GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Imajinazioa boterera, Bagdaden behintzat

Hamaika aldiz ihardetsi zaio Von Clausewitzi bere aburu ospetsuena-gerra, politikaren jarraipena baino ez dela, lanabesak mudatuta- atzekoz aurrera hartuta zuzenagoa litzatekeela. Hau da, politika dela gerraren jarraibidea bitarteko ezberdinak erabiliz. Iritzi honetakoa da, itxura guztien arabera, David Petraeus lau izarreko jenerala, egun estatubatuar okupazio tropen agintaria Iraken, 2003ko erasoan 101. Dibisioaren burua eta ondoren Mosulgo jaun eta jabea izan ondoren. Aitortzen zaion jakite eta adimen argitasun horren aztarna izango da, beharbada.

Okupazioaren aginte gorena hartu eta hilabetera, betekizuna onartu aurretik eskatu zituen errefortzuak jasotzeko posibilitatea ere gero eta urrutiago geratzen ari dela jabetu ahala edo (Kongresuak, Iraketik erretiratzen hasteko egutegia zehazten hasi nahi du), imajinazioa lantzeari ekin dio Petraeusek. Baker Batzordearen txostenak aholkatzen zuen moduan inguruko herrialdeekin (etsaienak, hots, Iran eta Siria, barne, askoren harridurarako) goi-bilera Bagdaden hasi bezperan, militarrak aditzera eman du: a) Irakeko auziak ez duela konponbide militarrik; b) insurgentzia deitzen den horrekin gogotik hitz egiten hasi beharra dagoela, bake itxurako zerbait lortu nahi bada; c) Irakeko gobernu izena daraman horri dagokiola langintzaren atal nagusia.

Ez dut pentsatu ere egin nahi ideia horiek gure ingurumarira ekarriz gero zer piztuko luketen. Susmoa dut, bestalde, irakiar agintari itxura egiten duten horiek aski nahaspilaturik aurki daitezkeela, izan ere orain arte estatubatuar zibilak (Khalilzad enbaxadore ohia, adibidez) esan eta esan aritu baitzaizkie bakea lortzeko gerra egin eta irabazi behar zutela, eta orain estatubatuar militar bat, Petraeus datorkie esanez gerra irabazteko modurik ez dagoela eta ahal den moduan bakea egitea beste biderik ez zaiela geratzen.

Petraeusen arazoa da sei hilabete, udazkenera arteko epea duela soil-soilik bere estrategia imajinaziotsuekin aurrerapenak lortzeko. Aurrekoei gertatu bezala, nahi eta ezinean geratzea batere harrigarria ez litzatekeenez, hala ere, imajinazioa erabiltzen segi dezaten gomendatuko nieke nik Washingtongo jaunei. Eta adibidez, Petraeusek ere porrot egiten duenean, bidal dezatela Scotter Libby haren ordez Bagdadera, presondegitik aterata. Gerren historian askotan gertatua da lehen ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo