GARA > Idatzia > Kirolak

Sokatira 640 kiloko finala

Abadiñok ez du hutsik egin, eta lehen txapela jantzi du

Zaleen ustez, Ñapurrak taldea zen bizkaitarren aurkari nagusia, baina Ezpeletakoek Sokarriren aurka galdu, eta hirugarren amaitu zuten

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ez zen ezustekorik izan, eta Abadiño A taldeak irabazi du Euskal Herriko Txapelketako lehendabiziko txapela. Bizkaitarrak ziren faboritoak, eta jadanik jantzi dute 640 kilokoa. Besteek ere haientzat izateko itxura guztia dute.

Sei talde izan ziren Betelun jokatu zuten finalean. Aurretik hiru jardunalditako ligaxka jokatuta zegoen, eta hango sei onenak lortu zuten atzoko txartela. Lehen postuan ez zen ezusterik izan, baina izan ziren bi dezenteak. Alde batetik, Ñapurrak. Hura jotzen zuten bizkaitarrei aurre egin ziezaiekeen talde bakartzat, baina Ezpeletakoek hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Auzolan ere estreinako hiruretan izango zela uste zen, baina Astigarragakoek azken amaitu zuten.

Abadiño A taldea jaun eta jabe izan zen, eta saioko tiraldi guztiak bereganatu zituen aparteko arazorik gabe; ongi merezitako txapela jantzi zuen. Bigarren postuan Sokarrik amaitu zuen. Abadiñoren kontra galdu zuen, eta Ñapurrak taldearen aurkakoak ikusmin handia piztu zuen, hango irabazlea bigarren izango zela uste zelakoan, eta horrela izan zen. Lapurtarrak ziren faboritoak, baina Sokarrik irabazi zuen, eta haientzat izan zen sailkapeneko bigarren postua.

Ñapurrak taldeak lehen bi sailkatuekin galdu zuen, baina gainerako tiraldi guztiak irabazi zituen, eta hirugarren postuan amaitu zuen. Dena dela, Ezpeletakoak ez ziren oso gustura agertu; izan ere, haien asmoa bigarren postu hori segurtatzea baitzen.

Abadiño B ere ezustekoa izan zen. Azkeneko postuan ez geratzeko Amaiur taldearekin borrokan ibiliko zela zirudien, baina estreinako hiruren aurka galdu ostean, gainerako guztiak menderatu zituen.

Auzolan, azkena

Amaiur taldeak ligaxkako azkeneko jardunaldian azkena amaitu zuen; finaletik kanpo geratu zen Kuartangoren atzetik, baina finalean ez zen azkena izan. Aurreko guztiekin galdu zuen, baina Auzolani bi tiraldi irabazi zizkion, eta sailkapeneko bosgarren postuan amaitu zuen.

Ezusteko tristeena, berriz, Auzolanek eman zuen. Txapelketa hasi zenean, Abadiñori aurre egin ziezaioketenen artean zegoen, baina lehenengo finalean saioko tiraldi guztiak galdu zituen, eta azkeneko postua harentzat izan zen. Gainerako pisuetan postua hobetzea izango dute helburua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo