GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Inork eskatzen ez ziona egin du Batasunak", erantzun du EAJk

Batasunak aurkeztu berri duen akordio politikorako proposamenak gainerako alderdiak zur eta lur utzi dituela argi gelditu zen atzo berriro. EAJko Kongresuko eledun Josu Erkorekaren ustez, «inork eskatzen ez ziona egin du". Izan ere, alderdi horrek mugimenduak beste esparru batean nahi zituen; ETAren aurrean, alegia.

GARA | BILBO

Ezker abertzaleak asteazkenean jakinarazi zuen autonomia proposamenak «harridura» eragin duela onartu zuen atzo EAJko Diputatuen Kongresuko eledun Josu Erkorekak. Radio Nacional de España kateari emandako elkarrizketa batean, «inork eskatzen ez ziona» egitea leporatu zion Batasunari.

«Euskal gizarteak bestelako gauza bat espero zuen; indarkeriaren aurkako jarrera garbia, hain zuzen ere», esan zuen.

Elkarrizketa politikoa ahalbidetu eta sustatzea du helburu Arnaldo Otegik azaldu zuen proposamenak, baina horretarako borondate handirik ez du erakusten EAJk Barajaseko atentatua gertatu zenetik. Hori dela-eta Erkorekak esan zuen Bata- sunak orain arteko irizpideak ez zituela aldatu behar. «Bere ohiko helburu politikoetan geldi zitekeen lasai asko, demokraziarekin bateragarriak direlako eta sistema demokratiko batean defenda daitezkeelako, betiere indarkeriarekin egiten ez bada», argudiatu zuen.

Ondorioz, proposamena «keinu harrigarritzat» jo zuen Erkorekak. «Asmo onez egin da, dudarik gabe, beren planteamendu politikoei errealismo dosiak gehitu nahi dizkietelako. Baina okerra da, ez dutelako egin euskal gizarteak espero zuena. Eta inork exijitzen ez ziena, ordea, egin egin dute», nabarmendu zuen berriro Josu Erkorekak elkarrizketan.

Harridura horrezaz gain, autonomia proposamenarekin EAJ desados ez dagoela erantsi zuen Erkorekak. «Oinarri pragmatikoekin jokatzea ona da beti, bai eta helburu politikoak mailakatzea ere; etsipena eragiten du kontrakoak», azaldu zuen jelkideen diputatuak.

Gatazkari irtenbidea emateko elkarrizketa berriz ere gorpuzteko prestutasun handirik ez du agertu, ordea, Josu Erkorekak. Horretaz galdetu zioten, eta honakoa esan zuen: «Epe motzera elkarrizketa bidez indarkeriaren amaieran pentsatzea ameskeria litzateke».

Izan ere, Barajaseko atentatuak ETA erakundeak horretan sakontzeko borondate garbirik ez duela erakutsi zuela aipatu zuen Erkorekak.

Epe luzera, ordea, beste biderik ez dela onartu zuen jelki- deak. «Terrorismoa elkarrizketaren bidetik amaitu behar da. Hori mahai baten inguruan bukatu behar da, bertan ETAren ordez norbaitek betiko pertsiana hori ixten dutela esan behar baitu. Bestela, tunel ilun batetik ibiltzera kondenatuta egon gaitezke; inoiz ez genuke jakingo oraindik armei eusteko prest dagoen norbait ote den».

JAUREGI (PSOE)
«Helburu taktikoa du proposamenak", esan zuen Ramon Jauregik. «Gauza berriak izan daitezke, baina testuinguruak ezerezean uzten du, indarkeria dagoen bitartean elkarrizketarik ez dago-eta", esan zuen.
ZIARRETA (EA)
Ezker abertzalearen ekimenean ez dagoela berri handirik aipatu zuen EAko idazkari nagusiak. Gainera, horren planteamenduak Ibarretxe Plana delakoan hobeto jasotzen direla azaldu zuen; «juridikoki zuze- nago", hain zuzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo