GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Oihana Agirre, Anais Funosas eta Iñaki Iribarren Askatasuneko kideak

Zuk bultza gogor hortik, eta bultza guk hemendik...

Soluzioen esparruari ihes egin eta prozesua bera blokeoan mantentzeko ahalegin guztiak egiten ari da PSOE Preso politikoek egindako urrats ausart eta eskuzabalak zer ikasi eta zer pentsatu eman beharko liguke guztioi

Urte luzeetatik hona ezagutu eta bizitzen dugun gatazkari irtenbide demokratikoa emateko oinarriak inoiz baino argiago azaltzen zaizkigu. Gainera, inoiz ez bezala eskuratzeko moduan gaudela iruditzen zaigu. Inoiz ez bezala nagusi baita gehiengo sozialaren iritzi eta jokabidean izaera politikodun gatazkaren arrazoiak non diren eta, beraz, arrazoi horiek gainditzeko soluziorako errezeta zertan datzan. Indar politikoak nahi edo ez nahi, horren jabe dira eta oinarri horietaz hitz egitera behartuak gara guztiok.

Azken hilabeteetan bizi dugun prozesua baldintza horietan datza. Euskal Herriaren aitortza eta bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea posible egingo duen eskenatokia eraikitzea. Autodeterminazioa, lurraldetasuna eta amnistia biltzen dituen marko demokratikoa eraikitzea.

Premia nagusi horri loturiko interes bakarrean guztiok murgiltzea eskatzen duen prozesua da gaur Euskal Herriak egoera honen erdian eskatzen duena. Konponbide demokratiko baterako Euskal Herriaren eta herritar guztionak diren aukera berri horien aurrean ezker abertzaleak erakutsi duen borondate, determinazio eta esku zabaltasuna ukaezinak dira. Mota guztietako erasoak jasan arren, aukera horiei eutsi eta hari horretatik tiraka jarraitu baitu inongo aitzakiarik gabe. Gainera, prozesuak bizirik segitzen badu, ahalegin mugagabe horretan temati jarraitu izanagatik dela esatera era ausartzen gara.

Estatuen jarreraz ezin dezakegu gauza bera esan, ordea. Izan ere, orain arte bezalaxe oraindik ere prozesua oztopatu, zamatu eta desitxuratzen duten neurri eta jardun errepresiboez baitute Euskal Herria bonbardatzen atsedenik gabe. Eskenatoki demokratiko bat guztion eskutik eraiki- tzeko akordio politikoa posible egin eta hau errespetatzeko jarreran baino areago, ukazio eta enfrentamenduaren eskenatokia hauspotzen eta gorpuzten ari dira, antzuak eta zaharkituak agertzen diren baliabideekin.

Jarrera horiekin, Zapateroren Gobernuak Euskal Herriko prozesua mamitzen duen eztabaida eta jarduna gezurrezko aldagaietan murgildu nahi du, Madrilen sortuak diren baldintzapen, baieztapen borobil, ikuspegi eta oztopo faltsuez zipriztinduz gure herriko eragile guztiek parte hartuta eman nahi den prozesu demokratikoa. Horretarako baliabide nagusi bat erabiltzen dute: Madrilen Euskal Herriarentzat sortuak diren salbuespenezko legalitate, politika eta tribunalek bideratzen duten errepresioa.

Soluzioen esparruari ihes egin eta prozesua bera blokeoan mantentzeko ahalegin guztiak egiten ari da PSOE. Gatazkaren ondorioei buruzko eztabaida faltsuetan murgildu nahi gaituzte, helburu bakarrarekin: prozesua gatazka konpontzen ez duen terreno lokaztu horretan usteltzea, erantzukizunak gainetik kenduz eta soilik beren interes elektoralak asetzeko instrumentu gisa erabiltzea Euskal Herriko prozesua, Madrilen lehiatzeko kanpaina elektoral baterako eslogan gisa erabiliz, Espainiari eta espainiarrei begira.

Esandako guztiaren ispilu ditugu euskal preso politikoak. Frantziako eta Espainiako Gobernua beraien kontrako neurriak pilatzen joan dira, heriotza edo bizi osorako zigorrak aplikatzeraino. Herri honetako prozesua oztopatu, zamatu eta desitxuratzeko borondatearekin eraikitako neurri ankerrak dira hauek guztiak, modu koldarrean bahitu politiko gisara preso politikoak erabiltzeko asmoarekin sortuak hain zuzen.

Baina konponbide baterako bide politikoen ikuspegian, egindako urratsak antzuak dira. Izan ere, autodeterminazio eta amnistiaren aldeko oihu tinko eta ozenez, Euskal Herriarekin batera erronka horri tamainan erantzuteko borondate osoz erantzun baitu kolektiboak Espainiako eta Frantziako ziega zuloetan bakarturik eta sakabanaturik dituzten preso bakoitzaren eskutik. Konponbidearekiko leialtasun osoz, gatazkaren muinak non diren erakutsi digu berriro kolektiboak era argian, prozesuaren bihotzean foku handi batez argiztatu digularik benetako bidea.

Preso politikoek pairatzen duten egoeraren aurrean egindako urrats ausart eta eskuzabalak zer ikasi eta zer pentsatu eman beharko liguke guztioi. Azken finean, argi adierazi baitute preso politikoek bizi duten egoera larri horren konponbidea non kokatzen den. Gure herriak bizi duen egoera tamalgarri oro bezalaxe, gatazkaren muina soluziobidean jartzetik izango baitira gaindituak aipatu egoerak eta soilik soluziobide horiek sortu ahal izango dituzte guztion onurarako izango diren egoera berriak.

Bien bitartean, arrazoizkoa da gobernuek errepresio politikoa erabiltzeari ez diotela muzin egingo pentsatzea, ez espainiar ez eta frantziar gobernuak ere. Kolektiboak erakutsi duen bezala eta herri honek historikoki bide berriak zabaltzeko landu duen moldeari jarraiki, borroka izango da konponbidea posible egingo duten herri aitortza eta eskubideak eskura ditzagun bidea. Borroka eta errepresioari tinko erantzutea izango da errepresio politikoa baliorik gabe utzi eta konponbidearen errepidea atasku, zama eta esku hartzeetatik libratuko duena.

Guztion etorkizuna guztion artean eraikiko dugula uste dugulako eta etorkizun hori lehenago edo geroago, argiago edo ilunago nahiz erosoago edo zamatsuago izan dadin gutako bakoitzaren esku ere badagoela uste dugulako, gonbita egin nahi dugu autodeterminazioa eta amnistiaren aldeko borroka horretan indar egin dezagun. Herritar orori, langile orori, ikasle orori zuzendutako deialdia da honakoa eta alderdi zein eragile bakoitzak zehaztu beharko du, ate berriak zabaltzeko bidean urratsak egiteko ahaleginean murgilduko den edo errepresio politiko eta gezurrezko eztabaidak bultzatu nahi dituztenei bidea libre utziko dieten. Guztion bultzadaz, posible dela sinesten dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo