GARA > Idatzia > Gutunak

Joseba Mugerza Hobetu Leike-Mutriku

Mutrikuko Portu berriaren erabileraren ikerketa

Gaia ingurutik ezagutzen ez duen edonorentzat sinesgaitza bada ere, Mutrikuko Udalak argitaratu duen azken aldizkariaren atal batek, eskutitz honen izenburu bera dauka: Mutrikuko Portu berriak izan ditzakeen erabileren inguruan ikerketa sakon bat egiten dabiltzala. Eta horrek gauza bat argi uzten du, proiektu bat eraikitzen ari direla, oraindik ere zertarako den ez dakitena. Zuzenago esanda, batzuek jakingo dute, bai, zertarako den, baina hori da agian gutxienekoa, azken batean eraikitze hutsa ere negozio handia baita, eraikuntza enpresa eta «inguruko» guztientzat.

Mutrikuar gehienok ontzat ematen genuen babes moila bat eraikitzea eta gaur egungo portuaren zerbitzuak hobetzea, arrantza eta kirol portu bezala erabili ahal izateko. Baina ez pentsatu proiektua aurkeztu zutenean gauza bera ziotenik, ezta gutxiago ere! Orduan Portu berri bat eraiki behar zela zioten. Horretarako gure betiko hondartza sakrifikatu eta inguru osoa zementuz estali behar zen, eta, jakina, horren ordez herriari zerbait deigarria eskaini behar zitzaion: Arrantza-Portua (Eusko Jaurlaritzako Arrantza Sailak ere beharrezkotzat jotzen ez duena).

Udalaren ale horretan ordea, «arrantza» hitza ez da ageri, azken batean, behin obrak hasi dituztenean, orain ez daukate garai bateko gezurrezko asmorik saldu beharrik. Oraingoz, proiektuaren zati bat itsas olatuen energia estazioa izango dela diote (hau hasieran ez zen aipatu ere egin), hain justu gure muturren aurrean, hondartza deitu nahi dioten gune desatsegin baten alboan eraiki nahi dutena. Hondartza baten alboan energia estazio bat... horrelakorik bai munduan ez dela ikusi, eta seguraski, Mutrikun salbu, ez da inon ikusi ere egingo!

Gai honen inguruan Mutrikuko Udalak azken bi legegintzaldietan behin eta berriro aipatu izan duena zera izan da: proiektua Udalak bere osotasunean defendatzen zuela. Datorren hauteskundeen ondoren, zorionez, ezingo dute horrelakorik esan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo