GARA > Idatzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Abertzaleak elkarrekin joanen

Sarkozy gora Sarkozy behera, jo eta ke ari dira Sarkozyren publizitatea egiten, hau baita prentsarentzat, komunikabide ofizialentzat hautagai garbi eta presentablea. Frantziaren irudi berritzailea saltzen duena, nortasun nazionala defenditzen duena. Izan ere, telebista kateek ez baitiote Frantzia anitzari lekurik utzi sekula, aurkezle guziak xiri xuriak izan dira beti. Gizarteak arrazismo hori leporatu die eta itxuraz aldatzen saiatu dira, hobeki iruzurren egiteko. Gehiagorik ez, sistemaren babesean jarduten dute, immobilismoan, interes pribatuen defentsan. Beraz, Sarkozy dugu kate guzietan. Gero, erranen digute lege bat badagoela hautagai guziei antenako ordu kopuru orekatu baten eskaintzeko, eta hori errespe- tatzen dutela. Ez dakigu nork duen hori neurtzen, baina haien neurgailuen konpontzeko eramateko premia dukete, Sarkozyk eskubide gehiago dituzkeela apustu egingo bainuke.

Hau da hautagai presentablea. Ondoren Royal onargarria dute, betiko Frantziaren atxikitze horretan tokia uzten diote, baina ezkerreko hautagai guziak zokoratuak dituzte. Egia da penagarria izan dela ezkerreko indar horiek ez dutela bultzada aski handia egin bateratzeko eta elkarrekin hautagai bakarraren hautatzeko. Ezkerraren poloa ahulduta geldituko da.

Abertzaleontzat panorama aski iluna gelditzen da, Segolenek ez baitu ez departamendurik, ez instituzio berezirik onartzen, justu «Pays» delakoa. Hizkuntza guttituen Europako karta martxan ezarriko duela agindu du, baina hau baldin bada agintzen digun gehiena, zer nolako aplikazioa goaitatu behar dugu sozialistengandik, jakinez haien hitza jan dutela aintzineko urtetan? Esperantza gutti beraz hauteskunde horien aintzinean. Berdeek proposamen interesgarria egin dute, ezkerreko beste hautagaiek ere, baina zer pisu izanen dute sakabanaturik joanez? Ez gaitezke oso optimistak izan, eta gure indarrak soilik beharko ditugu metatu gure interesen aintzinarazteko.

Presidentziarako hauteskundeen ondotik Parlamentukoak helduko dira. Azken finean, erabaki baikorra heldu zaigu. AB, Batasuna eta EA elkarrekin joanen dira. EAJ kanpo geldituko da, ez da harritzekoa beste interesak baititu, herrietako hauteskundeetan berriz ere agertuko direnak. Berdin du, euskaltasunak, abertzaletasunak bere bidearen atxikitzeko, Ipar Euskal Herrian euskal nortasunaren zaintzeko eta proiektuen sortzeko, elkarrekin joatea baino ez dugu beste biderik. Hauteslegoak ez luke bestela ulertuko. Gure erronka hau baita, gure porzentaien igotzea, gure eraginaren azkartzea, gero eta bortitzagoa den bertako eskuin horren aintzinean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo