GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iruñeko peñak estudioan sartu dira «eraldatu edo hil" esaerari heltzeko

Peñak berak baino ezagunagoak dira askorentzat sanferminetan entzuten ditugun abestiak: «Uno de enero...", «Hay un farol colorao...". Hala ere, gehienak peñek berek sorturiko «him- noak" ditugu, eta urte askoan iraun duten arren, aldatu ez, baina berritzeko unea iritsi zaie horiei ere. «Hamasei kolore, jai bat" diskoaren grabazio lanetan buru-belarri sartu dira dagoeneko peñetako 600 bazkide baino gehiago.

Atzo arratsaldean hasi ziren sanferminetako peñetako ki- deak beren elkarte berezietako abestiak grabatzen. Hori bai, aurretik, bazkari eder batekin berotu zituzten eztarriak eta gainerakoak.

Une honetan ez dago merkatuan gaur egun Iruñeko peñen federazioa osatzen duten hamasei elkarteen himnoak biltzen dituen diskorik, eta ia sei urteren buruan, aurten buru-belarri ekin diote proiektu horri. Peña guztietako kideak batera biltzea ia ezinezko izaki, 300 bat pertsona atzo 16.00etan elkartu ziren Aitzoaingo Artsaia aretoan. Bertan bildu ziren Donibane, Alegria de Iruña, Oberena, Sanduzelai, Aldapa, Bronce, Jarana eta Txarko peñetako kideak eta Los Incansables eta Jarauta 69 fanfarreetako musikariak; izan ere, haiei lagunduko diete.

Lehendabiziko jardunaldia izan zen atzokoa, baina datorren igandean izango du jarraipena grabazioak. Orduan -atzo egin bezala sagardotegian bapo bazkaldu eta gero-, San Fermin, Muthiko Alaiak, Bullicio, Anaitasuna, La Unica, Errotxapea, Irrintzi eta Armonia Txantreana peñek grabatuko dituzte euren abestiak. Horiek Neskak eta Jaiak fanfarreen laguntza izango dute.

Peñen federazioak jakinarazi duenez, guztira 600 pertsona baino gehiagok parte hartuko du eskuzabalki diskoa grabatzen.

Gainera, bazkaria egiteak eta musika eta ahotsak aldi berean grabatzeak helburu jakin bat dutela azaldu zuen: «Bertsio bakoitza ahalik eta espontaneoenean irten dadila».

Ekainerako argitaratuko dute produktua, baina ez da horretara mugatuko, bigarren CD bat ere egongo baita, eta bertan, Nafarroako talde zenbaitek peña bakoitzaren abesti bana jo edo haren bertsioa egingo baitu.

Hizkuntza eta hizkera

Abestiak, ordea, ez dituzte kasu guztietan guk ezagutzen ditugun bezala grabatuko, batzuek aukera baliatuko baitute hizkuntza eta hizkera aldaketak egiteko.

Horien artean aipatzekoa da Muthiko Alaiak, Irrintzi eta Anaitasunak peñek egingo duten ahalegina, mundu guztiak ezagutzen dituen abestietan euskarazko ahapaldiak gaineratuko baitituzte. Beste batzuek, ordea, hitzak pixka bat aldatuko dituzte hainbat arrazoirengatik: eguneratzeko, emakumea errespetatzearren...

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo