GARA > Idatzia > Kultura

Elurraren hotzaren eta zuriaren azpian dagoena azaleratu du Uxue Alberdik 17 ipuinetan

Suedian, elurraren zuriak ezkutatzen du erralitatea. Elurra urtzean egiten du eztanda izadiak eta gizarteak; eta eskaleak, alkoholismoa eta porrotak azaleratzen dira. Azal zuri hori kentzen saiatu da Uxue Alberdi.

Joxean AGIRRE | DONOSTIA

Bi sari batean jaso zituen Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak orain bi urte: Erasmus beka eta Igartza saria. «Beti izan naiz bidaien zalea. Beka ematen bazidaten, ahalik eta urrutiena joango nintzela erabakirik nuen, eta Europarako eman zidatenez, Suediara jo nuen, Karltad-era. Stockholm parean dago, Vanem lakuaren, Europako laku handienatakoaren, ertzean», esan zigun. Han idatziak dira atzo Donostian aurkeztu zuen «Aulki bat elurretan» liburuan irakur daitezkeen ipuinen erdiak, eta beste erdiak hemen, Euskal Herrian, Suedian pentsatuz idatziak dira.

Suediako hiri horretara iritsi eta autobusean hilerri baten ondotik igarotzean aulki bat ikusi zuen hilobi baten ondoan hutsik. Biharamunean argazki kamera eta guzti joan zen hilobi horretara, baina aulkia desagertua zen. «Aulkiak eguzkitan egoteko izaten dira edo etxe barruan. Hilobi baten ondoan ikusitako aulki horren inguruan idatzi nuen lehen ipuina. Guztira 17 dira liburuan, eta bertako pertsona anonimoak dira protagonista, eta gizakien arteko harremanak dira gai nagusi. Begiratu batera txartzat jotzen ditugun gauzen alde onak aurkitzen saiatu naiz, eta onak ematen dutenen alde txarak ere bai. Oso gizarte indibidualista da hangoa. Suediarren %70 bakarrik bizi dira. Familiaren egiturak ez du hemen duen indarrik. Gazteak 18 urterekin independizatzen dira; Gobernuaren mailegu bati esker egiten dituzte ikasketak. Gizarte horrek alde on asko dituela ohartu nintzen, eta gure gizartea ere hemendik 20 urtera antzekoa izan daitekeela», esan zuen Uxue Alberdik.

Elurra urtzean

Uxue Alberdik dioenez, hango paisaiaren ederrak eta zuriak txunditurik ibili zen. «Suedia ez dabil, dago», dio liburuan ere, dena geldirik dagoela adierazteko. Baina elurra urtzean dena lehertzen omen da eta agertzen omen dira arazoak. «Literaturak ere horrelako zerbait egiten du; azaletik harago ikusten laguntzen du», esan zuen.

Literatura eta bertsoa elkarren osagarri ditu Alberdik. «Literatura intimoagoa da, bakartiagoa. Istorioak buruan bueltaka izaten dira, eta askotan gure bizimoduaren parte bilakatzen dira, baina inork ez daki horren berri. Bertsoa sozialagoa eta bat-batekoagoa da. Nik biak behar ditut», jarraitu zuen.

Elkarren argitaratu du «Aulki bat elurretan», Igartza saria irabazi dituzten aurrekoek bezalaxe. Zerrendan Jon Arretxe, Julen Gabiria, Xabier Etxeberria, Unai Elorriaga, Fernando Morillo eta beste hainbat daude.

INDIBIDUALISTAK
Suediarren %70 bakarrik bizi dira; familia ereduak ez du gurean duen indarrik, eta giza harremanak ezberdinak dira, baina fenomeno horrek ere alderdi onik baduela uste du Uxue Alberdik
Fitxa
Izenburua: «Aulki bat elurretan". Argitaletxea: Elkar. Generoa: Ipuinak. Gaia: Ipuinak Suedian girotuta badaude ere, giza harremanak dira gai nagusi. Beka: Igartza bekaren zortzigarren edizioa irabazi zuen liburuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo