GARA > Idatzia > Euskal Herria

Higiezinen Saloia, egungo egoera kontuan izanik, probokazioa dela dio Lurrak

Biarritzen antolatu zen Higiezinen Saloia kari manifestazioa antolatu zuen Lurra kolektiboak larunbatean. 500 bat pertsona elkartu ziren Euskal Herriko etxebizitzaren egoeragatik protesta egiteko.

Idoia ERASO |

«Etxebizitzari lotuak diren gehiegikeriak salatzen ditugu eta horren erantzule direnak interpelatzen ditugu. Erantzule horiek Biarritzeko Saloian biltzen dira: higiezinen agentziak, banketxeak, enpresa-etxegileak... azken finean gure bizkar eta gure herria salduz aberasten diren horiek», adierazi zuen Lurra kolektiboak larunbatean.

Biarritzeko karriketan zehar manifestazioa egin ondoren, Higiezinen Saloia antolatzen zen Bellevueko ateetara heltzean, kolektiboak azokako antolakuntzari buruzko adierazpenak egin zituen: «Etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak zein handiak diren ikusirik saloi honen antolatzea probokazio hutsa da».

Etxebizitzaren inguruan egiten diren gehiegikerien arduradunen biltoki bezala definitzen du Lurra kolektiboak Biarritzeko Higiezinen Saloia.

Egungo gizarteak pairatzen duen espekulazioaren aurrean kolektiboak bere iritzia eman nahi izan zuen Saloian bertan, baina sartzea debekatu zietela adierazi zuen Lurrako Ihintza Oxandabaratzek: «Bellevueko sarreraren aitzinean ziren poliziak. Normalean Saloia edozein pertsonari irekia da, baina guk ez dugu paradarik ukan bertaratzeko, sarrera ixten zigutelako».

Gas negar-eragileak

Biarritzeko Bellevueko atean zeuden CRSek ez zieten manifestariei Saloian sartzen utzi. Horren ordez, zenbait manifestarik igorri margo poltsatxoei erantzunez, gas negar-eragileak bota zizkieten manifestaldira bertaratutako bostehun pertsonei. Kolektiboko Ihitza Oxandabaratzek horrela azaldu zuen egoera: «Gure iritziak plazaratzeko hitzaldia egin genuen eta bukaeran sartzen saiatu ginen, baina bidea blokeatu ziguten. Orduan pixka bat berotu zen giroa, CRSek gas negar-eragileak bota zituzten. Gutxi iraun zuen, baina tentsioa handia izan zen».

Poliziaren erasoaren ondoren manifestariak inguruko karriketan zehar korrika irten ziren.

FNAIM «hunkitua»

Higiezinen Agentzien Federazio Nazionala, FNAIM, larunbatean Biarritzen izan ziren gertakariekin «oso harritua eta hunkitua» izan dela jakinarazi zuen atzo. Aldi berean «minoria batek ezarri nahi dien ardura ukatzen dute» higiezinen agenteek.

Salmentetan agenteek prezioaren erregulatzaile lana besterik ez dutela egiten oroitarazi nahi izan zuen FNAIMk.

Aldi berean, «Herri Elkartasun eta Berritze (SRU) legeak hirigintzaren gainean ezartzen duen gogortasun eta bidegabetasunak pertsona batzuk laguntzen ditu beste batzuen kaltean» salatu zuen Federazioak.

sarrera debekatua

«Normalean sarrera edozein pertsonari irekia da, baina Lurra kolektiboak ez zuen paradarik ukan bertaratzeko, sarrera ixten zigutelako» adierazi zuen kolektiboko Ihintza Oxandabaratzek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo