GARA > Idatzia > Ekonomia

Urruñako Signature lantegiaren produkzio arlo bat lekualdatuko dutela uste du CFDTk

GARA |

Signatureko, Berrueta industrialdean dagoen enpresako, zuzendaritza produkzioaren zati bat lekualdatzekotan dabilela uste du CFDT sindikatuak. Susmo horiek azken egunetan nagusitzen ari ziren zurrumurruekin hasi ziren baina, orain, «hainbat informazio bildu ostean, asmoa aurreratu samar» dagoela esan zuen Xabier Elissalde CFDTko ordezkariak.

Alemaniara

Zuzendaritzaren proiektua hiri-altzairuan jarduten duen fabrikazio arloari dagokio, Signaturen nagusi den sindikatuen esanetan. Gastuak murrizteko, produkzio hori Urruñatik Alemanian daukan beste lantokira eraman nahi dutela adierazi zuen Elissaldek, eta horrek lanpostuen galera ekarriko duela nabarmendu zuen. Lanpostu asko murriztu dira: 375 lanpostutik 2002an egungo 270era. Gainera, behin-behineko (ABLE) kontratazioak bakarrik egiten dira azken garaiotan.

CFDT ez dago ados zuzendaritzaren planteamenduekin, «epe laburreko ikuspegitik» doalako, eta Enpresa Batzordean behar bezala informatuak izan daitezela exijitzen du.

«Gure susmo eta informazio apurrekin galdetzera joan garenean, ez zaigu ezer ezeztatu baina Enpresa Batzordeak jakinaren gainean beharko lukeela eta erabaki estrategikoetan hitza izan behar duela uste dugu», esan zuen Elisaldek. Hori dela-eta, CFDTk neurri juridiko batzuk hartu ditu informazioa oztopatzea ekiditeko eta aparteko bilkura eskatu du asmoen berri zehatza izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo