GARA > Idatzia > Kirolak

Pilota Berezkoen Bakarkakoa

Faboritoek ez dute hutsik egin eta finalerdietan dira

Orain arte jokatutako kanporaketetan ez da partida handiegirik jokatu, baina hasieran iragartzen ziren pilotariek eman behar zuten maila eman dute

Jon LEUNDA | BAIONA

 

Berezkoen Bakarkako Txapelketak gainditu ditu lehenengo bi kanporaketak, eta finalerdiak eta finala bakarrik geratzen dira jokatzeko. Finalerdiak, datorren ostiralean jokatuko dira Pauen, eta finala, berriz, astebete beranduago izango da Baionan.

Lehen faseko partidak ezin esan ikusgarriak izan direnik. Bakarka alde dezentea izaten da, eta pilotarien artean dagoen tartea agerian geratu da. Izan ere, orain artean ia ez da partida handirik ikusi, eta markagailuan alde dezenteak izan dira.

Hala ere, ondorio batzuk ateratzeko balio izan du. Hiru faboritoak, Ezkurra II.a, Ozafrain eta Etxeto, indartsu ikusten dira. Txapelduna, Ezkurra II.a, partida bakarra jokatuta heldu da finalerdietara, lehenengoan ez baitzuen jokatu beharrik izan Dermitek min hartu zuelako. Ondorioz, jokatu gabe egin zuen aurrera. Final-laurdenetan, ordea, astindu galanta eman zion Aranbururi, eta sasoiko dagoela erakutsi du.

Partida bakarra jokatuta finalerdietara heldu den betse pilotaria Ozafrain izan da. Final-zortzirenak gainditu ostean, final-laurdenetan ez baitzuen aritu beharrik izan. Muskarditzekin neurtu behar zituen indarrak, baina garatzarrak eskuetan min zuen, eta ezin izan zen aritu. Hala ere, lagunarteko partida jokatu zuen Ezkurra I.aren aurka, eta bikain dagoela erakutsi zuen.

Etxeto da hiru faboritoetan bi partidak jokatu behar izan dituen bakarra, eta maila bikaina eman du. Bi kanporaketak erraz gainditu ditu, eta txapela lehen aldiz janzteko gertu dagoela erakutsi du -bera da hiru faboritoen artean orain arte txapelketarik irabazi ez duen bakarra-.

Finalerdietan, Andde Kurutxari ere sartu da, eta kontutan hartu beharko da. Izan ere, Sorhueten aurkako partidan erakustaldi bikaina eman zuen, nahiz eta Paxkal Ezkurraren aurka jokatu behar duen finalerdia. Beraz, esan daiteke, espero zirenak heldu direla heldu behar zuten lekuetara, eta ez dela ezusterik izan.

 

Trinkete berriak

Txapelketako honetako berrikuntza nagusietako bat bi trinkete berriren agerpena izan da. Alde batetik Maulekoa: dozena bat urte itxita egon ostean, larunbatean zabaldu zuten erabat berritu ostean, eta jendeak ongi erantzun zuen. Garrantzitsuena, ordea, trinketea bera da, oso ongi geratu baita, eta hori berri pozgarria da denentzat.

Beste trinkete berria Pauekoa da. Orain artean ez da ez Pauen, ezta Euskal Herritik kanpoko beste edozein trinketetan Bakarkako edota Binakako Txapelketako partidarik jokatu. Ostiralean, berriz, finalerdiak izango dira bertan. Ikusgai dago zer gertatuko den. 

Ezkurra II.a, bikain
Paxkal Ezkurra da egungo txapelduna, eta aditu guztien ustez bera da aurtengoa irabazteko faborito nagusia ere. Orain arte partida bakarra jokatu du, baina sekulako sasoia eta jokoa dituela erakutsi du. Etxeto eta Ozafrain dira beste faboritoak, eta horiek ere oso ongi daudela erakutsi dute.
Maule prest dago
Txapelketako berririk pozgarrienetakoa Mauleko trinketeak eman du. Urte asko itxita egon ostean, larunbatean zabaldu zituen ateak final-laurdenak hartzeko, eta jendearen erantzun bikainaz gain, trinketea oso ongi dagoela baieztatu ahal izan zen. Hemendik aitzinera garrantzitsua izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo