GARA > Idatzia > Pelota

Pilota (Berezkoen Bakarkakoa)

Ezkurra II.ak eta Etxetok aurreikuspenak bete dituzte, ezusterako tarterik utzi gabe

J.L. | SENPERE

Ez zen ezustekorik izan atzo Senperen jokatu zuten finalerdietako azkeneko bi partidetan, eta bi faboritoek, Ezkurra II.ak eta Etxetok, aurrera egin dute. Datorren ostiralean Pauen jokatuko dituzten finalerdietan izango dira.

Ezkurra II.a eta Aranburu neurtu ziren lehen partidan, eta Urruñakoak aise irabazi zuen, 40 eta 14 menderatu baitzuen Aranburu 35 minututan. Emaitzak erakusten duen moduan, norgehiagoka horretan ez zen k0lorerik egon. Lehenengo bost kintzeetan bi aldiz egon ziren adostuta, baina hortik aurrera urruñarrak abiadura handia eman zion partidari, eta bere indarrak probatu nahian, jan egin zuen Hendaiako aurrelari beteranoa. Saketik ongi aritu zen, bai eta aurrean ere, kintzeak amaitzerakoan.

Honako partzial hauek izan ziren: 2-2, 5-5, 21-7, 30-11 eta 40-14. Ezkurra II.ak 15 kintze sartu zituen botetik; eta Aranburuk, berriz, lau.

Bigarren partida estuagoa izan zen, baina amaierarako Etxetok nagusitasuna erakutsi zuen. 40 eta 26 menderatu zuen Idiart, 53 minututan pilota astintzen aritu ostean. Hala ere, hamaseigarren kintzera bitarte hamar berdinketa izan ziren, baina hortik aurrera, irabazleak aise eraman zuen kanporaketa. Partzialak hauek izan ziren: 2-2, 3-3, 6-6, 7-7, 8-8, 9-9, 10-10, 11-11, 13-13, 16-16, 25-17, 34-23 eta 40-26. 9 kintze egin zituen botetik Etxetok, eta 5 Idiartek. Finalerdiak datorren ostiralean jokatuko dituzte Pauen. Ezkurra II.a Kurutxarirekin neurtuko da, eta Etxeto, Ozafrainekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo