GARA > Idatzia > Ekonomia

ELBko bi ordezkariek ez dute Paueko Nekazal Ganberan parte hartuko

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan laborarien lehen sindikatua izaten jarraitzen duelako bere poza agertuta, Paueko Laborantza Ganberan dagozkion bi eserlekuak ez dituela okupatuko esan du ELBk. Erabaki hori ez dela «liskarrak elikatzeko" hartua izan, Ipar Euskal Herriko laborantzak «berezko instituzioa, eskumenak dituena," behar duela berresteko baizik. ELBk hauteskundeen ostean eratuko den gobernuari eskakizun hori onar dezan eskatuko dio.

Maria AIZPURUA |

 

«ELBri garaipena kentzeko asmoz, zenbakien inguruko ohiko eztabaida gora behera», Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin ELBk laborarien lehen sindikatua izaten jarraitzen duela adierazi zuen, atzo, Baionan Mixel Berhokorigoinek.

Nekazarien sindikatuak gaur eratuko den Paueko Ganberan erdietsitako bi eserlekuak ez dituela beteko berretsi zuen, erabakiak «konfliktoa areagotzeko» helbururik ez duela argituta: «Euskal Herriko laborantzak eskumenak dituen benetako tresna instituzionala behar duela argiki aldarrikatzeko aspaldi hartutako erabakia da eta ELBk ez badu eskakizun hori bultzatzen ez du beste inork egingo».

ELBren zerrendaburuak nabarmendu zuen Ipar Euskal Herriko markoaren aukera, Departamenduaren hautua egin duten beste sindikatuena bezain «errespetagarria eta profesionala» dela.

Datozen hilabeteetan Estatu frantsesean egingo diren hauteskundeak ere hizpide izan zituen. «Iragan denborarekin hautsi eta gauzak aldatu behar direla esaten dute hautagai nagusiek. Hortaz, guk diogu Euskal Herriko laborantzaren beharrei erantzuteko eta berezko tresna behingoz onartzeko», erantsi zuen Berhokoirigoinek, bide batez, Euskal Herriko Laborantza Ganberari lanean utz diezaiotela eskatuz.

Era berean, Euskal Herrira etorriko den hautagai oro, Ainize-Monjelosera gonbidatu zuen, EHLG gertutik ezagutzera.

 

Gazteen freskotasuna

Mixel Oçafrainek, berriz, ELBren kanpainaren eta emaitzen balorazio baikorra egin zuen: «Laborariek emandako sustenguak eta elkartasunak, geroari begira izugarrizko konfidantza emateaz gain, ELBren proiektua ondo ulertua izan dela adierazten du». Laborari gazteen parte hartzeak, gainera, sindikatuari «freskotasuna eta dinamika» ekarriko diola gehitu zuen.

EHLGko laborarien kolegioa emaitzen arabera berritu dute
 
Euskal Herriko Laborantza Ganberak ere laborarien kolegioaren osaketa hauteskundeen emaitzetara egokitu du datozen sei urteetarako. Kolegioak 21 eserleku ditu baina soilik 11 izendatu dituzte, ELBri dagozkienak, hain zuzen ere. «Hastapenetik erabaki bezala, gainerakoak libre geratu dira beste zerrendetako ordezkariek inoiz jin nahi badute" esan zuen Maryse Cachenautek. Hurrengo martxoaren 5ean EHLGk egingo duen biltzar nagusian talde berria izango da, beraz. Talde horrek, 2007rako onartutako lan ildoak garatu beharko ditu. Besteak beste, laborariei hurbileko laguntza ematea arautegi, alor juridiko eta eskaera txostenen inguruan; zenbait alorretan (energia berriztagarriak, klima aldaketa...) egiten ari diren azterketa eta esperientzien datu bilketarekin jarraitzea; laborantzarekin zerikusi zuzenik ez duten arren, lurralde antolaketan parte hartzen duten beste eragileekin elkarlana sustatzea (Lurrama berriro egingo da); ardi gasnaren ekoizpenerako betebeharren egokitzea; etxaldeen transmisioa laguntzea eta Hego eta Ipar Euskal Herriko harremanak sakontzea, estrategia komunari buruz hausnarketa bideratzeko. M.A.
 
Lurraren espekulazioari aurre egitea, ELBren lan ardatz
 
Laborariek diru sarrera duinak izan ditzaten ekoizpenen bidezko prezioaren alde lan egitearekin batera, laborantzarako lurren etengabeko emendatzearen alde borrokatuko da ELB. Nekazal lurren antolakuntza hobetzeko eta bertan laborari gazteak kokatzea bultzatzeko, ezinbestekotzat jo ditu lan ardatz horiek. Gainera, prima eta diru-laguntzen banaketa-politika aldatzen saiatuko da laborarien sindikatua, bere esanetan, egun, ekoizle handiak mesedeturik baitaude baserri txikien kaltetan. Bestalde, ekoizpen industriala bultzatzen duten kooperatibek ehunka hektarea arto transgenikoz landatzeko duten asmoei «irmoki buru egingo" dietela esan zuten Christian Harlouchetek eta Mixel Oçafrainek. Horretarako, besteak beste, transgenikoen arriskuez kontsumitzaileei zuzenduriko informazio kanpaina egingo du ELBk, «transgenikoak kalitatearekin bateraezinak direlako". Euskal Herriko kalitatezko ekoizpenak kaltetzerik ez dutela inondik inora utziko gehitu zuten bi ordezkariek, Paueko Ganberako lehendakari berriari gai horri buruz jarrera argia azaltzeko exijitu aitzin. M.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo