GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gizon bat atxilotu dute Bilbon neska-laguna trenbidera botatzeagatik

Gutxienez sei gizonezko atxilotu dituzte azken hiru egunotan Euskal Herrian neska-lagunari edo neska-lagun ohiari tratu txarrak ematea leporatuta. 20-30 urte artekoak dira Bilboko, Gasteizko, Iruñeko eta Eibarko erasotzaileak; Tuterakoak, berriz, 52 urte eta 8 aurrekari ditu.

GARA |

 

Joan den igande goizaldean 22 urteko mutil bat atxilotu zuen Ertzaintzak Bilbon, neska-laguna trenbidera botatzea egotzita. Santutxun gertatu zen, Zabalbideko metro geltokian. Lakuako Herrizaingo Sailak jakinarazi zuenez, liskarra izan ondotik, gizonezkoak sorbaldatik heldu zion bikoteari eta bortizki bulkatu zuen nasatik behera. Erreskatatu egin behar izan bazuten ere, neskak ez zuen lesiorik izan, memento horretan ez baitzen metrorik pasatu.

Emakumeen kontrako eraso gehiago ere salatu dituzte azken hiru egunotan Euskal Herrian. Bilbon bertan, atzo goizeko 4.30ean 17 urteko neska bat ertzainengana joan zen mutil-lagun ohiak jo zuela jakinaraztera. Etxerantz zihoan, oinez eta bakarrik, Nikolas Alkorta kalean ukabilkadak eta ostikadak eman zizkionean. Poliziakideei kontatu zienean, atxilotu egin zuten 20 urteko gizonezkoa.

Gau berean, Eibarren, 30 urteko bertze mutil gazte bat atxilotu zuen Ertzaintzak, bikote-laguna jotzea eta bortxatzen saiatzea egotzita, Lakuako Barne Sailak adierazi zuenez. Gauerdia baino geroxeago izan zen erasoa, biktimaren lonjan. Eztabaidan jardun ondoren, gizona kolpeka eta sexu harremanak izan nahi zituela erraka hasi zen, baina askatu eta ihes egitea lortu zuen neskak. Inguruko gordeleku batetik erasotzailea joaten ikusi zuenean, lonjan hartu zuen babesa. Minutu batzuk geroago, mutila berriro bertaratu eta atea hausten saiatu zen, mehatxuka jardun bitartean.

Nafarroako hiriburuan ere izan zen atxiloketarik astelehen goizaldean emakumeen kontrako tratu txarrak zirela-eta. Bi urteko alabaren aitzinean bikotekidea jo eta iraintzeagatik eraman zuten udaltzainek Txantrea auzoko 23 urteko bizilaguna. Besoetan hematomak eta aurpegian urratuak zituela, emakumea bera izan zen 4.45ean poliziei deitu ziena. Epaileek erasotzailea behin-behinean aske utzi eta biktima babesteko agindu dute.

Emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko bertze bi salaketaren berri ere izan du egunkari honek. Joan den larunbatean izan ziren. Gasteizen, udaltzainek 24 urteko mutil bat atxilotu zuten, kalean bikote-laguna jotzea leporatuta. Dei batek ohartarazita joan ziren erasoa gertatu zen tokira. Iristerako mutila ihesi joana zen, baina harrapatu egin zuten. Biktimak, berriz, tratu txarrak izan zirela ukatu zuen hasieran; gero aitortu egin zuen -mutil-lagunak sobera edan, iletik gogor tiratu eta buruan eta aurpegian kolpatu zuela kontatu zuen-, baina ez zuen salaketarik jarri eta ez zen erietxera joan.

 

Zortzi aurrekari

Tuteran, berriz, 52 urteko gizon bat atxilotu zuten neska-lagunari tratu txarrak emateagatik. Zortzi aurrekari zituen antzeko arrazoiengatik, eta, gainera, alkohol gehiegi edanda gidatzeagatik ere salatu zuten. Larunbat arratseko hamaiketan deitu zien neska-lagunak poliziakideei; orduan, ihesi joana zen erasotzailea harrapatu, atxilotu eta biktima Tuterako Reina Sofia erietxera eraman zuten.

Horrelako erasoak jasaten dituzten emakumeak babesteko eta tratu txarren inguruko informazioa zabaltzeko diru-laguntzak ematea erabaki zuen atzo Nafarroako Gobernuak. 158.875 euro emanen dizkie Nafarroako Abokatuen Elkargoei, Iruñeko, Tuterako, Lizarrako eta Tafallako elkarteei, bortxatutako eta erasotako emakumeekin lan egiteko. Gainera, bertze 1.246 euro emanen dizkie emakume taldeei eta tokian tokiko elkarteei, informazioa heda dezaten, eta 8.150 euro Iruñeko Abokatuen Elkargoari, genero indarkeriaren inguruko espezializazio juridikorako.

Nafarroako Gobernuaren arabera, emakumeen aurkako indarkeria «giza eskubide urraketa larrienetakoa da, gizartearen arazo konplexu bat, bukatzeko ekintza koordinatuak behar dituena». Hori dela-eta, arrazoiak ikertu behar dira, gerta ez dadin lan egin, profesionalak prestatu eta biktimei laguntzeko zerbitzuak egokitu.

Zerbitzu horietako bat dira, hain zuzen ere, Nafarroako Abokatuen Elkargoak, baztertutako, erasotako eta bortxatutako emakumeei laguntzen baitiete. Ez dute arlo juridikoa soilik lantzen, hitzaldiak ere ematen dituzte emakumeen elkarteetan eta tokian tokiko erakundeetan.

Lesiorik gabe
Liskarra izan ondotik, gizonezkoak sorbaldatik heldu zion bikoteari eta bortizki bulkatu zuen nasatik beheiti. Erreskatatu egin behar izan bazuten ere, neskak ez zuen lesiorik izan, ez baitzen metrorik pasatu.
Diru-laguntzak
Erasoak jasaten dituzten emakumeak babes ditzaten eta informazioa zabal dezaten, diru-laguntzak emanen dizkie Nafarroako Gobernuak Abokatuen Elkargoei, emakume taldeei eta tokian tokiko elkarteei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo