GARA > Idatzia > Kirolak

Urrezko Aizkora

Larretxeak eta Barberenak finalerako txartela lotu dute Ezkurra II.ak eta Etxetok aurreikuspenak bete dituzte, ezusterako tarterik utzi gabe

J.L.| DONOSTIA

Donato Larretxeak eta Joxejuan Barberenak lortu zuten atzo, Espejon, Urrezko Aizkorako finala jokatzeko txartela, eta hilaren 24an neurtuko dira Azpeitiko finalean Floren Nazabalen eta Juanjo Lopezen aurka.

Atzoko finalerdian Luix Txapartegi eta Joxemiel Peñagarikano izan zituzten aurrez aurre, eta lan dezente egin behar izan zuten irabazi ahal izateko. Gipuzkoako bikoak bi proba ere bereganatu zituen, eta azkeneko saiora aukerekin heldu zen. Hastapenean aurretik izan ziren, baina gero alde dezenteagatik galdu zuten, eta lehendik galduta zuten denbora kontuan hartuta, amaieran minutu eta erdiko galera izan zuten.

Hasteko, 45 ontzakoa ahalik eta kolperik gutxienen moztu behar zuten, eta hor nafarrak gailendu ziren. 38 kolpetan erdibitu zuten enborra, eta gipuzkoarrek bi kolpe gehiago behar izan zituzten. Bigarren lanean, bi 45 ontzako erlojuz kontra moztu behar zituzten, eta hor Txapartegi eta Peñagarikano nagusitu ziren. 1.26 izan zen haien denbora, eta hamar segundo gehiago behar izan zituzten Larretxeak eta Barberenak.

Hirugarren proba hasi baino lehenago, gipuzkoarrak aurretik ziren, baina hirugarrengoan berriro ere nafarrak aurreratu ziren. Izan ere, bi metro bueltan dituen enborra 4 minutu eta 14 segundotan moztu baitzuten; Aizarnakoak eta Beizamakoak, berriz, lau minutu eta 47 segundotan.

Laugarren lanean, berriro ere gero galdu zuen bikoa nagusitu zen. Oinbiko bat moztu behar zuen, eta denbora 3.05 izan zen. Nafarrek, berriz, bi segundo gehiago behar izan zituzten. Bosgarren lanean, kana-erdiko bat zutik eta bestea etzanda erdibitu behar zuten, eta Larretxeak eta Barberenak 3 minutu eta 57 segundotan bota zuten; eta gipuzkoarrek, berriz, zazpi segundo gehiagotan. Azkeneko lanean, txanda librean, lau 60 ontzako eta bi kana-erdiko erdibitu behar zituzten, eta nafarrek irabazi zuten. 11.18 izan zen haien denbora, eta 12.08, besteena. Amaieran, lan guztiak burutzeko, 24 minutu eta 50 segundo behar izan zituzten Barberenak eta Larretxeak, eta 26 minutu eta 10 segundo, Txapartegik eta Peñagarikanok.

23 urtez azpikoak

23 urtez azpikoen Txapelketan, berriz, lehendabiziko finalerdia jokatu zuten herenegun ilunabarrean, Diman, eta faboritoek, Atutxa II.ak eta Aldapek, ez zuten hutsik egin; finalerako txartela lortu zuten. 20 minutu eta 22 segundo behar izan zituzten lan guztiak burutzeko; eta 24 minutu eta 53 segundo, berriz, Larretxea lehengusuek. Bizkaitarrek lan ona egin zuten, eta aipagarria da lehen proban egindakoa; izan ere, 45 ontzakoa 30 kolpetan erdibitu zuten, eta hori onenek ere ez dute lortu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo