak eta Broomfieldek berak gobernuen jarrerak, mafiak, etorkinak baldintza negargarrietan kontratatzen dituzten enpresak eta beste kritikatu zituzten, baina ez zuten errezetarik eman, «arazo konplexuek ez dutelako konponbide errazik», nabarmendu zutenez. Alabaina, Hsiao-hung Paik garbi esan zuen: «‘Legez kanpoko’ eta ‘etorkin’ kontzeptuak behin betiko bereizi behar dira. Ez da legez kanpoko etorkinik; gobernuak dira etorkinak legez kanpo uzten dituztenak. Etorkinak etorkin gara, ez dugulako beste biderik aurkitu».

Filmaren epilogoa istorioa bera bezain ankerra da. Morecambe Bayn hil ziren 23 txinatar haiek zorretan jarraitzen dute bidaia egiteko dirua maileguan utzi zieten mafiekin. Mafiek zorrak hildakoen senideen bizkar utzi omen dituzte. «Horri dagokionez, mutur-muturreko egoeren testigantzak bildu ditugu ­esan zuen filmaren zuzendariak­. Morecamben gurasorik gabe geratu ziren haurrei ere pagarazi nahi diete». Britainia Handiko Gobernuak esku hartu nahi izan ez duelako, sostengu talde bat sortu da. Kontaktua: www.ghosts.uk.com.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
«Llenar el saco de los rehenes»
Jendartea
Araba exige al PSOE que cumpla su promesa de cerrar Garoña
Euskal Herria
«Tememos que nos vuelvan a usar como conejillos de indias»
Euskal Herria
18/98k elkartasun jaialdi erraldoia darama BECera
Ekonomia
Acuerdo de ELA, LAB, CCOO y UGT con Lakua para impulsar el euskara en el mundo laboral
Ekonomia
Nekazari bat hil da Arguedasen bere traktorea gainera erorita
Mundua
Thailandiako Armadak jarduera politiko guztiak debekatu eta zentsura ezarri du
Kultura
Egungo esklabotzari buruzko filma, errealitatea eta fikzioa bat eginda
Euskal Herria
«Todas las medidas que han tomado han sido violentando mi voluntad»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss