GARA > Idatzia > Kultura

Aritz SOUND SYSTEM Kazetari eta musikazalea

Azpiegitura, baliabide eta erabilpenen mugak

Erabiltzen diren azpiegiturei erreparatzen badiegu, asko dira erabiltzen diren lokalak, baina horietako gutxik eskaintzen dituzte kondizio egokiak (kokapena, azpiegiturak, baliabide teknikoak, segurtasuna, e.a.). Hernani bezalako tamaina ertaineko herri batean, adibidez, ez dago sortzaileen eta hartzaileen beharrak aseko dituen kultur azpiegitura egokirik

Poztekoa da gurea bezalako herri txikian ematen den sorkuntza aberatsa. Musika arloan soilik, milaka dira estilo desberdinetako egitasmoetan ari diren lagunak. Sorkuntza hori kaleratzeko garaian, ordea, askoren artean, azpiegitura egoki ezaren oztopoarekin egiten dute aurrez aurre. Egia da gauza asko egiten direla. Asteburuetan bereziki, komunikabideetako agendak musika ekitaldiz beteta azaltzen zaizkigu. Egiten diren ekitaldi horietako asko, hala ere, ez dira kondizio egokienetan egiten. Erabiltzen diren azpiegiturei erreparatzen badiegu, asko dira erabiltzen diren lokalak, baina horietako gutxik eskaintzen dituzte kondizio egokiak (kokapena, azpiegiturak, baliabide teknikoak, segurtasuna, e.a.). Hernani bezalako tamaina ertaineko herri batean, adibidez, ez dago sortzaileen eta hartzaileen beharrak aseko dituen kultur azpiegitura egokirik. Dauden azpiegituren artean, publikoak direnek muga asko dituzte. Mugak azpiegiturei dagokienez, mugak baliabide teknikoei dagokienez eta mugak, bereziki, erabilpenari dagokionez. Ordutegia oso mugatua dute -astean zehar eta eguneko ordutegia- eta lokal horietan ekitaldi batzuk planteatzea ezinezkoa da -gazteekin eta gauarekin lotura dutenak bereziki eta baita norabide politiko zehatz bat dutenak ere-. Antolatzaileen eta antolatzen denaren araberako mugak. Pribatuak diren lokaletan, berriz, helburu ekonomikoa da nagusi, eta jakina da musikak ez duela dirurik ematen -musika merkantzia bezala ulertzen ez bada behintzat-. Muga hauen aurrean, herri askotan, herritarrek zuzenean gestionatutako lokalak bultzatu dira -gaztetxeak, adibidez-. Hauek, ordea, instituzioen aldetik bereziki, izugarrizko trabak jasotzen dituzte eta, ondorioz, zaila da lokal hauetan kondizio egokiak edukitzea -argindar etenak, lokalaren egoera kaskarra, baimenik eza, poliziaren mehatxua, e.a.-. Eta hau guztia gutxi balitz, antolatzaileek askotan, borondate onena edukita ere, esperientzia gutxi dute eta, ondorioz, ekitaldiak ez dira kondizio onenetan egiten -aupa, bidea eginez ikasten da eta-. Honen aurrean zer egin dezakegu? Lehenik eta behin, behar hori ikusten dugunok elkartu beharko genuke. Mahai gainean beharrak eta proposamenak jarri eta, behin irtenbide posibleak bilatuta, lanean jarraitu. Jakina da, herri bakoitzak bere beharrak eta ezaugarriak dituela, eta ziurrenik, eredu bakarrak ez dituela behar guztiak aseko. Proposamenik?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo