GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Egunkaria" itxi zutenetik lau urtera ere, auzia behin betiko eteteko eskatzen segitzen dute

Orain lau urte, Guardia Zibilak «Euskaldunon Egunkaria" itxi zuen, eta bertako hainbat arduradun atxilotu zituen. Lau urteren buruan, epaiketa egin edo ez argitu behar da, eta atzo, urteurrenaren egunean, auzia behin betiko bertan behera uzteko eskatu zuten Andoainen.

Gari MUJIKA |

Orain dela lau urte Guardia Zibila Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz «Euskaldunon Egunkaria» ixtera bertaratu zen leku berean eskatu zuten atzo egunkariaren aurkako auzibidea behin betiko bertan behera utz dezatela. Ixtearen laugarren urtemuga zela-eta, euskal gizarteko hainbat ordezkarirekin batera, ehun bat lagunek elkarretaratzea egin zuten Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, «Epaiketarik ez» lelopean.

Orain bi hilabete eskas, «Egunkaria»ren aurkako auzibideko fiskalak hedabidearen aurka eta egun auzipetuta jarraitzen duten zazpi euskal herritarren aurka inolako akusaziorik ez zuela adierazi zuen, eta auzia artxibatzeko eskatu zuen. Baina oraindik epaiketaren «mehatxua» hor dagoela esan zuen Joan Mari Torrealdaik. Hala, «Egunkaria»ren aurkako auzibidea eteteko eskatu zuen; izan ere, Guardia Zibilak atxilotu zuen eta oraindik auzipetuta jarraitzen du.

Eragile ugariren babesa

Gainera, makina bat lagun elkartu zen «Epaiketarik ez» leloa zuen pankartaren atzean. Auzipetuez eta «Egunkaria»ko eta «Berria»ko langileez gain, besteren artean, EAJko Joseba Egibar eta Xabier Ezeizabarrena, Batasuneko mahaikide Joseba Alvarez, Aralarreko Aintzane Ezenarro, ELA sindikatuko German Kortabarria, ABko Mertxe Colina eta «Argia»ko zuzendari Xabier Letona egon ziren.

«Lehengo agintariek Estatu arazo egin nahi dute `Egunkaria'ren kasua, eta guk hasierako bultzada politikoak alde batera utzi eta orain justiziaren arrazoiak nagusitu daitezela nahi dugu. Eta, hortaz, epaiketarik ez egiteko eta guri askatasuna ekar diezagutela eskatzen dugu», azaldu zuen Torrealdaik.

Era berean, «Egunkaria» itxi eta hamar euskal herritar atxilotu zituztenetik lau urtera, Lakuako Gobernuak ere auzibidea behin betiko ixtearen aldeko adierazpenak egin zituen. Are gehiago, «Egunkaria»ko zuzendari Martxelo Otamendik eta gainerako atxilotuek egin zituzten tortura salaketak argitzeko exijitu zuen.

Lakuako bozeramaile Miren Azkaratek «Egunkaria» ixtea «bultzada politikoz» eginiko «bidegabekeria» dela salatu zuen prentsa agerraldian, eta Europan «ezohikoa» den gertaera, komunikabide bat ixtea, oraindik argitu ez izana «bidegabea» dela esan zuen. Horiek hala, «Egunkaria»ko zuzendari Martxelo Otamendik egindako tortura salaketak ez ikertu izana salatu zuen, nahiz eta Iñaki Uriarenak aurrera joan.

Artxibatzea
Orain bi hilabete, Fiskaltzak auzibidea artxibatzeko eskatu zuen; orain, berriz, Auzitegi Nazionalak erabaki behar du «Egunkaria"ren aurkako auzia epaitu edota bertan behera uztea betiko.
Justizia
Joan Mari Torrealdai: «Lehengo agintariek Estatu arazo egin nahi dute `Egunkaria kasua' , eta guk hasierako bultzada politikoak alde batera uztea eta justiziaren arrazoiak nagusitu daitezela nahi dugu".

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo