GARA > Idatzia > Ikusmira

Arriskua ezkutatzea ez da jarrera arduratsua

Esako urtegian handitze lanak hasi zirenetik ez da polemikarik falta izan. Orain, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren (CHE) txostenaren berri jakin ondoren, lan horiek polemikoagoak dira. Iragan abuztuan Esako urtegian gertatu zen 3,5 metro kubikoko lur irristatzea gorabehera, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak atzo esan zuen ez dela inoiz alerta edo arrisku egoerarik egon. Gertatutakoa, ordea, aspaldi oharrarazi zuen Zaragozako Unibertsitateko katedradun Antonio Casasek. Aditu horren gomendioaren arabera, zentzuzkoena zabaltze lanak bertan behera uztea da, ezker mazela behera eroriz gero ura Zangozako elizaren gainetik pasatu eta herria suntsitzeko arriskua legoke-eta. Izan ere, herri horrexek jasaten du Nafarroako mugan presa duen urtegi horren arriskurik handiena. Presaren eraikitzaile Rene Petit ingeniariak berak esan zuen hura handitzeak beldur handia emango ziola eta urtegia ez zela ukitu ere egin behar.

Presa horrek berehala dakar gogora 25 kilometrora dagoen beste urtegi bat, batez ere biek antzekotasun handiak dituztelako, besteren artean ezker mazelako lur irristatze arazoak, alegia. Eta Casas katedradunak antzeko oharrarazpenak egin ditu Itoizko urtegiaren gainean. Ukitutako herrietako bizilagunen aurkakotasunari, ingurumenari egindako kalteari eta beste zenbait iruzurri urtegi horien arriskua ezkutatzea gehitu behar zaie.

Gizartea alarmatzea, alferrik alarmatzea behinik-behin, saihestu egin behar da, jakina, baina informazioa ezkutatzea oso larria da, batez ere informazio hori herritarren segurtasunari dagokionenan, eta are larriagoa da ezkutatzen duena herri erakundeak izanda. Baina gauzak hasieratik gaizki egiten badira, hanka-sartzeak pilatu egiten dira eta, gainera, ezkutatzen den informazioa azkenean agerian geratzen da. Are okerrago, besteen hutsegiteetatik ez ikastea, ikasi nahi ez izatea, erantzukizunak eskatzeko moduko jarrera onartezina da. Eta bada nondik ikasia. Gaur Esa aipatzeak, Itoitz eraiki zutenetik aipatzeak bezala, herritar askori Valjonteko (Italia) tragedia gogoraraziko dio, urak presa gainetik jauzi egin eta harrapatu zituen herrietan zehar bi mila lagun hil zituen hura, alegia. Funtsik gabeko alarmarik ez, baina are gutxiago arduragabekeriarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo