GARA > Idatzia > Euskal Herria

Askatasunak EPPKren borroka babestu eta kritika egin dio Estatu frantsesari

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak abiatu duen borrokaldiari sostengua eman zion atzo Askatasunak eta datorren ostegunean Hendaiako geltokian egingo den ekimen baten berri eman zuen.

GARA |

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) abiatutako borrokaldiari babes osoa eman zion atzo Askatasunak Baionan egindako agerraldian, eta gogor gaitzetsi zuen Estatu frantsesak euskal presoekiko duen jarrera.

Datorren larunbatean autodeterminazioa eta amnistiaren alde Bilboko karriketan egingo den manifestaldian parte hartzeko deia ere egin zuen. Era berean, Baionatik bertatik autobusak antolatuko dituztela eman zuen ezagutzera. Prentsaurrekoan, hitzordu horren izaera «historikoa» azpimarratu zuen Askatasunak, lehen aldia baita EPPK-k berak mobilizazio bat antolatzen duela. Askatasunaren aburuz, ekimen horrek «espetxe politika kriminalaren porrota» erakusten du.

Bihar, euskal preso politikoak propaganda asteari amaiera eman eta aste beteko komunikazio grebari ekingo diote, komunikazio bide guztiak ukatuz. Horiek horrela, presoen borrokaldiarekin bat egin asmoz, Askatasunak ekimen baterako deia egin dio euskal gizarteari. Hitzordua, datorren ostegunean izanen da arratsaldeko 19.00-etan Hendaiako tren geltokian. Askatasunaren aburuz, geltokia «leku sinbolikoa» da, astero astero presoen senideen abiapuntua baita.

Frantziar estatuan 150 euskal preso politiko 30 espetxeetan sakabanaturik daudela oroitarazi zuen, eta beraien eskubide guztiak «erabat zapalduak» daudela adierazi zuen.

Estatu frantseseko justizia arloari dagokionez, azkenaldian kezkatzeko «arrazoi sendoak» daudela adierazi zuten Askatasunako kideek. Horien adibide gisa, Filipe Bidartek bete duen kondena luzea, JAP zentralaren sorrera edota inkomunikazio egoera sei egunetara luzatzeko aukera aipatu zituzten.

Agintari frantses orok Euskal Herriarekiko erakutsi duen jarrera «ukazioan, mespretxuan, eta errepresioan» oinarritzen direla ere salatu zuen Askatasunak. «Estatu frantsesa, Estatu espainola bezalaxe, gatazka politikoaren erantzule zuzena da», adierazi zuen atzoko agerraldian antolakundeak.

Miren Azkarate espetxeratua

Bestetik, Miren Azkarate 22 urteko donostiarra Martuteneko kartzelan espetxeratu zuten atzo. 2002. urtean Guardia Zibilak egindako operazio batean atxilotua zuten, eta epailearen aurretik pasa ostean, fiantzapean aske geratu zen.

Azkaratek tortuta larriak jasan zituela salatu zuen Guardia Zibilaren eskutik, eta horice adierazi zion epaileari berari.

Iaz izan zuen epaiketa, eta hainbat errekurtsoren ondoren, atxilotze agindua jaso zuen. Atzo elkartaratzea egin zuen Martutenen 150 lagunen babesarekin, eta ostean, espetxeratu egin zuten. Arratsaldean 80 lagun inguruk manifestazioa egin zuten Donostiako Alde Zaharrean gertaera salatzeko.

Bestalde, Iñaki de Juanaren egoera salatzeko mobilizazioak egin ziren atzo Euskal Herrian. Noainen adibidez, 25 lagun bildu ziren, Donostian 40, Tolosan 120 eta Azpeitian 175 .

sufrimendua
Askatasunaren aburuz, «Estatu frantsesa sufrimendu guztiak erabiltzeko prest da herri honen aldarrikapen zilegiak isilarazteko". Horren adibide euroaginduak eta 14. Sekzioaren sorrera aipatu zituen.
sostengua
Arte eta kultura munduko pertsona ezagunen atxikimenduaz gain, LAB, AB, Batasuna, Segi edo Anai-Artea bezalako eragileen sostengua jaso du Askatasunak, atzoko agerraldian adierazi zuen moduan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo