GARA > Idatzia > Euskal Herria

"Eskubideak lortzeko aurrera egiten lagunduko digu kartak"

Izaskun Guarrotxena eta Elena garcia
MUNDU MARTXARAKO EUSKAL HERRIKO EMAKUMEEN PLATAFORMAKO KIDEAK

Urte osoan buru-belarri jarduten dute biek ala biek emakumearen berdintasunaren alde lanean, baina egun hauek gogorrak dira, Martxoaren 8a prestatzen lan handia egin behar baitute. Gozoa ere bai, ordea, bi urtez landu den eskubideen karta onartuko baitute hilabetearen amaieran.

Maider EIZMENDI |

Orain bi urte eskas Munduko eta Euskal Herriko hainbat bazter zeharkatu zituen Mundu Martxak. Euskal Herriak testigua eman zuenean, ordurako eratu zen plataformak promes egin zuen Euskal Herriko emakumeen eskubideen karta osatuko zuela. Prozesu luzea izan da ordudanikoa eta egun hauetan ekarpen eta proposamenak batzen ari dira, martxoaren 31n eztabaidatu eta zirriborroaren onarpena egin ahal izateko. Plataformako kideek argi dute, «aurrera egiten eta eskubideok beteko direla bermatzen duten mekanismoak exijitzen» lagunduko dieten tresna izango da karta.

Orain bi urteko udaberrian egin zen Mundu Martxan jakinarazi zenuten Euskal Herriko emakumeen eskubideen karta egitea. Nola hartu zen erabakia eta zer-nolakoa izango zen prozesua?

2005. urtean Mundu Martxarako nazioarteko sarea osatzen dugun emakumeok gure eskubideekin zer gertatzen zen aztertzea izan genuen helburu. Izadiarentzako Munduko Emakumeon Gutuna da lan horren emaitza, eta orain gure herrian bertan zehaztu nahi dugu lan hori.

Zein helburu nagusi lortu nahi du?

Geuri dagozkigun eskubideak lortzeko aurrera egiten eta eskubideok beteko direla bermatzen duten mekanismoak exijitzen lagunduko digun tresna behar dugu. Era berean, borroka feministaren helburuak eta jarraitu beharreko estrategiak eguneratzeko.

Nola jaso dira ekarpenak?

Prozesu osoan hainbat bilera zabal egin ditugu eta horietara Plataforma osatzen dugun taldetatik hainbat joan gara. Bakoitzak bere taldean jorratu duenaz gain, bertan ere metodo- logia dinamikoa erabiliz denon artean gutunaren zirriborroaren zati bakoitza eraiki dugu. Martxoren 15era arte ekarpenak jasotzeko epea zabalik dago.

Zein atal nabermenduko zenituzkete eskubideen kartan?

Gutunak lau atal ditu. Sarreran emakumeen egoeraren diagnostiko labur bat egiten saiatu gara. Bigarren atalari «Jendartea Eraikitzen» deitu diogu eta hantxe gutuna zein printzipiotan datzan azaldu dugu: askatasuna, berdintasuna, elkartasuna, bakea eta justizia, alegia. Hirugarrenean Herritartasun kontzeptua ikus- puntu feministatik landu dugu. Azken atalean, emakumeok izan behar ditugun eskubideak zehaztu ditugu.

Non identifikatu dituzue gabeziarik eta hutsunerik handienak?

Ikuspuntu formal batetik, esan dezakegu berdintasuna izan badela: legezko eskubideak eta gure ugalkortasunaren kontrola konkistatu ditugu, goi-mailako heziketara ailegatu gara, lehenago guretzat pentsaezinak ziren lanbideetan aritu gara eta jendartean betetzen dugun funtzioaren gainetik antzina zeuden sinesmenak behera bota ditugu. Orduan, galdera zera da: hainbeste adierazpen, lege eta egitasmo izanda, zergatik gertatzen dira oraindik indarkeria sexista, diskriminazioa, zapalkuntza eta ikusezintasun egoerak? Emakumeok uste dugu ez dagoela benetako borondaterik, ez interesik, jendarte-guneetako esleipen hierarkizatua generoaren arabera aldatzeko, eta honi amaiera eman ahal izateko, jendarte osoaren jarrera aldaketa da beharrezkoa eta gizonezkoena bereziki, gizon izateagatik bakarrik dituzten pribilegioei uko egiten ikasi beharko dute. Gizonak jaio egiten dira eskubidedun, guk borrokatu egin behar dugu, lortu nahi baditugu.

Aipatu diskriminazion artean zein dira negatiboenak?

Gure ustez, punturik negatiboenak gaur egun emakumeok jasaten dugun indarkeria eta pobrezia dira. Ez gara mintzatuko zenbakiez baina behin eta berriro ateratzen diren diagnostikoak aztertzen baditugu, guk esaten duguna baieztatu baino ez da egiten.

Eta positibora jota, emakumeen eskubideen alorrean egindako aurrerapenen artean, zein nabarmenduko zenituzkete?

Emakumeok gizonek eta gizonentzat eraikitako munduan sartu gara. Mundu honek emakumearen ezkutuko lanaren menpe dagoelako baino ezin dezake funtzionatu, eta, hala, ezinezkoa da emakumea izanda eroso sentitzea. Emakumeok geuk eta Mugimendu Feministak egindako presioari esker, batez ere, hoberanzko aldaketak izan direla ukatu ezin badugu ere, aldaketek, eurekin batera, kontuan hartu eta aurre egin behar zaien beste erronka batzuk ekarri dituzte. Horretantxe dihardugu. Feminismoak gai izan behar du. XXI. mendeko emakumeok aurrean ditugun kontraesanei erantzun politikoak eta jendarte eredukoak emateko.

Arestian aipatu bezala prozesu luzea izan da, aurrera begira plataformak badu beste helburu bateraturik?

Ekarpenak jasotzeko epea amaitzen denean beste plataforma zabal bat egingo dugu, martxoaren 31n hain zuzen ere, eta handik aurrera zirriborroa ahalik eta emakume gehienei helaraziko diegu eta lanerako tresna gisa izaten saiatuko gara. Gure asmoa prozesua irekia mantentzea da eta beti ekarpenak jasotzeko prest egongo gara. Nazioartean 2010erako Mundu Martxako ekimen nagusia egiten bada, hemen zer eta nola jorratuko dugun eztabaidatzear dago. Martxoaren 8ari begira zenbait herri plataformek gutunaren ziriborroaren inguruan ekimen asko antolatu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo