GARA > Idatzia > Pelota

PILOTA Binakako Txapelketa

Aurrelari lapurtarren lan bikainak arnasa eman dio Asperi

Xala-Eulatek finalerdietarako txartela lortu, eta Gonzalez-Pascualek kitarako bakarra behartu dute

XALA-EULATE 22

LEITZA-ZEARRA 14

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Xala eta Eulate dira finalerdietako txartela lortu duten Aspeko lehen pilotariak. Partida serioa jokatu zuten biek Beragaran, eta Lekuineko aurrelariak ongi erabaki zuen beste neurketa luze eta piloteatu bat. Leitza eta Zearra, kanporaketan oso makal eta kamuts, pilota atzeratzera mugatu ziren eta, Eulatek oso ongi eutsi zuelarik, Yves Salaberrik dozena bat tanto ikusgarrirekin norgehiagoka bereganatu zuen.

Lehen tantoak ikusita, bazirudien lau protagonistek Zornotzako maratoia errepikatzeko erabakia hartua zutela. Leitzak eta Zearrak ez zuten aurreko jokoaz ezertxo ere jakin nahi, eta Eulateri jokatu zioten behin eta berriro. Hasiera horretan, tanto gehienak atzean egin zituzten, eta markagailua berdinduta joan zen lan erdietara heldu arte.

Azken berdinketa 8 eta 8koa izan zen, baina urdinak 12-11raino hurbildu ziren. Hala ere, aurrelariek ikusten zuten sartu beharra zutela beren atzelaria lehertu baino lehen. Eta hortxe apurtu zen neurketa. Xala sartu zen bakoitzean, pilota oso atzean jartzeaz gain -bi pilota bidali zituen ETBren standera-, tanto ederrak lortzen zituen aurrean -txokoan egindako 14.a eta zabalean amaitutako 5.a eta 19.a izan ziren onenak-. Leitza sartu zen apurretan, aldiz, hutsak egindako tantoak baino dezente gehiagotan heldu ziren bikote saiatu urdinarentzat.

Azken txanpan, Xalak bere zenbakiak biribildu zituen, eta lesioa erabat ahaztuta duela ikusi genuen. Ligaxkan Aspeko bikote ahulena izan zena enpresako lehena izan da finalerdietako ligaxkan sartzen, eta Xala handiaren laguntzarekin Eulatek berriz ere finalean sartzeko aukera handiak ditu.

Musikaz blai Tafallan

Gonzalezek eta Pascualek, bestalde, kitarako partida behartu zuten Tafallako Ereta pilotalekuan Kokari eta Otxandorenari 22-15 irabazita. 67 minutu eta 422 pilotakadako partidan, Sebastien Gonzalezen indarrak erabaki zuen neurketa oso parekatua azken tantoetan. Ordura arte, Juantxo Kokak oso ongi bilatu zizkion kilimak Azkaineko aurrelariari, eta Asegarcekoek finalerdiak oso gertu izan zituzten une batez.

Partidaren hasieran, pilotariak berotzen ari zirenean, Gonzalezek Iñaki Otxandorenari sekulako pilotakada jo zion buruan, eta, lurrean minutu pare bat egon eta gero, aldageletara eraman zuten. Azkenean ez zen kolpea besterik izan, eta jokatzeko moduan izan zen. Gainera, partida hasi aurretik eta atsedenaldietan, musika emanaldia ere egon zen harmailetan soinujotzaile eta guzti.

Esan bezala, Kokak eta Otxandorenak oso gertu ikusi zituzten finalerdiak. Aspekoen huts batzuk baliatuz, Otxandorenaren defentsa bikainari esker eta Kokak amaitu zituen tanto batzuekin, gorriak 14-11 aurreratu ziren markagailuan. Hortik aurrera, ordea, Sebastien eta Iñigo lasaitu egin ziren, eta hobeto jokatzen hasi, jokoa atzean asko eta ongi pilatuta.

Hala, datorren asteburuan txapelketako partida bakarra lau pilotari horiek jokatuko dute, hirugarren partida beharko duen kanporaketa bakarra baita. Inauteriak izanik, Tolosan jokatuko dute ziur asko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo