GARA > Idatzia > Kultura

«Sarri bere testuetan kontatzen ari dena ikusi egiten da"

ruper ordorika
abeslari eta kantugilea Barañaingo auditoriumak Ruper Ordorikaren kantaldi bat hartuko du gaur. Oñatiko abeslaria bira luze batean dago sartuta, «Memoriaren mapan" azken diskoa aurkezten hasi zenetik. Baina kontzertu hori berezia da berarentzat, beharbada Euskal Herria Irratiak aurkezten duelako. Elkarrizketa honetan, beste gai batzuen artean, Sarrionandiari buruz mintzatzen zaigu Ruper.

Karolina ALMAGIA | BILBO

Beti musikari talde on bat izan duzu inguruan. Oraingoan, berriz, baxu bakar batekin ibiltzen zara. Ez al zara apur bat biluzik sentitu?

Hau ikasbide bat da. Orain dela hiru urte hasi nintzen horrelako saiotxo batzuk egiten, eta bai, aldaketa handia da niretzat. Baneukan gogoa hori egiteko, eta nire betiko kontzertuetan beti sartu izan dut kantu bat edo beste bakarlari gisa. Kantua oso gauza primitiboa da, eta jendeak badu gogorik horretarako. Niretzat ere lezio bat da; kontzertu ezberdinak dira; giroa aldatzen da.

Sarrionandiaren poemak musikatu dituzu. Alde horretatik, zure hasierako urteetara itzultzea da.

Bai. Eta horrek hemengo joerarekin lotzen nau. Nire aurrekoek hainbat disko egin izan dituzte poeten gainean, eta nire lehendabiziko diskoa osorik Bernardo Atxagaren poemekin atera zen. Ezinezkoa da pauso bat ematea aurrekoa eman barik. Beti entzuten ez den hori egin nahi izaten da, baina askotan hori garai bateko oroitzapenekin lotuta egoten da. Baina ez dut uste atzera begiratu dudanik. Hemen badaude gauzak, nahi baduzu oso sinpleak, baina esperientziaren ondorio direnak.

Batzuetan onartu izan duzu abesti zaharrek nahiko eragin dutela zure kantutegian. Disko honetan hori nabariagoa da?

Ez oso arrazionalki, baina nahi hori eduki dudala onartuko nuke. Niretzat, kantu zaharra beti da inspirazio iturria. Asko maite dut, oro har, eta ez bakarrik Euskal Herrikoa. Uste dut Hiru Trukuren esperientziak baduela zeresana nire ondorengo diskoetan.

Euskal Herritik kanpora joango al zara diskoa aurkeztera? Nolakoak dira kantaldi horiek?

Bai, baditut kontzertu batzuk hitz emanda Madrilen, Katalunian, Mallorcan eta Santanderren ere. Beti topatzen da interesa duen jendea, egindako ekarpena entzuteko irrikan dagoena. Hori alde positiboa da. Bestea, beti hasieran bezala egotea da; beti hutsetik abiatu behar da. Eta, gainera, beti ohiz kanpokoa da; ez gaude zirkuituan. Hori horrela da, eta onartu behar dugu.

Baten batek proposatu al dizu beste hizkuntz batean aritzea?

Bai, askotan. Baina nik ez dut ikusten beharrik; oraindik hari honetatik tiraka asko esan behar dut. Hori egingo balitz, publiko zabal batengana iristeko asmoz izango litzateke, baina nik horretan gaur egun ez dut sinisten. Sormenaren aldetik, ez dut ikusten neure burua, nahiz eta baditut hiruzpalau kanta espainolez eginak, maite ditudan zenbait poetaren gainean.

Ba al duzu Sarri berriro Euskal Herrian ikusteko esperantzarik?

Bai, badut. Eta horrek esan nahiko luke asko aurreratu dugula.

Zer-nolako sentimenduak dituzu gaur egun gure herrian gertatzen ari den guztiarekin?

Oso nahasiak. Uste dut badela garaia gauzak aztertzeko eta denentzat beste proiekzio bat egiteko. Iruditzen zait interes handiak daudela gauzak ez daitezen mugi, eta egoera horretan ikusten dut gutariko askoren ihes egin beharra. Esaten diren gauzak eta egiten direnak ez datoz bat gehienetan.

Hasieran bezala
«Euskal Herritik kanpo kantatzeak ohiz kanpokoa izaten jarraitzen du. Ez gaude zirkuituan; hasiera batean bezala gaude"
euskal gatazka
«Iruditzen zait interes handiak daudela gauzak ez daitezen mugi, eta egoera horretan gutariko askoren ihes egin beharra ikusten dut"

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo