30 urte bete ditu Haizearen Orraziak, amets bat betetzera etorri zenak
30 urte beteko dira 1977an Haizearen Orrazia osatzen duten hiru eskulturak Donostiako Tenis pasealekuaren amaieran jarri zituztenetik -egun Eduardo Chillida pasealekua deritzotena-. Urteurrena ospatzeko, Chillida-Leku museoak urte honetan hiru erakusketa antolatuko ditu Zabalaga baserrian, baita beste hainbat ekitaldi ere.
Izaro AULESTIARTE | HERNANI
Ezbairik gabe, Haizearen Orrazia Eduardo Chillidaren (Donostia, 1924-2002) obra adierazgarriena da, eta indar berezia hartzen du bertan eskultoreak obra publikoak egiteko erakutsi zuen nahi biziak. Bere herriari egindako oparia da, eta bere hiriari, Donostiari, eskainitako omenaldia. Gainera, obra leku publiko batean jarrita, artistaren jabetzakoa izatetik hiritarren ondare izatera pasatu da.
Donostiako badiaren muturrean, Igeldo mendiaren magalean ezarri zuen donostiarrak bere artelanik maiteena. Haren altzairuzko hiru beso ikusgarriak arrokei atxikita daude, itsasoak inguraturik. Eta, hogeita hamar urte geroago, Donostiak xarmaz betetako espazio horren urtemuga ospatuko du, artea eta paisaia elkartzen dituen gune berezi eta berdingabearena. Horretarako, urte osoan ekitaldi ugari antolatuko dute; kontzertuak, dantza, ikuskizunak, lehiaketak eta beste erakusketa batzuk, esaterako. Dagoeneko bada bat abian; atzo Chillida-Leku museoan bertan irekitako erakusketa, alegia.
Bidelagun ideiatik proiektura
«Haizearen Orrazia, ideiatik proiektura, amets baten gauzatzea» izenburua du, eta Zabalaga baserriko 4. aretoan paratu dute. Eta, antzeman daitekeen bezala, proiektuaren sorburuak ditu oinarri.
Alde horretatik, artelanaren prozesuaren faseak azaltzen ditu aldi bateko erakusketak: eskultoreak amets zuen ideiatik hasi eta behin betiko gauzatuta obra instalatu zuten arte, alegia. Horiek hala, hainbat aldi jasotzen dituen argazki sorta batek, planoek, hainbat irudik eta proiektu hartan protagonista izan zirenen hitzak agertzen dira erakusketan.
Hain zuzen, erakusketak omenaldia egin nahi die eskultorearen ametsa errealitate egiten lagundu zuten lekuari eta protagonistei. Bada, Patricio Etxeberriaren burdinolako langileei, Luis Peña Gantxegi arkitektoari, Jose Maria Elosegi ingeniariari, bereziki, eta beste zenbaiti ere ematen die esker ona, oro har, egitasmo berriak. Bitxikeria gisa, Patricio Etxeberriaren burdinolako langile izandakoek diote eskultura horietako baten barrualdean piezak eraikitzen parte hartu zuten lagun ororen izenak daudela jarrita.
1997ko irailaren 3an ezarri zuten behin betiko Haizearen Orraziaren hirugarren modulua, baina hilabete hartako 16a arte -data ez da zehatz-zehatza- ez zituzten inguruko hesiak kendu, eta, beraz, azken egun hartan bertaratuko ziren lehenengo bisitariak ere. Ez zuten, ordea, inaugurazio ofizialik egin. Hartara, atzo esan zuten aurtengo irailaren 16a hautatu dutela lehen egin ez zuten hori egiteko, eta egun horren bueltan, aurreko astean, esaterako, ekimen hezitzaileak eta kirol arlokoak izango dira.