GARA > Idatzia > Kultura

Kanbodiako kaleko umeen bizimodua, Mikel Aristregiren kameraren ikusmiran

«Rue 24, Phnom Penh (Kanputxea)" 33 argazkiz osatutako bilduma Donostiako FNACen ikusgai dago. Mikel Aristregi argazkilari hernaniarrak Kanbodiako kaleetan bizi diren umeen bizimodua islatu du.

Kristina MARTIN | DONOSTIA

«Phnom-Penh-eko kaleetan eskasiarekin, gaixorik eta abandonaturik noraezean dabiltzan umeei lapurtutako haurtzaroa» islatu nahi izan du Mikel Aristregik bere argazkietan. Kanbodiako hiriburuko kaleetan dabiltzan umeen eguneroko bizimodu gogorra erakusten du argazkilari hernaniarrak Donostiako FNACen zabaldu berri duten erakusketan.

Argazkiak 2004ko azaroaren eta 2005eko martxoaren artean egin zituen. Kanbodiako hiriburura Global Humanitaria Gobernuz Kanpoko Erakundearen (GKE) bitartez joan zen. Lehendik ere egona zen Kanbodian, baita Asiako beste herrialde batzuetan ere. «Ez nuen nahi bertara joan eta ikusten nuena irizpiderik gabe atera. Zer eta zergaitik ari nintzen hori ateratzen argi eduki nahi nuen», azaldu zuen Aristregik atzoko aurkezpenean.

Kaleko umeen bizimodua islatzea erabaki zuen argazkilariak. Pobreak, drogazaleak, familia egiturarik gabekoak, hiesdunak... Unicefen definizioaren arabera, kaleko umeak denbora gehiena kalean ematen duten umeak dira. Hiru mota bereizten ditu: kalean bizi eta familiarekiko loturak guztiz apurtu dituztenak, gehienak 12-18 urteko mutilak dira; bigarrenik, kalean lan egiten duten arren gauean etxera itzultzen direnak. Bi mota horietakoek dute lekua Aristregiren erakusketan. Hirugarren motakoak, familiarekin batera kalean bizi diren umeak, ez dira agertzen. Bai, ordea, horiek kaleko ume izateari uzteko lan egiten duten GKEen lana. Bildumaren azken atalean, erakundeok umeak kaleetatik urruntzeko aterpetxeetan azaltzen dira. Ez da, baina, inolaz ere erraza, lehenengo egunak igarota, askok ihes egiten dutelako.

Horietako bat Pich kaleko umea da. Bere izenak diamantea esan nahi du eta bildumako hiruzpalau argazkitan agertzen da. Bideojokoetan jolasean, lurretik hartutako sagar zati bat jaten eta kola esnifatzen. «Berezia izan zen ume hori niretzat. Gehienek kamerari ihes egiten zioten, baina Pichek ez. Uste dut antzeman zuela zer atera nahi nuen», gogorarazi zuen Aristregik.

Phom Penh-eko umeak ehunka irudiren inspirazio iturri izan ziren, orotara 250 argazki bobina inguru ekarri zituen beteta. Lanik zailena horietatik 40 aukeratzea izan da. FNACeko erakusketa gunean 33 baino ez daude, leku arazoak direla medio.

Irudi guztiak zuri-beltzezkoak dira. «Azaroan egin nituen, sasoi lehorrean, eta garai hartako argiak, zeruak eta, nola ez, gaiak berak horretarako aukera ematen zutela iruditu zitzaidan», argitu zuen.

 

Giza-argazkilaritzaren alde

FNACek argazkilari berrien lana ezagutzera emateko asmoz antolatzen duen 5. lehiaketa irabazi du Aristregik. Orain arteko irabazleen lanek artearekin lotura handiagoa zuten, baina Aristregi saritzerakoan lehen aldiz giza-argazkigintzaren alde egin dute.

Aristregik Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen Kazetaritza ikasketak eta Kataluniako Institut de Estudies Fotografics zentroan argazkigintza ikasi zuen. Urteotan Euskal Herriko zenbait hedabideetan kolaborazioak egin ditu, baita Estatu frantsesean eta Norvegian ere.

Fitxa
Zer: «Rue 24, Phnom Penh (Kanputxea)" argazki bilduma. Egilea: Mikel Aristregi (Hernani, 1975). Non: FNAC (Donostia). Noiz arte: Martxoaren 27 arte. Sarrera: Doakoa.
Ficha
Obra: «Fragile". Autores: Krepsko, Darinka Giljanovic. Intérpretes: Linnea Happonen, Jiri Zeman. Música: Luis Fiestas. Dirección: Linnea Happonen. Producción: Krepsko (Praga). Lugar y fecha: Sala La Fundición (Bilbo). 10.2.2007

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo