GARA > Idatzia > Euskal Herria

Barne hausnarketa tartea ireki du Ahotsakek bere etorkizuna erabakitzeko

Ahotsak mugimenduak barne hausnarketa tartea ireki du bere etorkizunaren inguruan eztabaidatzeko. Filtratutako zirriborroaren ostean sortutako zalaparta politikoa gainditzeko bilkura egin zuen atzo, eta bertan, «presarik eta presiorik gabe" eztabaidatuko dutela adierazi zuten.

GARA |

Ahotsak mugimenduaren zirriborro baten filtrazioaren ostean sortutako zalaparta politikoa gainditzeko asmoz bilkura egin zuten atzo plataformako horretako kideek. Bertan, joan den otsailaren 1ean hainbat komunikabideetan kaleratutako agiriak Ahotsakeko partaideen artean adostasun nahikorik eskuratu ez duela argitu zuten. Hortaz, hemendik aurrera, edukien gaineko eztabaida eta kontrasterako tartea hartuko dutela eman zuten jakitera.

Donostian egindako bilkuran, Ahotsak mugimenduaren inguruko iritzi eta etorkizuneko ikuspegi oro, komunikabideen bidez plazaratu beharrean barne mailan plazaratzeko eskaera egin zuten mugimenduko kideek. «Horrela interesdun polemikak ekiditea bilatzen dugu», azaldu zuten atzo Donostian bildutakoek.

Alderdietako emakumeez gain, sindikalgintzan eta mugimendu feministan dabiltzanak ere hartu zuten parte atzoko bilkuran. Horiek guztiek «ikuskizun mediatiko eta polemika faltsuetan» parte hartuko ez dutela nabarmendu zuten.

«Batzen gaituenetik abiatuz, presarik eta presiorik gabe Ahotsaken etorkizuna» adostuko dutela adierazi zuten. Era berean, Ahotsak plataformak zer egin behar duen edota zer ez duen egin behar esaten duten pertsona ugari daudela adierazi zuten, eta aho batez kritikatu zuten horien jarrera.

«Ahotsak mugimendua babesten duten milaka emakumeenganako errespetuak aurrera egitera bultzatzen gaitu, eta ardura guztiarekin jokatzea eskatzen digu», nabarmendu zuten Ahotsakeko kideek. Horregatik, zailtasun guztiak ekiditeko asmoz, eztabaidan jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten. Era berean, euskal emakume guztiei «inoiz baino babes handiagoa» eskatu zieten.

Agerraldiak bertan behera

Barne mailako hausnarketak dirauen bitartean, agerraldi publiko oro bertan behera utziko dutela ere jakinarazi zuten atzoko bilkuraren ostean igorritako prentsa oharrean.

Joan den otsailaren 1ean jazo zen filtrazioa; EiTB taldeko hainbat komunikabidek Ahotsak plataformak agiri berria hitzartu zuela plazaratu eta agiriaren edukia kaleratzeari ekin ziotenean. Edukia, ordea, barne mailan erabiltzen ari zen zirriborroa bat besterik ez zen.

Gerora ezagututako informazioaren arabera, Ahotsakeko partaide gutxiren artean bezperan egindako testu bat zen kaleratutakoa. Ondorioz, dokumentua ez zuten kolektiboko kide guztiek ezagutzen, eta noski, ez zuen guztion oniritzia.

Mugimenduko partaide ugarik «haserrea eta ondoeza» erakutsi zuten filtrazioaren ostean. Horiek guztiak ez ziren dokumentuaren edukiaren inguruan aritu, filtrazioa emateko arrazoiak izan ziren eztabaidaren gako nagusiak.

Presioetatik at
«Batzen gaituenetik abiatuz, presarik gabe eta presiorik gabe Ahotsak plataformaren etorkizuna erabakiko dugu". Era horretako adierazpenak egin zituzten atzo Ahotsakeko kideek eta kanpotik sortzen diren «interesdun polemikak" kritikatu zituzten

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo