Ikasleek kultur eskubideak aldarrikatu dituzte Gasteizen
Iaz ere aldarrikapen bera egin zuten, baina aurrerapausorik eman ez denez, Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxean berriz ere kultur eskubideak aldarrikatu dituzte. IAren esanetan, ikasleei curriculum arrotzak eskaintzen dizkiete, eta beharrezkoa da Euskal Herriaren zerbitzura egongo den hezkuntza jasotzeko eskubidea aldarrikatzea.
GASTEIZ
Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxean kultur eskubideak urratzen direla salatzeko mobilizazioa egin zuten atzo Ikasle Abertzaleek (IAk). Ez da ikastetxe horretan kultur eskubideen aldeko ekimenak egiten dituzten lehen aldia, joan den ikasturtean aldarrikapen nagusia eduki eta testuliburu arrotzak baztertzea izan baitzen. «Zuzendaritzak ez du arazoa konpontzeko pausorik eman», salatu zuten, eta hori dela-eta, aurten ere aldarrikapen berak hartu dituzte. «Ikasleok oraindik ere curriculum arrotzen arabera ikastera behartuak gara, gure herriaren inguruko kulturaren, historiaren, zientzia adierazpenen, literaturaren, folklorearen... arabera egin beharrean», salatu zuten. IAren esanetan, modu horretan, «espainiar eta frantziar herritar» bihurtu nahi dituzte ikasleak «akulturazio» prozesu baten bidez. Oinarrizko irizten diote, alde horretatik, Euskal Herriaren zerbitzura egongo den hezkuntza jasotzeko eskubidea aldarrikatzeari, eta «gaia ikuspegi herritar» batetik jorratu behar dela jakinarazi zuten kideek. Hain zuzen, kultur eskubidea eta Euskal Ikasleen Eskubideen Kartan jasotzen diren gainerako zortzi eskubideak aldarrikatzea xede izango du IAk ostiral honetako Ikasleen Nazioarteko Egunean. «Kanpairik entzun nahi ez duenak sokatik ez tira» lelopean hainbat mobilizazio antolatu dituzte.
|