GARA > Idatzia > Pilota

Bigarren mailako Binakako Txapelketa

Final erakargarria lehiaketa fresko bati amaiera emateko

Retegi Bi-Argote eta Uriarte-Galartza VI.a bikoak txapelaren bila lehiatuko dira pilotari debutatu berrien zapore beti gozoa izango duen finalean

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Retegi Bi-Argote eta Uriarte-Galartza VI.a bikoteek jokatuko dute gaur Iruñean (Labrit pilotalekua, 18.30, Telecinco) bigarren mailako Binakako Txapelketaren final nagusia. Asegarce eta Aspe enpresetako bikote onenak izan dira, hurrenez hurren, eta bien arteko norgehiagoka oso interesgarria izango da, bai aurreko koadroetan, bai eta atzekoetan ere.

Julen Retegik eta Jokin Argotek Bellosoren eta Mendizabal II.aren aurka 22 eta 17 irabazita lortu zuten final nagusirako txartela. Julian handiaren semea egunetik egunera gora egiten ari da, mantso-mantso. Argote gipuzkoarrak, berriz, sekulako maila eman du debutaren urtean, eta estelarrak ere jokatu izan ditu. Gainera, txapelketan jokatu dituzten sei partidetatik bost irabazi dituzte.

Rober Uriarte eta Xabier Galartza, berriz, bi norgehiagoka gutxiago jokatuta iritsi dira gaurko finalera. 22 eta 15 menderatu zituzten Larralde eta Arruti Aspeko finalean, eta aurretik jokatutako ligaxkako hiru neurketak ere irabazi zituzten. Abadiñoko aurrelaria ere oso maila ederra ematen ari da profesionaletako lehendabiziko urtean, eta bikain baliatu du Galartza VI.aren laguntza eskerga; izan ere, atzelari «beteranoa» da. Lemoarrak 27 urte ditu eta 2000. urteko udan egin zuen debuta profesionaletan. Bera da, alde nabarmenarekin, gaurko jokalarien artean profesionaletan esperientzia zabalena duen pilotaria.

Aspaldiko ezagunak

Normala den moduan, profesional mailan nekez aurkituko dugu gaurko partidaren aurrekaririk. Baina horrek ez du esan nahi gaurko lau pilotariek elkarren berri ez dutenik, afizionatu mailan elkarrekin eta elkarren aurka jokatutakoak baitira batzuk, behintzat.

Harremanik bitxiena eta denboran gertukoena Rober Uriarterena eta Jokin Argoterena da. Aspekoak eta Asegarcekoak, bikote osatuz, joan den urtean Mallabiko Biharko Izarrak txapelketa irabazi zuten. Profesional mailan, ordea, ez dute inoiz elkarrekin jokatu, nahiz eta elkarren aurka aritzea noiz edo noiz tokatu izan zaien.

Pilota aukera aurreko asteazkenean egin zuten Labriten, eta pilota nahiko ezberdinak hautatu zituzten bi bikoteek. Retegi Bik eta Argotek Punpako hiru pilota hobetsi zituzten, 104,3-104,4 eta 102,7 gramokoak. Uriarte eta Galartza VI.ak, berriz, Cipriren hiru pilota nahiago izan zituzten, horietako bat larru-bueltakoa (103,6-102,3 eta 104,1 gramokoak). Dirudienez, Aspekoen pilotek frontisetik irteera handixeagoa dute, eta Asegarcekoen bat, behintzat, mugitzen zailagoa izan daiteke.

Jaialdia goi-mailako partida bat jokatuta hasiko da: Xala-Lasa III.a Bengoetxea VI-Zearraren kontra. Binakako txapeldunak finalaren ostean berriz ere gerrikoa janzten duen lehen aldia izango da gaurkoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo