GARA > Idatzia > Jo puntua

Demokrazian idatzi

Europar Batasunean askatasuna dago, esaten digute gure kideek Iñaki de Juanaren kasua kontatzen diegunean, Espainia demokrazia bat da, monarkia modernoa, eredugarria.

Laura Mintegi

Idazlea

 

Iazko urtean 1.020 idazle edo kazetari jazarriak izan ziren munduan zehar idaztearen delituagatik. Zehatzagoa izateko, 18 erail zituzten, eta baliteke 47 izatea eraildakoak, ikertzen ari diren 29 kasuetan frogak agertuz gero. Beste 18 idazle edo kazetari desagertu egin ziren, egin zituzten. 144 kartzelan daude ebazpen irmoarekin; baina 144 izan ordez, 196 egile izan daitezke kartzelan daudenak iritzi delituagatik, 52 kasu oraindik ikertzen ari baitira. 204 idazle/kazetari atxilotu zituzten tarte labur batez (kontatu gabe 2006ko hasieran Nepalen atxilotu zituzten 200 ka- zetariak). 73k heriotz-mehatxuak pairatu zituzten, 93k beste motatako mehatxuak, 81 kolpatu zituzten, lau bahitu, beste lau erbesteratuak izan ziren, eta 294 epaitegietik pasarazi zituzten beren idazkiekin zerikusia zuen arrazoi bategatik edo besteagatik. Denera, 1.020 gutxi gorabehera. Zergatik eta idazteagatik. Hitza erabiltzeagatik.

Idazle izatea arriskutsua den lurraldeak gugandik urrun daude, zorionez. Hrant Dink armeniarra Turkian hil zuten; Anna Politkovskaya Errusian, txetxeniarrei egindako basatikeriak salatzeagatik. Nguyen Vu Binh idazleak osasun arazo larriak ditu kartzelan, baina Vietnamen dago. Urrun. Kazetari mordoa desagertzen da urtero Mexikon, Azerbaijanen erraz atxilotzen dituzte idazleak; Txinan ez dago interneten testu askeak idazterik, estatuak atoan kartzelaratzen baititu egileak, eta antzekoa gertatzen da Egipton. Congon kazetariek ez ezik editoreak ere atxilotzen dituzte, eta Marokon ere bai. Zertarako segitu. Myanmar, Iran, Etiopia, Burundi, Gambia, Niger, Uzbekistan... Gehiegikeria gehienak, demokraziarik ez dagoen lurraldetan inondik ere.

Europan ez da horrelakorik gertatzen. Are gutxiago Europar Batasunean. EBn adierazpen askatasuna dago, esaten digute gure kideek Iñaki de Juanaren kasua kontatzen diegunean, Espainia demokrazia bat da, monarkia modernoa, eredugarria. Eta, gainera, Rodriguez Zapatero eta beraren gobernua demokratak dira, ezkerrekoak. Esajeratzen ari zarete, zerbait ez diguzue kontatzen, hemen daturen bat falta da.

Datuak, datak, adierazpenak, erreakzioak jaso, bildu eta igortzen ditugu nazioarteko erakundeetara. Zalantza dute ordea, galdera bat, erratu omen gara datekin: zer gertatu zen 2004ko urrian, kaleratua behar izan zen unean? Zergatik ez ote zuten kaleratu artikuluok bi hilabete beranduago idatzi baziren? Eta bi azalpen posible aurreratzen dizkigute, gauzak argitu nahian: edo epailea ez zen konturatu zigorraren epea amaituta zegoela, edo artikuluak aurretik argitaratu ziren, eta 2004ko abenduan berrargitaratu ziren berriro, baina aurretik ezagunak ziren. Ez, esan diegu, epailea jakinaren gainean egon bazegoen, noski, argi eta garbi adierazi ziotelako euskal taldeek, eta ez, artikulurik ez zen existitzen urrian, ezta azaroan ere, abendura arte ez ziren idatzi. Baina Espainian demokrazia dago, diote, Estatu demokratikoa da. Ez al da horrela? Eta guk, gure ezjakintasunean, ez dugu erantzunik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo