GARA > Idatzia > Kultura

Bob Marley, 62 urteko izar distiratsua

Askotan galdetu diogu gure buruari zer gertatuko litzatekeen Bob Marley bizirik balego. Musika egiten jarraituko lukeen ala, garai batean famatu izan ziren abeslari askok egin zuten bezala, oroitzapenen kontura biziko litzatekeen?

Aritz SOUND SYSTEM Kazetari eta musika adiktoa

Robert Nesta Marley, 1945eko otsailaren 6an jaio zen Jamaikako St. Ann's nekazari gunean eta 1981eko maiatzaren 11n hil zen Miamin. Hasiera batean, jamaikar gazte askok bezala, musikatik bizitzea zuen ametsa -Jamaikako gizartean ghettoetako gazteek miseriatik irteteko zuten aukera bakarrenetakoa zen-. Denborarekin eta lehenengo helburu hori lortuta (kostata), musika, gizartea eraldatzeko tresna ezin hobea dela konturatu zen -bereziki idazten eta irakurtzen ez dakien gizarte batean-. Gaur egungo ikuspegitik aztertuta, eta Jamaika milaka kilometrotik begiratuta, oso kritikoak izan gaitezke Bob Marley eta bere lagunek zabaldu zituzten mezu askorekin -Rasta erlijioa, Haile Selassie diktadorea, jamaikar gizarte matxistaren eragina, e.a.-.

Oinarrian, ordea, nahiz eta bere garaiak eta inguruneak baldintzatuta egon, zintzoki, pertsonen arteko berdintasuna eta errespetua bilatzen zuela pentsatzen dugu. Bob Marley-k, arrakastaren maila gorenera iristen ari zenean utzi gintuen; eta bera hil eta gero, nazioarteko aitormena handitzen joan da etengabe. Gaur egun, mundu mailan ezaguna den abeslaria da, reggae musikaren eremua gainditu du eta milaka gazteren erreferentea da oraindik. Askotan galdetu diogu geure buruari zer gertatuko litzatekeen Bob Marley bizirik balego. Musika egiten jarraituko lukeen ala, garai batean famatu izan ziren abeslari askok egin zuten bezala, oroitzapenen kontura biziko litzatekeen. Diskoak kaleratzen jarraituko balu, zer musika egingo luke? Reggae musikara mugatuko litzateke? Beste estiloekin nahastuko luke reggaea? Reggaearen bilakaerarekin bat egingo luke? Zer jarrera edukiko luke bere musika merkantzia gisa erabiltzen dutenekin? Hil eta gero lortutako fama edukiko luke? Musika, gizartea aldatzeko tresna bezala ulertuko luke oraindik? Zer pentsatuko luke egungo gizarte jamaikarrari buruz? Eta munduaren egoerari buruz? Kontzertuak ematen jarraituko luke? Eta hemen kontzertua emango balu, jendea agurtzeko garaian, automata modura, greetings Spain esango luke? Basque Country-ko egoerari buruz interesa erakutsiko luke? Zinbawerekin egin zuen bezala, Euskal Herriaren askatasun egarriari kantua eskainiko lioke? Erantzunik gabeko galderak dira baina zer pentsatua ematen digute. Eta erantzunak bilatzen badizkiegu, bakoitzaren nahiaren araberakoak izango dira ziurrenik. Ez gaitzala inoren distirak itsutu.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo