GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-12-22
San Tomas Eguna
Baserritar jantzi ziren hiriburuak
Milaka herritarrek egun ederra pasatu zuten atzo Bilbon eta Donostian lagunartean. ilaka txistor, opil eta sagardo botila banatu zituzten. Bestaz gain, aldarrikapena eta protesta ere izan ziren baserritar jantzitako hiriburuetan.

Atorra, txapela eta abarkak jantzita ibili zen atzo Aitor Donostiako kaleetan, aitaren bizkar gainean. Berokia eta eskularruak ere soinean zituen eta, hotz izugarria egin arren, goxo-goxo zegoen. Bulebarrera ailegatu bezain laster, txalaparta doinuak aditu zituen, baita jendetzaren marmarra ere. Goizeko hamaikak ziren eta adin guztietako lagun koadrila ugarik zuen hitzordua egina bestari hasiera emateko. Ez zen gutxi pasieran zebilen jendea ere. Ugarte anaiak makilekin egur taulak jota musika sortzen ari ziren; hamargarren aldiz bertaratu ziren Gipuzkoako hiriburura abenduaren 21ean, «San Tomas eguna ona baita diskoak saldu eta dirua irabazteko». Ez zuten denbora handia eman berriketan, «bestela hoztu egiten baikara», baina arratsaldeko seiak arte jotzen jarraituko zutela jakinarazi zuten. Astiro mugitzen zituzten besoak batzuetan; ziztu bizian beste zenbaitetan, Aitorren harridurarako.

Aho zabalik utzi zuten artisauek ere. Ana Erceren puntuzko panpina, apaingarri eta txotxongiloek zoratu zuten batez ere. Edurne Zuri, Txanogorritxo, hiru txerritxoak, Mari Errauskin... Ipuinetako lagun guztiak ezagutu zituen. «Orain dela zazpi edo zortzi urte ekin nion lanari ­adierazi zuen saltzaileak orratzak eta artilea eskuetan­. Edozein unetan egiten dut puntua, ezin bainaiz geldirik egon. Orain ere irrikaz nago hasteko, baina izoztuta ditut hatzak».

«Hiltzeko nahikoa da esku bat, bi behar ditugu laztantzeko, bi txalo egiteko, eta mundu guztiko eskuak bakerako», idatzi zuen Gloria Fuertesek. Gisa horretako esaldiak margotu ditu Ińaki Gorostidi adunarrak eskuz landutako harrietan. Harri-jasotzailea izan zen Gorostidi, eta material berarekin jarraitzen du oraindik lanean, beste modu batean bada ere, erloju, pilotaleku, meta, arrano eta beste hainbat forma emanda.

Trikiti eta pandero doinuak entzuten ziren postuen inguruan, baita Gabonetako kantuen bertsio bereziak ere. «Horra horra, gure Azkarraga, emaiguzu dirua, parekotasuna», ari ziren abesten Lakuako Justizia Administrazioko langileak. «Gasteizko Gobernuarentzat ari gara lanean orain hamar urtetik, baina ez ditu gure lan baldintzak parekatu», salatu zuten. Ez zen San Tomas eguneko aldarrikapen bakarra izan. San Jeronimo kalean zen amnistiaren aldeko talde bat, larunbatetan ohi duen bezala, pizgailuak, elastikoak eta bestelakoak saltzen. Emakume batek begiak urtsu zituela jabetu zen Aitor, aitari «guretzat ez da jaia, senide eta lagunak kartzelan baitaude» esan zionean.

San Jeronimotik Zuloaga plazara joan zen Aitor, eta, beharbada, beste inon baino gehiago gozatu zuen, asto, ahuntz nano, txerri, basurde eta gainerako animaliei begira. Inbidiaz egin zien so alanbre artetik eskuak luzatu eta abereak zirikatzen zebiltzan neska-mutilei, baina iskanbilaz ohartu gabe, amaren altzoan goxo-goxo lo zegoen arkumeak bereganatu zuen bere arreta.

Konstituzio plazako Anbroxi zerrama zen, ordea, protagonista. Ordu bata zen hainbat eta hainbat bururen gainetik pasatu eta mutikoak 370 kiloko txerria ikusi zuenerako. Gainezka zegoen inguru guztia, eta nekez ikusi zituen saltokiak. Era guztietako gozoak zeuden; eztia, propolioa, polena eta argizaria; Jose Salaberriaren omenezko lehiaketa irabazi duten fruitu eta barazkiak; jaki ekologikoak eta begetarianoak... Baina sagardoa, txistorra eta opila izan ziren ziurrenik arrakastatsuenak. Gurutzeta sagardoa zerbitzatzen ziharduen Iratik, eta egun osoan 800 botila saldu ohi dituztela ohartarazi zuen; Legazpiko Uztarri elkarteko talogileek 120 kilo irin erabiltzera iritsi izan direla jakinarazi zuten, eta Josune Riantxo txistorgileak santomasetan 500 bat ogitarteko prestatzen dituztela esan zuen.

Areatza ondo aprobetxatuta

Bilbon, Areatzako gunea aurten prest zegoen, eta oso kokapen egokia izan zuten santomasetarako prestatzen dituzten saltokiek. Aurten, 266 saltoki izan dira BBK-k antolatzen duen feriarako; gehienak, Areatzan bertan, eta beste batzuk, Plaza Barrian. Horiekin batera, Arriagako plazan ere hainbat postu jarri zituzten, eta Bailen kalean artisauak izan ziren.

Giroa, ezin hobea. Donostian antzera, San Tomas egunean ohi den moduan, hotza baina euririk ez. Dena den, hainbat nobedade izan ziren Bilboko azokan: berriro ere, hegaztiak saldu zituzten, eta betiko saltokietan izaten den giroan, nabaria izan zen mihura eta beste landare batzuk saltzen ibili ziren eguneko saltzaileak. Loteria saltzaileek ere egun biribila izan zuten eta jaia aprobetxatuz, Justizia Saileko langileak bertan izan ziren berea eskatzen.

Eguerdian, oraindik saltokien artean lasai ibil zitekeen, baina handik aurrera asko zaildu zen kalean barrena paseatzea. Zalantzarik gabe, taloa eta txorizoa saltzen zen txosnetan ibili zen jende gehien. Taloa, txorizoarekin, txistorrarekin edo urdaiarekin, gehi txakoli edalontzi bat sei euro inguru balio zuen. «Nahiko garestia» zela esaten zuten askok, baina ondo baino hobeto saldu zen dena.

Jende pila batzen zen zapi berdeak, egutegiak edota poltsak dohainik banatzen zituzten inguruetan. Sariei dagokienez, Gatikako Jose Etxebarriak irabazi zuen fruituena; Urdulizko Adela Andikoetxeak, berriro ere, barazki onenak aurkeztu zituen; gazta txapelduna Markinako Florencio Txurrukak aurkeztu zuen; landareetan, Barakaldoko Enedina Madariagarenak izan ziren ederrenak; Mańariko Ińaki Urangak egin zuen ogirik goxoena; Zallako Jose Domingo Txabarrik txakolinik onena; eta abereen artean, Jatabeko Eider Ordońezek aurkeztu zituen onenak. Mercadecoko Karmelo Amezagarentzat izan zen aipamen berezia.

Bestalde, saltokiak banatzeko BBK-k erabiltzen dituen irizpideak kritikatu zituzten atzo, bai feriagunean bertan, baita irratietan atzo zabaldutako emanaldi berezietan ere.

Gogor kritikatu zuten hainbat baserritarrek saltokia eskuratzeko aurrezki kutxa horretan kontua zabalik izan behar dutela interesa dutenek. Ez hori bakarrik, diru mugimendu «nahikoa» egon behar dela ere eskatzen ohi dute. Horiek hala, burdina baten gazta saltzen ibili zen handik eta hemendik gazta egile bat. «Guztiz kritikatzekoa da lanean jo eta ke ari diren hainbat baseritarrek lekurik ez izatea feria honetan», adierazi zion atzo GARAri baserritar batek.

Egun batez, Bilbobus eta Bizkaibuseko grebarik ez zen egon; izan ere, antolatze lanean lagundu nahi izan zuten, eta horrekin batera, bai Euskotrenek bai tranbiak eta metroak zerbitzu bereziak jarri zituzten. Arratsaldeko zazpi eta erdietan, ohitura denez, Oskorri & The Pub Ibiltariaren emanaldia hasi zen Pio Barojako karpan. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Baserritar jantzi ziren hiriburuak
Ekonomia
Bruselas acuerda una «veda» en la que permitirį capturar anchoa en plena costera
Mundua
Un infarto mata al presidente de Turkmenistįn y se abre una crisis
Kultura
Michel Duvertek irabazi du aurtengo ohorezko Euskal Kultura saria
Euskal Herria
Batasuna acusa de mentir a «los que dicen que el proceso va bien»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss