GARA > Idatzia > Kultura

Literatura Unibertsala bildumari «Maitale koitaduen kronikak" eta «Zalditeria gorria" gehitu dizkiote

Isaak Babel-en eta Vasco Pratoliniren liburu bana dira Literatura Unibertsala bildumarako euskaratutako azken lanak. Alberdaniak eta Elkarrek kaleratu dituzte, ezinbesteko EIZIEren eta Lakuaren laguntzari esker.

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Badago Vasco Pratoliniren (Florentzia, 1913-Erroma, 1991) «Maitale koitaduen kronikak» eta Isaak Babel-en (Odesa, 1894- Mosku, 1940) «Zalditeria gorria» euskaraz irakurtzeko beta. Literatura Unibertsala delako bilduman argitaratu berri dituzte Alberdaniak eta Elkarrek; Gasteizko Gobernuaren eta EIZIE itzultzaile elkartearen laguntzari esker, beste behin.

Donostian aurkeztu zituzten atzo liburuak; editoreek esan bezala, biek ala biek «Europan klabe» izandako bi garairi begiratzen diete. Bata Errusian girotuta dagoen narrazio bilduma bat da; bestea, berriz, Florentzia ardatz duen eleberria.

Koldo Biguri gasteiztarrari egokitu zaio «Maitale koitaduen kronikak» italieratik euskarara itzultzea. Kronika horretako jazoerak XX. mendeko bigarren hamarkadan daude girotuta, Italian faxisten eta antifaxisten arteko liskarrik gogorrenak egon ziren urteetan. Giro politikotik harago, baina, herri xehearen bizipenak eta sentimenduak, arazoak eta ilusioak, kezkak eta ametsak, miseriak eta pozak, eta amodioak eta gorrotoak ere kontatzen ditu.

Bigurik adierazi bezala, Vasco Pratolini «Italiako literaturako beste izen handi batzuen itzalean izan da agian»; baina horrek ez die kentzen garrantzirik idazlearen ekarpenei.

Mutikoa zela hasi zen italiarra lanean, eta gaztetan ekin zion bere burua prestatzeari, asko irakurri eta lehen testuak idatzita; bolada batean, «ezkerreko faxismoa» posible zela pentsatu nahi izan zuen, baina laster etsi zuen, eta komunistengana hurbildu zen, baita erresistentzian parte hartu ere, gerra garaian.

Gizarte osoarenak diren arazo sozial eta politikoak pertsonaien barne-begiradaren bitartez eszenaratzeko trebezia nabaria du Pratolinik. Eta, liburu horretarako, Florentziako kale bateko bizilagunak ekarri zituen paperera. «Ukitu neorrealista» antzematen ei zaio idatzietan.

Bestalde, «Zalditeria gorria» errusieratik euskaratzen Olga Martinez de Marigorta eta Roberto Serrano aritu dira; haiek esan zutenez, bakoitzak narrazio bat itzuli, eta bestea arduratzen zen gero hura irakurri eta zuzentzeaz. Lanak 36 narrazio ditu, eta elkarri lotuta egonik ere autonomoki irakur daitezke.

Isaak Babel-ek, Ukrainako familia judu baten semeak, tsarraren armadarekin hartu zuen parte Lehen Mundu Gerran, eta gero boltxebikeen alderdira pasatu zen. 1920an Zalditeria Gorriaren erregimentu batean sartu zen, eta Budionni jeneralaren agindupean Poloniako kanpainan parte hartu zuen. Armadan zegoela eguneroko bat idatzi, eta ohar haietan oinarrituta egin zuen gero liburua. Prosa apartarekin, zorrotz deskribatzen du fronteko krudelkeria.

Bilduma hau ere Euskadi Sarien gaineko ika-mikan

EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko arduradun ohi Joseba Ossak Euskadi Sariak direla-eta sortutako ika-mika izan zuen atzo hizpide, Literatura Unibertsalaren beren bilduma ere nolabait «zipriztindu» duelako. «Polemika piztu edo horretaz hitz egin edo idatzi dutenekin hitz egin dugu; guk prozedura nolakoa den agertu dugu. Guretzat argi geratu da zuzena eta argia izan dela, sekretupekoa, hemen ez baitago ospetsuen arriskurik itzulpena norena den epaimahaikideek ez baitakite», esan zuen, eta honakoa erantsi zuen: «Poztuko nintzateke aurrerantzean ere lana ondo eta orain arte bezala egiten jarraitzeko moduan izango bagina».

I.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo