GARA > Idatzia > Kultura

Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna, Zeelanda Berritik Euskal Herrira

Hans Christian Andersenen urtebetetzearen aitzakian, Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna prestatu dute bihar mundu osoan. Azken urteotan bezala, Euskal Herrian ere, Galtzagorri elkarteak bultzatuta, irakurzaletasuna sustatzeko hainbat ekintza egingo dituzte. Alabaina, aurtengo berritasunik handiena, ezbairik gabe, AlhondigaBilbaok prestatu duen egitarau oparoa da. Are gehiago, egitaraua bihar ez, baizik eta gaur bertan hasiko da.

GARA | DONOSTIA

«Sirenatxoa», «Enperadorearen arropa berria», «Ahatetxo itsusia» eta beste hainbat ipuin klasiko idatzi zituen Andersenen urtebetetzea erreferentzia hartuta, Haur Liburuaren Eguna egin zuen lehen aldiz 1965ean gazte libururako nazioarteko elkarteak, ingelesez IBBY akronimoa duenak. Geroztik etenik gabe egin da, gero eta herrialde gehiagotan, gainera.

Herrialde jakin batek hartzen du urtero bere gain idatzi baten eta kartel baten bidez deialdia egiteko ardura. Aurten Zeelanda Berriari egokitu zaio txanda. Iaz Andersen Saria jaso zuen Margaret Mahyk egin du idatzia; kartela, berriz, Zak Waiparak.

Aurtengo deiak Euskal Herrian ere oihartzuna izan du, azken urteotan bezala. Hainbat herritako liburutegi eta liburu-dendetan irakurzaletasuna sustatzeko ekintzak egingo dituzte, hala nola, ipuin kontaketak, lehiaketak eta abar.

Dena dela, berritasunik handiena, ezbairik gabe, AlhondigaBilbaok gaurko eta biharko prestatu duen egitarau oparoa da. Bi egunetan , 10.00etatik aurrera, era guztietako ekintzak antolatu dituzte Bizkaia Plazan ezarritako karpan. Esaterako, gaur goizean «Euskadiko 8 ilustratzaile/Andersenen 8 ipuin» erakusketa estreinatuko dute, Alex Orbe, Ana G. Lartitegui, Belen Lucas, Dani Maiz, Elena Odriozola, Iban Barrenetxea, Iñaki Martiarena eta Lorena Martinez marrazkilariek osatua. Arratsaldean, berriz, 17.15ean, Mariasun Landa, Juan Kruz Igerabide, Kirmen Uribe eta Juan Bas idazleek tailer batean hartuko dute parte. Egitarau zehatza www.alhondigabilbao.com webgunean aurki daiteke.

Bihar, berriz, Tolosa, Zumarraga, Markina-Xemein, Zaldibar, Zornotza, Leitza eta beste herritako liburutegietan ekintzak egingo dituzte, gehienak, Galtzagorriren aholkuei jarraituta, 12.00etan eta 18.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo