GARA > Idatzia > Mundua

Beste arma-lasterketa bat hasteko asmoa ez duela esan du Errusiak

Poloniak eta Txekiak Estatu Batuetako misilak jasotzeko prest daudela adierazi ondoren, Errusiak beste arma-lasterketa bat hasteko asmorik ez duela nabarmendu zuen atzo Moskuko Atzerri ministro Sergei Lavrov-ek. Dena den, misilok Errusiaren segurtasunaren aurka doazela eta erantzun egokia emango dutela esan zuen Lavrov-ek.

GARA |

Errusiak Estatu Batuekin beste arma-lasterketa bat hasteko asmorik ez duela nabarmendu zuen atzo Vladimir Putinen Gobernuko Atzerri ministro Sergei Lavrov-ek.

Dena den, Lavrov-ek adierazi zuenaren arabera, Mosku prest dago erantzuna emateko Estatu Batuek misilen aurkako sistemak Europako lurraldean jartzen badituzte.

Aste honetan bertan, bai Poloniak bai Txekiak jakinarazi dute Estatu Batuek bi herrialdeotan baseak jartzeko akordioa hartu dutela. Horiek hala, Washingtonek misilei aurre egiteko hamar sistema jarriko ditu Polonian, eta erradar bat, Txekian.

«Bere segurtasun nazionalaren sistemaren aurka doazen mehatxu hauen kontra Errusiak erantzun egingo du. Modu pausatuan eta egokian, baina erantzun egingo dugu. Ez dugu onartuko inork beste konfrontazio batera eramatea, beste arma-lasterketa batean sartzea», adierazi zuen atzo Lavrov-ek Moskuko unibertsitate batean egindako hitzaldian.

Bide batez, Lavrov kezkatuta agertu zen NATO Errusiako mugetatik gertu hedatzen ari delako. Horrekin batera, NATOk 1990ean sinatu zuten Europako Indar Konbentzionalen gaineko Hitzarmena ez duela berretsi salatu zuen Errusiako Atzerri ministroak. Itun horrek borrokarako hegazkin, gudu-orga eta arma astun ez nuklearrak hedatzea arautzen du Europan.

«NATOk ez badu itun hau berresten, baliorik gabeko hitzarmen bilakatuko litzateteke. Ondorioz, Errusiak bertan egoteko arrazoirik ez luke», azaldu zuen Lavrov-ek.

Lehia horretan Poloniako lehen ministro Jaroslaw Kaczynski ere sartu zen atzo. Haren ustean, Errusia Estatu Batuek Polonian ezarri nahi duten misilen sistemen aurka azaltzeak Ukrainarengan duen eragina berpiztea du helburu.

Izan ere, Varsovia eta Praga Ameriketako Estatu Batuen misilen alde azaldu ondoren, Errusiako jeneral Nikolai Solovtsov-ek jakinarazi zuen bi herrialde horiek Moskuko misilen jomugan jartzea adierazten duela horrek.

Kaczynskik misilak nahi ditu

«Misil-sistema hauek ez dira, inolaz ere, mehatxu bat Errusiarentzat. Are gehiago, ez dute inolako eraginik Errusiaren segurtasunean», adierazi zuen Kaczynskik Radio 1 estatu-irratian.

Varsoviako lehendabiziko ministroak adierazi zuenez, erabaki horrek «Poloniako estatusarengan du eragina, baita Errusiak Ukraina bere menpetik atera ez dadin dituen nahiengan ere».

«Misil-sistemak hemen ezartzen diren unetik aurrera, eta horretarako gutxienez hamarraldiak gelditzen dira, gure aurkako eraso bat gertatzeko aukerak asko murrizten dira», azaldu zuen Kaczynskik.

Bai Kaczynskik bai Txekiako lehenengo ministro Mirek Topolanek-ek ere adierazi zuten astelehenean bi herrialdeok Estatu Batuetako misil-sistemak har ditzaten lan egiteko prest zeudela.

Adierazpen horiei erantzunez, Nikolai Solovtsov jeneral errusiarrak ohartarazi zuen Estatu Batuen planak Ekialdeko Europan egun dagoen oreka estrategikoa alda dezakeela. «Poloniako eta Txekiako gobernuek erabaki horrekin aurrera jarraitzen badute, ezartzen diren base horiek jomugatzat har ditzakete Misilen Indar Estrategikoek», esan zuen Solovtsov-ek.

Kaczynskik Polonia izutzeko mehatxutzat jo zituen Solovtsov-en hitzak.

Joan den astean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan zuen Estatu Batuek gidatzen duten munduko aldebakartasuna amaitu dela. Hitzok, nazioarteko politika arloan, Errusiak Estatu Batuei aurre egiteko asmoa azaldu duen seinaletzat hartu zituzten adituek.

Alde horretatik, nazioartean adituek jakinarazi zuten Sobietar Batasuna superpotentzia gisa oraindik indarrean zegoeneko agertokira itzuli nahi duela Vladimir Putinek.

KRIMEA
Ukraina NATOko kide bihurtzen bada, Krimea herrialde horretatik banatuko dela jakinarazi zuen Leonid Grach Alderdi Komunistako eledunak Simferopolgo Parlamentuan, ISTV telebistan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo