GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Eguzki Irratiak emankizun zerrenda berria aurkeztu du

Iruñeko Eguzki irrati libreak emankizun zerrendari buelta pare bat eman dio berriki eta gaien aldetik anitza izateari eta orain arte buru izan diren musika-saioetan estilo ezberdinak eskaintzeari ekin dio. Web-orrian ere aldaketak izango direla iragarri du.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Laster hogeita bost urte beteko ditu Iruñeko Eguzki irrati libreak eta, ospakizunetan sartu aurretik -abenduan du urteurrena-, emankizun zerrendan ekainera arte iraungo duten aldaketak iragarri dituzte.

Hogeita hamaika saio edo programa eskainiko ditu astelehenetik igandera, eta horietatik erdia -hamabost-, Iruñeko estudioan bertan ekoitzitakoak izango dira. Orain artean musikak hartu izan du Eguzkik emititzen zituen irratsaioetan nagusitasuna eta, hori irauli nahian, eduki berriak eta entzule mota guztiei zuzenduak atondu dituzte. Eurek azaldu dutenez, «apurka-apurka estilo anitzetakoa eta kalitatezkoa den musika eman» eta «gai ezberdinak lantzeari» ekin nahi diote.

Ahalegin horren isla da aurkeztu berri duten emankizun zerrenda. Ekoizpen propioei dagokienez, bidaiak, mendia, kultura eta tokiko informazioak landuko dituzten saioak ageri dira, eta haurrentzat eginiko programa bat ere topa daiteke. Musikaren alorrean, klasikoa, elektronikoa eta jazza landuko dituzten saioak ere aurkeztu dituzte. Hizkuntzari ere garrantzia emango dio lantaldeak eta, hartara, programazioaren erdia euskaraz emango dela nabarmendu dute. Hori guztia Eguzki Irratiak berak ekoitziko dituen saioetan, gainerako hamaseiak Arrosa Sareko beste irratietatik hartuko baitituzte.

Emisio orduei dagokienez, lanegunetan 08.00etatik 14.00etara eta 17.30etik 23.00etara eskainiko ditu saioak, eta asteburuetan eguerdian hasi eta goizaldeko hirurak arte zabaldu dute programazioa.

Web orria garatzeko lanetan ere buru-belarri sartua dago lantaldea eta, mementoz, irratia sarean entzuteko aukera eskaintzen du. Etorkizunean erabilpen zabalagoa emateko ideia dute eta, epe laburrean, programazioa bertan ikusteko aukera izango da.

Azkenik, irrati libreko kideek gizarteari dei egin diote, Eguzkiren etorkizuna bermatu ahal izateko: «Laguntzen jarrai dezala eskatzen diogu, irratia mantentzea eta hobetzea posible izan dadin. `Eguzkide' egin daitekeela gogorarazten diogu gizarteari, kuota hori baita etorkizunean jarraituko dugula ziurtatzen digun bakarra».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo