GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikastetxeetan bizi duten «eguneroko autoritarismoa" salatu dute hainbat ikaslek

Hainbat ikastetxetako gazteek euren eskoletan egiten duten «eskubide demokratikoen urraketa" arbuiatu zuten Gasteizen, prentsaurrekoan. Horren aurka, mobilizatzeko deialdia egin eta pizgarritzat jo zuten «Manifestu beltza" izeneko testua aurkeztu zuten.

GARA |

Hainbat ikastetxetako ikasleek irakurketa komun bat plazaratu zuten astelehenean, Gasteizen, euren ikasketa zentroetako «errealitate antidemokratiko eta gordina» salatzeko asmoz. Alde horretatik, «dagokion neurriko erantzuna» ematearen alde egin zuten gazteek. Izan ere, ikasle horiek honakoa adierazi zuten: «Euskal Herriko milaka eta milaka ikasleren egunerokotasuna dagozkigun eskubide demokratikoen urraketan oinarritzen da. Adierazteko, antolatzeko, biltzeko eta greba egiteko eskubideak sistematikoki ukatzen dizkigute edozein aitzakia tarteko». Ikasle hauen ustez, egoera horiek harreman bat dute elkarrekin, eta honakoa adierazi zuten: «Ukapenen helburua kasu guztietan antzekoa da: ikasleon kolektibo sentimendua eta izaera desagerraraztea eta ikasle akritiko, infantil eta otzanak produzitzea».

Ikastetxeko egoeren artean aipatu zituzten: «Kontrol sozial eta polizialaren areagotzea gure ikastetxeetan: mehatxuak, espedienteak irekitzeak, polizia eta segurtasun enpresen presentzia ikastetxeetan... Egoera onartezina da». Gainera, ikasleen aburuz, neurri horiek, bidegabeak izateaz gain, hezkuntza prozesuaren behar bezalako garapena oztopatzen dute. Alde horretatik, ikasleek mobiliza-tzeko deia egin zuten. Izan ere, euren hitzetan, «hitzekin ez da nahikoa». «Benetako eztabaida publikoa onartzen ez duten ikastetxe autoritarioetan arrazoia ez da nahikoa. Ikasleok hitzetatik ekintzetara pasa behar dugu; gu geu egin behar gara gure eskubideen jabe, inoren baimenaren zain egon gabe», gaineratu zuten.

«Manifestu beltza»

Agerraldian, eztabaidarako eta pizgarri gisa funtzionatzeko asmoz, «Manifestu beltza» aurkeztu zuten. Hark ikasleriari deitzen dio autoritarismoaren aurka, eskubide demokratikoak borrokatzeko. «Autoritarismoa guztiok pairatzen dugu, eta ikasleon kontrako edozein era-so kolektibori zuzentzen zaio. Ikasle fronte oso bat irekiko dugu; zapalduaren kontzientzia eskuratuko dugu. Ikastetxeetan izaten diren jarrera eta ekintza autoritario guztiei gogor erantzuteko», esan zuten.

KONTROL SOZIALA
«Kontrol soziala eta polizia kontrola etengabe areagotuz doaz gure ikastetxeetan: mehatxuak, txostenak irekitzeak, poliziakide eta segurtasun enpresen presentzia ikastetxeetan... Egoera onartezina da".

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo