GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2007-01-03
Frankismoa goraipatzea salatuko dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusian
Frankismoak eta bere defendatzaileek duten «zigorgabetasuna» bukatzeko asmoz, hainbat norbanakoek salaketak aurkeztuko dituzte EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Ekimenaren bultzatzaileak Ahaztuak 1936-1977 eta EHGAM elkarteak dira. Lehen bi salaketak militar espainol batzuek kaleratutako «manifestuaren» eta Nafarren Batzordea Madrilen elkarteak egindako egutegiaren kontra izango dira, «frankismoaren apologia» egiten dutelako.

BILBO

Hainbat pertsonek salaketak jarriko dituzte EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, batetik, Estatu espainoleko hainbat militarrek, erretiroa hartua dutenek eta jardunekoek, iragan den azaroaren 14an atari digital batean kaleratutako agiria arbuiatzeko, eta bestetik, Nafarren Batzordea Madrilen deitzen den taldeak egindako egutegia salatzeko. Izan ere, bi jarduera horietan, «altxamendu faxistaren eta ondorengo diktadura frankistaren apologia» ikusten dute herritar horiek. Gainera, hainbat militar espainolek plazaratutako «manifestuan», pertsona gay eta lesbianekin jarrera «homofobo eta iraingarria» dutela uste dute salatzaileek.

Ekimenaren nondik norakoak aurkezteko, jarduera horren bultzatzaile nagusi diren bi elkarteetako ordezkariak agertu ziren atzo Bilbon, Ahaztuak 1936-1977 eta EHGAM elkarteetakoak, hain zuzen. Ez ziren bakarrik egon, frankismoaren biktima askoren babesa jaso baitzuten. Martxelo Alvarezek, Ahaztuak 1936-1977ko kideak, elkarte horrek aurten izango dituen erronka nagusiak aurkeztu zituen, eta «hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia» dela nabarmendu zuen. Alvarezek «PSOEk bultzatu duen Memoria Historikoaren Legearen aurka» daudela adierazi zuen. Horretaz gain, azkenaldian agertu diren «frankismoaren irakurketa errebisionistak eta erregimen horren apologia argiak» arbuiatu zituen. Gainera, Ahaztuak 1936-1977 elkarteko ordezkariak adierazi zuenez, «frankismoaren apologia egitea bere hilketak goraipatzea da». Beraz, Ahaztuak 1936-1977 elkartearen ustez, «zigorgabetasuna eta pasibotasuna bukatzeko formularik onena salaketa da».

Zigorgabetasuna amaitu

«Estatu espainolean bereizketak daude. Izan ere, hor daukagu Iñaki De Juanaren kasua, bi iritzi artikulurengatik 12 urteko zigorra jaso baitu, eta aldiz, frankismoa goratu eta mehatxatu duten militar horiek ez dute inolako jazarpenik izaten», kritikatu zuten salaketa horien bultzatzaile nagusiek. «Legeak guztiontzat berbera izan behar du, ezin baitira kasu batzuk jazarri eta beste batzuk ez», gaitzetsi zuen ondotik Martxelo Alvarezek. «Frankismoa bizitzea, bide bazterrean senide hilak aurkitzea edota ondasunak konfiskatzea egokitu zaigunoi zigorgabetasunak berriz erasotzen digu», erantsi zuen Ahaztuak 1936-1977 elkarteko ordezkariak.

«Europar Batasun osoan, Estatu espainola, erregimen faxista bat goraipatzea posible den kasu bakarra da, Alemanian pentsaezina baita nazien apologia egitea», gaineratu zuen Alvarezek. «Gaian parte hartuko dugu eta erregimen hark ordezkatu zuen guztia txalotzea ekidin nahi dugu», ohartarazi zuen Ahaztuak 1936-1977ko kideak. Salaketa ekimen horiek «sinbolikoak» ote diren galdetuta, EHGAMeko kide Imanol Alvarezek honakoa aitortu zuen: «Nahi izanez gero, egin daiteke, baina borondaterik ez dagoela ikusten dugu, nahiz eta beste batzuetan borondate hori erakusten den pertsona batzuk kartzelan sartu edo bertan mantendu». Beraz, «benetan borondatea dagoen ikusi edota marketin politikoa» den jakin nahi dute. Horretarako, hainbat alderdi eta eragilerekin bilerak izaten jarraituko dute.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
El joven muerto en Martutene estaba internado en una celda de aislamiento
Jendartea
En 2006 el precio de la vivienda nueva ha subido el 6,7%
Euskal Herria
Madrid calcula que hay más de 25.000 toneladas de escombros
Euskal Herria
Frankismoa goraipatzea salatuko dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusian
Mundua
Ban Kin Moon llama a la «unidad de acción» de la ONU
Euskal Herria
Rubalcaba va más allá que Zapatero al anunciar la ruptura del proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss