GARA > Idatzia > Euskal Herria

Epaiketa politikoak salatu dituzte ehunka lagunek Iruñean

8/97 sumarioan auziperatutakoek, ehunka lagun eta hainbat eragile sozial eta politikoren babesarekin, Auzitegi Nazionaleko epaiketak salatu zituzten atzo egindako manifestazioan. Autobus geltokitik Gaztelu plazaraino joan zen jende ilara, eta gisa horretako epaiketak gaitzetsi zituzten. Bildutakoek epaituak izaten ari direnak sustengatu zituzten.

Jasone MITXELTORENA |

Autobus geltokiko atarian pixkanaka jende multzoa elkartzen hasi zen. Bertan ziren 8/97 sumarioan egun hauetan epaitzen ari diren hainbat gazte, eta hurbildutakoek elkartasuna adieraziz agurtzen zituzten. Ehunka lagun bildu zirenean, manifestazioa martxan jarri zen Auzitegi Nazionalaren aurkako eta epaiketa politikoekin amaitzea eskatzen zuen pankartaren atzean. Polizia espainola zegoen manifestazioaren aurrean zein atzean. Iñaki de Juana gogoratzen zuen kartel bat ere ikus zitekeen. Bildutakoen artean guraso asko zeuden, baita hainbat eragile politiko eta sozial ere.

Manifestazioa deitu zutenek hogeita hamar talderen babesa jaso dutela adierazi zuten. Dena den, bertan ez zirenak ere gogoratu zituzten; hala nola, PSN, UGT, ELA eta Nafarroa Bai koalizioa. Horiek ez egotea eta beraien jardunean epaiketa horrekiko isilik mantentzea salatu zuten manifestazioaren ondoren egindako adierazpenetan. Izan ere, auzipetuen ustez, jarrera hori da gaur egungo egoeraren arduraduna, «isiltasunarekin egoera onartzen baita eta jarraipena ematen baitzaio».

Lelo berdinarekin elkartu ziren joan den irailean ere 1.000 lagun. Orduan hastekoa zen 1997an kale borroka leporatuz atxilotu zituzten lagunen aurkako epaiketa. Atzerapena eskatu zen, eta azkenean, epaiketa aurreko astean hasi zen. Ostiraleako saioan auzipetuek epailearen aurrean deklaratu zuten, eta denek ukatu zituzten leporatutako karguak. Horrez gainera, batek baino gehiagok torturapean lortutako autoinkulpazioak eta bertzeekiko inkulpazioak salatu zituen. Beraien hitzetan, «ez dago gure aurkako frogarik, leporaketen oinarri bakarra inkomunikazio egoeran ateratako adierazpenak dira, eta tribunal demokratiko batek ez ditu horrelako adierazpenak ontzat hartzen». Auzitegi Nazionalak ideiak epaitzen dituela eta proiektu ezberdin bat defendatzen dutenak espetxeratu ahal izateko tresna eraginkorra dela salatu zuten.

Gaur egun egoera berean

Joan den asteburuan Iruñean izandako istiluak direla eta, 1997an bizitako egoera berriro ematen ari dela adierazi zuten auzipetuek. Komunikabideek emandako garrantziak, orduan bezala, alarma soziala pizteko helburua duela salatu zuten, baita horrek errepresioa dakarrela ere. Beraien aurkako operazioan 114 lagun atxilotu zituzten Nafarroan, horietako asko kargurik gabe utzi zituzten. Beraien hitzetan, horren erranahia atxiloketak gizartea lasaitzeko egiten direla da. Aste honetan hainbat eragile politikok istiluei buruz egindako adierazpenetan atxiloketak eskatu dituztela ere gogorarazi zuten.

Beraiek jasandakoa berriro ez gertatzeko nahia eta horretarako lanean segitzeko asmoa agertu zituzten. Otsailaren 23ko Etxerat-en geldialdian eta 24ko manifestazioan parte hartzeko deia ere egin zuten.

frogarik ez
Leporatzen zaizkien ekintzen frogarik ez izateak eta torturapean lortutako adierazpenak oinarritzat hartzeak argudiatzen du atzoko salaketa. Ideia eta proiektu ezberdinekin amaitzeko tresnatzat jo zuten Auzitegi Nazionala. Horrelakorik ez errepikatzeko lanean jarraitu behar dela azpimarratu zuten.
EPPKren aldarrikapenari sostengua Eibarren
Eibar eta inguruetako hainbat bizilagunek agerraldia egin zuten atzo Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) hilaren hasieran abiatu zuten borroka dinamikari babesa erakustearren. Ekimen horren helburua gatazka politikoa konpontzeko kolektibo honek ezinbestekotzat jotzen dituen «autodeterminazioa eta amnistia" aldarrikatzea da. Estatu frantses eta espainoleko espetxeetan borrokaldiak egiten ari dira presoak. Horren erakusle, plantoak eta itxialdiak egin dituzte. Presoek agiri batean azaldu zutenez, «prozesu honek guztien bultzada beharrezkoa du, eta horregatik presoen kolektiboak gure indar guztiak jarriko ditu". Hurrengo larunbaterako manifestazioa deitu dute eta beraiek baraualdia eginen dute egun horretan bertan. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo