GARA > Idatzia > Euskal Herria

Acebesek EHAK legez kanpo utz dezala eskatu dio Justizia ministro espainol berriari

PP eta PSOEren arteko tirabirek bere horretan jarraitzen duten artean, Angel Acebes Barne ministro espainol ohiak EHAK legez kanpo utz dezala eskatu zion atzo izendatu berria den Justizia ministro espainolari.

GARA |

 

PPko idazkari orokor Angel Acebesek Mariano Fernandez Bermejo Justizia ministro espainol berriari EHAK alderdia legez kanpo utz dezala galdegin zion atzo, eta, PSOEren Gobernuak egin ezean, talde politiko abertzalea PPk agintea lortzen duenean «kanporatuko» duela mehatxu egin zuen.

Bere alderdiko zuzendaritzak egindako bileraren ostean egin zituen Acebesek adierazpen horiek. Barne ministro espainol ohiak Rodriguez Zapaterok gidatzen duen exekutiboak heldu diren hauteskundeetan ezker abertzalearen parte hartzea eragozteko «tresnak» badituela aipatu zuen. Ildo horretan, azkenean ezker abertzaleak bozketan parte hartu ahal badezake, «ardura bakarra» Gobernu espainolarena izango dela esan zuen.

«Batasuna, hauteskunde plataformak eta zerrendak aurkezten ari da dozenaka herritan, izen desberdinak erabiliz eta ezker abertzalea izendapenaren babespean», kexatu zen PPko burua. Testuinguru horretan EHAK «erabat Batasunaren menpe dagoela » adierazi zuen.

Hori esan ostean, «Gobernua, Estatuko Legelaritza eta Fiskaltza zerbait egiteko zeren zain» dauden galdetu zuen. Horiek hala, «Batasunak udaletara itzuli eta espainolen diruarekin bere jardudera kriminala finantziatu nahi duelako», EHAKren ilegalizazioa eskatu zuen. «Ez badu egiten, terroristak instituzioetatik kanporatzea lortu zuen PPk berriz ere botako ditu», gaineratu zuen Acebesek.

Bere hizketaldian, PPko buruak oso gogor jo zuen Gobernu espainolaren eta PSOEren kontra, eta «ETArekin bukatzeko baino, berarekin akordiorako puntuak aurkitzeko gogo handiagoa» dutela leporatu zien.

 

PSOEk «batasuna» bilatzen du

Zapaterok zuzentzen duen alderdiaren aldetik, Antolakuntza idazkari Jose Blancok hitz egin zuen atzo, eta PPrekin «terrorismoaren kontrako borrokan batasuna» lortzeko lanean jarraituko dutela iragarri zuen.

Blanco, PSOEren Exekutiba Federalaren bileraren ostean azaldu zen hedabideen aurrean. Bertan azaldu zuen nahiko lukeela bere alderdiak eta PPk elkarrekin aritzeko dauden «oztopoak» gainditu dituztela esatea, baina horrelakorik ez dela gertatzen onartu zuen.

Edonola ere, Blancoren prentsaurrekoan zeresanik handiena sortu zuena duela hamar egun Ermuko Foroak deitutako manifestazioan bere kontra esandako hitzak, eta, horien karietara, PSOEko buruak jarritako salaketa izan ziren.

Mobilizazio hartan, hainbat lagunek ETAk Blanco hil beharko lukeela iradoki zuten, eta atzo honek salatu zuen hitz horiek «iraina baino gehiago» direla. «Denak ez du balio», gaineratu zuen hedabideen aurrean egindako agerraldian.

«Maila pertsonalean hartu dudan erabakia da, ez PSOEren izenean» aipatu zuen salaketaren argudioak azaldu zituenean, eta bere «eskubidea eta eginbeharra» dela ziurtatu zuen.

Salaketa hori, dena den, ez dute Auzitegi Nazional espainolean aztertuko, izan ere, Santiago Pedraz epaileak ez zuen tramitera onartu, bere iritzian, salatutako gertaerak ez direlako «terrorismoaren apologia».

Salaketa horren karietara, Angel Acebesek «manifestazioei entzutea kentzeko asmoz erridikulua» egitea egotzi zion PSOEri eta Blancori.

salaketa
Jose Blanco PSOEko buruzagiak salaketa jarri du, duela hamar egun Madrilen Ermuko Foroak antolatutako manifestazioan bere kontra entzun ziren hitz gogorren karietara.
pedraz
Auzitegi Nazional espainoleko epaile Santiago Pedrazek ez du Blancoren salaketa onartu, ez baitu «terrorismoaren apologia" atzeman salatutako gertaeretan. Madrileko auzitegiak hartuko du orain auzia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo