GARA > Idatzia > Ekonomia

Ipar Euskal Herrian nagusi izan arren, ELBk bi eserleku bakarrik izango ditu Pauen

ELBk bi eserleku izango ditu Paueko Laborantza Ganberan. Hiru euskal lurraldeetan laborari gehienek haren alde bozkatu izan arren, 41 eserlekutik bi besterik ez ditu izango hauteskunde-sistema dela-eta.

GARA |

Hauteskunde-sistemaren arabera, Paueko Laborantza Ganberako 41 eserlekuetatik bi bakarrik izango ditu ELBk. Nahiz eta hiru euskal lurraldeetan laborari gehienek (%51,39) haren alde bozkatu duten; Departamenduko bozen %21,98 lortu ditu azken hauteskundeetan.

Eserlekuak 10 kolegiotan banatzen dituzte eta ELB horietako bitan aurkeztu zen: laborarien eta laborari erretiratuen kolegioetan. Azken horretan %13,59 lortu du, baina eserlekurik ez.

FDSEA izan da, berriro ere, Departamenduan nagusi. Lau kolegiotan aurkeztu da, eta horien emaitzak baturik, orotara 23 eserleku bereganatu ditu.

Coordination Rurale sindikatua izan da hirugarren bozen %12,1ekin, eta Biarnoko Confederation Paysannek (%12) beherakada izan du azken hauteskundeetatik. Bakoitzak eserleku bana izango du.

Aldaketa gutxi

Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganberako eserlekuen banaketa 2001 . urtean bezala geratu da, beraz. Aldaketa nabarmenena soldatapekoen laborarien kolegioan izan da, CFDTk hartu baitio gaina CGTri bi bozeko aldeaz, eta lau eserlekutik hiru berarentzat izango dira. Horrez gainera, profesionalen elkarteetako soldatapekoen kolegioan ere nagusitasunari eutsi dio CFDTk.

Bestalde, ABk ELB zoriondu du «kontestu ezin zailago eta gogorrean» lortutako emaitzengatik. Prefekturak, Paueko Ganberak eta Kontseilu Nagusiak jarritako «trabak» gainditu dituela adierazi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo