GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2007-02-01
Euskal Herria Zuzenean jaialdiak ez du Kontseilu Nagusiaren diru-laguntza jaso
Aurreko bi urteetan bezala, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak 2006ko jaialdirako diru-laguntza emango zuela adierazi zien Euskal Herria Zuzenean jaialdiko arduradunei. Geroztik ez dute erakundearen inolako berririk izan. Udaberrian dirulaguntza jasoko zutela esan zuen Baionako teknikariak erabakia «botere altuagoek blokeatu» dutela adierazi zien. Geroztik kontseiluko arduradun ezberdinek ez diete jaialdiko arduradunen deiei erantzunik eman, ezta igorriak izan diren gutunei ere. Laguntza, edo bederen erantzun bat, eskatzeko, Baionan kontzertu-ekitaldi bat antolatu dute larunbat goizean.

BAIONA

«Hitza hitz» izan behar dela adierazi zuten Euskal Herria Zuzenean jaialdiko antolatzaileek. Beraiek hitz emandakoa bete zuten, eta orain, Kontseilu Nagusiaren txanda da agindutakoa betetzeko. Pirinio Atlantikoetako erakundearekin hainbat bilkura izan eta gero, Baionako teknikari batek aurreko urteetan bezala diru-lagutza emanen zietela esan zien jaialdiko antolatzaileei. Uztaileko jairako afixa egiteko momentua heldu zenean, arduradunek Kontseilu Nagusiaren logotipoa ezarri zuten babesleen artean, geroztik ez dute erakundearen berririk izan.

EHZko arduradun Patxi Tikoipek «bederen» erantzun bat merezi dutela argi utzi zuen, hilabeteak baitaramatzate Kontseilu Nagusiaren erantzun baten bila. Beste erakunde askok laguntzak ematen dizkietela ere nabarmendu zuen. Akitaniako eskualdea edo jaialdia antolatzen den herriek beraien laguntzak inolako arazorik gabe ematen dituztela adierazi zuen. Ipar Euskal Herriko beste herri eta hiri batzuen diru ekarpenak ere eskuratzen ditu EHZek, Biarritz, Senpere, Hendaia edo Donibane Lohizune, besteak beste.

Baina laguntzei dagokienez, nabarmenena aurreko urteetan Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak eman dirua da. 2004. urtean 10.000 euro eta 2005. urtean 11.000 euro eman zizkion EHZri. Iaz, bi urte lehenago hasitako segida zela pentsatuz, ez zuten inolako kezkarik izan. Hala ere, jaialdia baino lehen departamenduko erakundeak bertako jaiekin egin zuen zerrenda batean ez zuen Idauze-Mendin egiten den jaialdia jarri, Ipar Euskal Herri osoan eta departamentuan antolatzen den jaialdirik handiena izanik ere.

Laguntza ezaren arrazoia

Erantzun eta azalpen eske Baiona zein Paueko egoitzetara egin deietan, teknikari batek aho txikiarekin arrazoi posiblea jaialdian banatu ziren eskupaper batzuk izan zitezkeela esan ziela adierazi zuen Patxi Tikoipek. Izan ere jaialdiaren aparkalekuan Kontseilu Nagusiko presidente Jean-Jacques Lasserren politikaren kontrako eskupaperak banatu ziren jaialdian zehar.

Arrazoi «pertsonal» hori den jakin gabe ere, Tikoipek azaldu zuen eskupaper horiek ez zirela jaialdiaren eremuan banatu, aparkalekuan baizik, eta zonalde hori beraien kontroletik kanpo zegoela. Aldi berean, eskupaper horiek Baionako bestetan eta Herri Urratsen ere banatuak izan zirela gehitu zuen.

2005ean izan zen beste arazo batek ezarri zuen jaialdia Lasserren begiradapean. Jaialdiaren lehen egunean pankarta bat ezarri zuten kontseiluko presidentearen kontra eta azken horrek horrelakorik ez errepikatzeko eskatu zien.

2006an hamabigarrenez ospatu zen Euskal Herria Zuzenean. Jaialdiak azken hamaika urteetan 214.000 bestazale erakarri ditu. Besta aurrera ateratzeko 7.600 laguntzaileren partaidetza izan dute. Partaidetza hori hogeita hamar urte baino gutxiago duen jendearena dela bereziki nabarmendu zuten prentsaurrekoa eskaini zuten gazteek. Iaz laguntzaileen %90 hirugarren hamarkadan sartu gabeak zirela jakinik, parte-hartzaileak informatzen eta formatzen egiten duten lan pedagogikoa azpimarratu zuten gazteek. Lan horrek, EHZk sustatzen dituen elkarlanerako eta praktika alternatiboetarako joerekin loturik, Idauze-Mendin ospatzen den bestaren balioa agerian uzten duela deritzote antolatzaileek.



Aurrekontu justua Zuberoan daudenetik
Atzo Euskal Herria Zuzenean jaialdiko antolatzaileek diru-laguntzen garrantzia nabarmendu zuten. Jaialdiak bere egoitza Zuberora aldatzea erabaki zutenetik egoera ekonomikoa urtero berrikusi behar dutela azaldu zuten. Urtero, behar izaten dituzten 400.000 euroen inguruan ibiltzen dira, batzutan gainetik, baina beste batzuetan baita azpitik ere. -



Kontzertua eta aperitifa larunbatean

BAIONA

Larunbatean diru-laguntza eskatzeko ekitaldia egingo dute Euskal Herria Zuzenean jaialdiko antolatzaileek. Baionako Kontseilu Nagusiko egoitzaren aitzinean goizeko hamaiketatik aurrera ekintza ezberdinak prestatu dituzte. EHZ jaialdia izanik, beraien ekintza besta giroan egitea deliberatu dute. Horregatik, diru eskaerarekin batera, jaia izanen da nagusi larunbatean.

Lehenik eta behin, Kontseilu Nagusiko presidente Jean-Jacques Lasserri diru-laguntza ordaintzeko txekea sinatzea «ahaztu» zaiola ikusita, sinatu gabeko ordain papera eramango dute erakundearen egoitzara, presidenteak bere sinadura bertan ezar dezan.

Ekintza sinbolikoaren ostean, bestaz gozatzeko aukera izanen da larunbatean. Horretarako kontzertu bat izanen da Kontseilu Nagusiko egoitzaren aitzinean dagoen plazan. Horren ondoren aperitifa hartzeko parada ere eskainiko dute Euskal Herria Zuzenean jaialdiko arduradunek. Ekitaldiak indarra izan dezan, jaialdiko laguntzaileei eta bestalariei Baionara hurbiltzea eta parte hartzea eskatzen diete antolatzaileek.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
«Me sorprendería que interrumpiesen definitivamente el diálogo con ETA»
Iritzia
El diálogo, la negociación y el acuerdo no tienen alternativa
Kultura
Euskal Herria Zuzenean jaialdiak ez du Kontseilu Nagusiaren diru-laguntza jaso
Jendartea
Los grandes temas del día, en el arranque
Euskal Herria
«La palabra es libre y su uso no se puede castigar»
Euskal Herria
Ibarretxe: «Seguiré hablando con todos, porque no hay otro camino»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss