GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herri galdeketa antolatu ahal izateko gizarte ekimena jarri du abian Lokarri mugimenduak

GARA |

Urriaren 31 baino lehenago Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretara joateko konpromezua hartu zuen atzo Lokarrik, bi ganbe- rei herri galdeketaren antolaketa ofizialki galdegitearren, Konstituzio espainolaren 29. artikuluak jasotako Eskaera Eskubidean oinarrituta. Galdeketaren xedea «bake prozesua bul- tzatzea» eta «gizartearen jarrera argitzea» da.

Mugimendu horrek, bere lehenengo urtemugaren harira, Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian eman zuen ekimenaren berri. Paul Rios koordinatzaileak galdera zehatzaren gaineko azalpenik ez zuen eman, baina hiru punturen gainekoa izango beharko lukeela esan zuen: «Indarkeriaren amaiera eta giza eskubideen errespetua; elkarrizketaren aldeko apustua arazoak konpontzeko metodo demokratiko gisa; eta bazterketarik gabeko akordio askotarikoa lortzeko beharra, gure elkarbizitza modu baketsu eta demo- kratikoan kudeatzea ahalbidetuko duena». Kontsultaren eskaria sustatzeko, Lokarrik 50.000 herritarren sinadurak bildu nahi ditu, eta parlamentuko taldeen artean ahalik eta babes handiena lortzeko asmoa du.

«Iritsi da unea»

«Ez gaude prest bake prozesuaren behin betiko blokatzea onartzeko, edota okertzen hasi eta dagoeneko atzean utzitako etapetara itzul dadin: indarkeriarena, krispazioarena, tentsioarena eta enfrentamenduarena», agertu zuen mugimendu horrek. Baina besterik ere azaldu zuen: «Iritsi da unea gure gizarteak zuzen eta demokratikoki hitz egin dezan bakerantz eta gure elkarbizitzaren normalizaziorantz joaten lagunduko gaituen irizpideen gainean».

Iazko martxoaren 12an jaio zenetik, egoera politikoa «belztu» egin dela uste du Lokarrik, orduan «bake eta normalizazio prozesu baten atarian baikinen». Baina ez du itxaropenik galdu, «ETAk indarkeriaren amaiera bermatuko duen proposamenik aurkeztu ez duen arren, eta alderdiek adostutako estrategirik finkatu ez duten arren».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo